Europa batuaren eraikuntza eta gizarte demokratiko, justu eta oparoaren ametsa izan dira gure azken 100 urteetako eragile politikoak. Ideia biak sartu dira orain krisi sakonean. Europak eta ezkerrak euren unerik txarrena bizi dute. Inoiz baino ilunago ageri da etorkizuna.
Maiatzaren 25eko hauteskundeak izan dira horren erakusgarri. Kontserbadoreak nagusitu dira. Nabarmena izan da ezker sozialistaren hondamendia Espainian eta Frantzian. Eskuin muturrak eta euroeszeptikoek gora egin dute.
Tony Judt zenak Zerbait doa gaizki lanean zioenez, sozialdemokrazia izan da egungo politika europarraren prosa, herritar gehienak bat baitatoz haren oinarrizko ideiekin. Sozialdemokraziak eraiki du ongizatezko Estatua. Horregatik, Europak sozialdemokraziaren antz handia izan du, harik eta Merkel eta haren lagun kontserbadoreak nagusitu diren arte. Sozialdemokraziak Merkelen preso segitzen badu, ez dauka zer eginik. Premiazko da aldaketa sakon bat.
Krisia ez du ez ezkerrak ez Europak sortu, kontrolik gabeko kapitalismo finantzarioak eragin du. 2007ko krisiaz gero, ilusio izatetik amesgaizto izatera pasatu da Europa. Neoliberalismoa da krisialdi ekonomiko, sozial, instituzional eta politiko larri honen erruduna. Baina ezkerrak ez du krisiari erantzuten jakin. Ez batak ez besteak eskaintzen digute etorkizun itxaropentsurik. Europar herritarrek atxikimendurik ez badiete, haien bien galbidea izango da.
Sami Naïr intelektual frantziarrak Europar desengainua argitaratu berri du (Galaxia Gutenberg, 2014). Liburu arras kritikoa, baina esperantzaz betea ere bai. Europa aurrerapenaren eta ongizatearen lurraldea da, askatasunaren eta giza eskubideen aberria. Europar Batasunak bakea eta solidaritatea proposatu zituen hasieran, baina Maastrichteko Tratatuak eta Euroak egiazko asmoa agertu dute: herritarrak liberalismo fundamentalistaren mendean jartzea.
Europak berdintasun politikoaren, justizia sozialaren eta solidaritatearen baloreak zabaldu ditu mundura. Etengabeko tirabiren artean, eta bere barne deabru propioekin borrokan, elkarbizitzarako gune erakargarria eraikitzeko gai izan da. Orain kritikak baino ez ditu jasotzen. «Eurohaserrea» izugarria da. Gure etxea, hala eta guztiz ere, Europa da. Askatasunaren eta giza eskubideen lurraldea.
Ongizate Estatua da europar zibilizazioak munduari egin dion ekarpen berezienetakoa. Eta ez lioke inola ere eredu sozial aurrerazale horri uko egin behar. Are gutxiago ezkerrak. 1990az gero aplikatu diren politika neoliberalak erabat kaltegarriak izan dira. Europar Batzordeak gehiengoaren nahiaren kontrako neurriak hartu ditu azken aldian. S. Naïrrek «Europa europarra» proposatzen du, «solidaritate, hiritartasun eta interes orokorraren» baloreak daramatzana.
Ezkerra eta eskuina ez dira gauza bera, baina Europan jokaera berdintsua izan dute askotan. Merkatuak izan du lehentasun guztia. Europa liberal eta antisoziala eraiki da, hartara. Europar Batzordeak «austerizidioaren» politika egin du. Ametsa zena desengainu bihurtu dela dio Sami Naïrrek. Austeritate politikak handitu egin du klase sozialen arteko tartea, orain arte gizarte kohesioaren sinboloa izan den Kontinente Zaharrean.
Eskuineko alderdiak nagusi dira nonahi. Egoera ezin kezkagarriagoa da. Garai berrietara egokitzeko egin dituen ahalegin guztiak ez dira nahikoa izan. Azken hogei urteotan, eredu sozialdemokrata indargabetuz joan da neoliberalismoaren eraginez. Tony Blairren Hirugarren bideak bateragarri egin nahi zituen globalizazio neoliberala eta pentsamendu aurrerakoia. Baina huts egin zuen.
Nabarmena da lan munduaren eta sindikatuen ahulezia. Gero eta klase kontzientzia gutxiago dago gaur egun. Ezkerra «lekuz kanpo» dago gaurko mundu global eta artxikapitalistan, eta deseroso sentitzen da. Hori dela eta, desagertzen ari dira haren jarraitzaile eta hautesleak. 2008ko finantza krisiak ezustean harrapatu zuen. Globalizazioaren ekaitzak jota, noraezean ibili da, diskurtso politiko berririk gabe, etsiak jota. Kapitalismo neoliberalari aurre egin ezinik, ahulduta ageri zaigu.
Sozialismo tradizionala gainbehera etorri da. Baina hark botatako erronkak iraun egiten du: merkatuak bakarrik ezin ditu injustiziak konpondu. Justiziaren eta arrazoiaren printzipioetan finkatutako mundu berri baten ametsak iraun egiten du. Ezkerraren helburuak bizirik daude oraindik: askatasunaren, berdintasunaren eta senidetasunaren printzipioek ez dute gaurkotasunik galdu.
Juan Moscoso nafarrak ezkerraren krisiaz gogoeta egin du bere azken liburuan (Zer da ezkertiar izatea gaur egun, Deusto, 2014. Ezkerra eraberritzeko analisi, proiektu, eta irtenbide zaharberrituak proposatzen ditu. Sozialdemokraziaren oinarriak oraingo errealitatera egokitu behar direla uste du. Eta garai berriotarako jarraibideak aipatzen ditu.
«Badira alternatibak eta badira esperantzak», dio Sami Naïrrek. Europar Batasuna berreraiki egin behar dela dio. Kontseilua eta Banku Zentrala kontrolatu eta Parlamentua berrantolatu. Europak liberalismo suntsitzaileari aurre egin eta guztien interesak zaindu behar ditu. Hitz batean, bestelako Europa bat proposatzen digu S. Naïrrek: Europa aurrerazale eta solidarioa.
J. Moscosok, bere aldetik, bestelako ezkerra proposatzen digu: ezker moderno eta eredugarria. Garai berrietara egokitzeko egin dituen ahalegin guztiak ez dira nahikoa izan. Azken hogei urteotan, indarra galduz joan da eskuinaren mesedetan.
Europak eta ezkerrak beren norabidea aldatu beharra daukate. Ez da batere erraza izango, baina ezinezkoa ere ez.
Europa eta ezkerra gainbehera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu