Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Eurasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez, gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako zenbait erresuma txikik munduaren jabetzaren lehiari ekin zioten. Portugalek eta Gaztelak hasieran; Frantziak hurrena; Herbehereek ondoren eta XX. mendearen hastapena arte, Ingalaterrak.
Beste herrialde batzuek Europak adina indar demografiko eta garapen teknologiko bazituzten; aldiz, Europako mendebaldeko herri horiek baino ez zuten amestu inperio planetario batekin. Xede horren atzean eraikuntza ideologiko bat zegoen: XVI. mendean, balizko erlijio unibertsala; XIX.ean, balizko supremazismo intelektual, tekniko, etikoa. Une hartan garatu zen azken muturreraino eurozentrismoa.
XX. mendean, berriz, Europako nazioen arteko talkak bi Mundu Gerra sortu zituen. Orain arte gizakiak egin duen sarraskirik handiena. Europa birrinduta gertatu zen. Gertaera horren ondorioz, Europak, kolonizatuta bizi ziren ehunka herrien pozerako, bere nagusitasuna galdu zuen.
Geroztik, Europako mendebaldea indar berrien menpe geratu da. Duela gutxi arte izan dugun gure ongizate maila herri pobreengandik ostutako lehengaiei esker lortu badugu ere.
Haatik, duela urte batzuk, eredu horrek sabaia jo zuen. Hazkunde Iraunkorra ezinezkoa baita; eta sabaia jotzean, egun agintzen duten estatuek —AEBek, Errusiak eta Txinak— Europari dagokion menpeko eserlekua erakutsi diote.
Erabateko menpekotasuna
Europako jendarte zaharkituek egiturazko krisi larria pairatzen dute: menpekotasun energetikoa, elikagai osasungarrien eskasia, lehengaien falta, industriaren gainbehera, neofaxismoen mehatxua…
Errotik aldatu ezean, egoera hori behin betikotuko da; eta, noski, zaurgarriek, langileriak eta etorkin berriek jasan egin beharko dituzte ondorio latzenak.
Historikoki, gerra izan da bilakaera historikoa bizkortu duen eragile nagusia. Orain ere gerra bat izan da fase geopolitiko berriaren hastapena, Ukrainan. Fase historiko berriaren atakan, AEBek morroitza eskatu zioten Europa Zaharrari, eta gure agintariek amore eman zuten. Trumpen aginte absolutistak areagotu du morroitza.
Begirada alternatiboa
Europak munduari eman eta lapurtu dion guztia ez da txarra. Ekarpen positiboei erreparatu beharko genieke etorkizun hobea lortze aldera. Europak egin ditu saiakera positiboak ere; garrantzitsuena, Giza Eskubideen aldarria. Saiakera zintzoa, Europako begirada mugatutik egin zen arren, ahalegin etiko unibertsal gisa sortu zelako. Gizaki guztiok eta herri guztiok ditugun oinarrizko eskubideen aldeko aldarria.
Gure testuinguru geopolitiko eta historikoan sortutako zenbait oinarriren emaitza dira eskubide hauek. Humanismoa, sozialismoa, kristautasuna, subiranismo anti-inperialista, langile mugimendua, feminismoa, ekologismo iraultzailea… Horiek gabe ezin dira ulertu Giza Eskubideak.
Arestian esan bezala, teknologiaz eta indar demografikoaz gain, ideologia izan zen europar inperialismoa bultzatu zuen indarra. Egin dezagun saiakera berri bat, ideologiaren indarraz. Izan gaitezen Giza Eskubideen aldarrikatzaile sutsuak, utz ditzagun aliantza militar beldurgarriak, bultza dezagun komertzio justua, eraiki benetako demokrazia. Distopiaren aurrean helburu gauzagarriak lortzen dituzten utopiei euts diezaiegun.
Europak etorkizuna ukan dezan menpekotasunaren sorburuei ekin behar die. Erronka handiak ditugu: desmilitarizazioa, desazkundea, kultur aniztasuna ondo kudeatzea, kontsumismo patologikoa etetea, sistema demokratikoak lortzea, ekonomiaren kontrol demokratikoa eskuratzea, nazioarteko bake-politika… Alternatibak egon badaude, baina gidoia zeharo aldatu behar dugu.
Eta Euskal Herrian
Euskal Herrian badakigu zein kaltegarria den gerra. Berrehun urtez pairatu baititugu gerra eta gatazka armatuen ondorioak.
Hemen Europako gaitz guztiak metatzen ditugu larriki. Hortaz, Europaren etorkizuna kinka larrian dagoen honetan, geurea amildegiaren ertzean dago.
Testuinguru geopolitiko honetan erabat arbuiatu behar dugu azkeneko asteetan zenbait enpresaburuk eta Eusko Jaurlaritzak armen ekoizpenaren alde egin duten hautua. Euskal Herria ezin da-eta lerratu katastrofera eraman nahi gaituzten estatu eta multinazionalekin.
XX. mendean, desmilitarizazio prozesuari egin genion ekarpena intsumisioa izan zen; orain, armagintzari uko egitea dagokigu. Hori izan daiteke beste etorkizun posible baten aldeko gure ekarpenetako bat.
Armagintzaren konbertsioa beharrezkoa da, langileen lanpostuak gordeko dituena, sindikatuekin landuta, herri eragileekin koordinatuta. Armen ekoizpena helburu sozialak dituzten bestelako ekoizpenen bitartez ordezka dezakegu, ekoizpen hori ez delako lanpostu asko sortzen duen sektorea. Defentsa gastuak izenak beste zerbait ezkutatzen du: diru publikoa xahutzea, multinazionalen onerako; gerra pairatzen duen herri xumearen aurkakoa eta gastu sozialen kalterako. Armak ekoizteak gerrak bultzatzen ditu; ekoizpen hori etetea bakearen aldeko eta eraldaketaren aldeko jarduna da.