Europa eta euskal bake prozesua

2012ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Joan den astean jaso zuen Europako Batasunak (EB) 2012ko Bakearen Nobel saria. Saria merezi duen edo ez eztabaidagarria den arren, zalantza ezinezkoa da badaudela horren aldeko arrazoiak. Alde batetik, II. Mundu Gerraren ondorengo 60ko hamarkadan, bakea, demokrazia eta elkarbizitza egonkortzea ekarri zuen, hori lortzea ezinezkoa zela zirudien garai batean. Bestalde, EB lagungarri izan da gatazken konponketarako eta ondorengo egonkortzerako, bai bere lurraldearen barruan, bai kanpoan. Horren lekuko dira Georgian egindako ikuskaritza lana, Kosovoko Eulexen, Ekitalde Ertainerako Laukotearen kide izatea, gauzatu dituen 23 operazio militarrak eta zibilak edota Ipar Irlandako bake prozesuan (Peace programa) parte hartu izana. Horrenbestez, XXI. mendeko bake eta segurtasun prozesuetan EB aktore garrantzitsua izan dela esan daiteke. Izan ere, EBko sorrerako Hitzarmenean (3. artikulua) jasotzen da Batasunaren helburua dela bakea, bere balioak eta herrien ongizatea sustatzea.

Hori horrela izanda, batek baino gehiagok bere buruari galdetuko dio zergatik ez duen EBk esku-hartzerik egin euskal gatazkan. Espainiako gobernu ezberdinek hori ekidin dute modu aktiboan. Aznar berak berriki argitaratu duen memoria liburuan esaten duenez, su-etenaren gaia nazioartera zabaltzeko ahaleginak gelditu zituzten, nazioarteko begiraleek presioa egingo ziotelako Espainiari. Antzeko zerbait esan zuen PPko diputatu batek Malmström Europako komisarioarekin bildu eta gero. Penagarriena da EBko ordezkariek mezu bera ematen dutela, Espainia ez haserrarazteagatik. Baina, euskal herritarrak ez gara Europako hiritarrak? Euskal Herria ez da Europako lurraldea? Bi estatu kidetan ez da indarkeria gertaerarik jazo? Nahi dutena adieraziko dute, baina euskal gatazka EB barruko arazoa da; konpontzeke dagoen azken gatazka da.

Urtea joan da Aieteko Konferentzia egin zenetik eta ETAk bere jarduera armatua eteten zuela iragarri zuenetik, eta zalantzarik ez da euskal gizartea egoera hobean dagoela. Euskal gizarteak gogor egin du lan egoera berri honetara heltzeko eta, orain, bakea egonkortu beharra dago. Logikak eta euskal gizartearen gehiengoak agintzen duten bezala eta Aieteko Konferentziaren 2. puntuan jasotzen denez, gatazkaren ondorio teknikoak dira konpondu beharrekoak. Baina Espainiako eta Frantziako agintariak entzungor daude eskaera horren aurrean, eta ez diote daukaten erantzukizunari heltzen.

Espainiako Erreinua ezer aldatu ez balitz bezala jokatzen ari da, antzinako eskemekin: atxiloketak, mehatxuak eta salbuespeneko legediak eta neurriak. Barne Ministroak berriki adierazi du ez daukala ezer negoziatzeko ETA erakundearekin. Adierazpen horiek barregarriak ere badira, honako hauek kontuan hartzen baditugu: 1. Aurreko PPren gobernuak ETArekin negoziatu zuen; 2. Espainiako Gobernuak bere babesa azaldu dio Kolonbiakoari, FARCekin hasi duen elkarrizketa prozesua dela-eta; 3. Europako beste estatu batzuk bezala, Espainiako Atzerri ministroak esan du Hamasekin (EBk erakunde terroristatzat dauka) elkarrizketak dituztela, zeharka bada ere; 4. Espainiak MUJAO erakunde jihadistarekin negoziatu zuen eta erreskatea ere ordaindu zuen, Malin bi kooperante askatzeko.

Gobernuak erantzukizunez jokatzen du gai batzuetan, baina inolaz ere ez dago prest indarkeriaren erabilerari uko egin dion erakunde batekin gai teknikoak negoziatzeko. Baina PP egoera zailean dago, gatazken konponketarako nazioarteko estandarretatik urrun dagoelako eta zenbait presio talde gainean dituelako (horietako batzuk Alderdi Popularrak berak sortutakoak edo bultzatutakoak). Horregatik, epe laburrean zaila da ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak abian jarriko direla sinestea. Baina hori ez da aitzakia beraien inmobilismoan kateatuta jarraitzeko.

Frantziako Errepublika, berriz, gaia bere arazoa ez balitz bezala jokatzen ari da. Euskal Herriko zati bat bere lurraldean dagoela eta herri honetako indarkeria historiaren zati bat Frantziari oso lotua dagoela ukatzen du. Afera honek ez al dio Frantziari eragiten?

Aldeetako batek eragindako blokeo egoera ikusita eta Euskal Herrian ireki den bake agertoki berria egonkortzeko gizarteak adierazten duen borondatea aintzat izanda, Gernikako Akordioko ordezkari batzuk Estrasburgora joan ginen, Europako Batasunari euskal gatazkan esku har zezala eskatzeko. Europako hiritar garen heinean, Nobel saridun eta bake eragile den gisa jokatzeko eskatzen diogu, impasse egoera honetan bere egitekoa funtsezkoa izan daitekeela uste dugulako.

Dena dela, gogoratu beharra dago normalizazioa eta bakegintzan eman diren aurrerapauso guztiak aldebakarrekotasunetik etorri direla. Hala, aldebakarrekotasunaren bidetik etorriko den beste edozein urrats oso garrantzitsua izango da, euskal gizarteak begi onez ikusteaz gainera, agerian utziko duelako antzinako neurriak ez direla eraginkorrak eta aldatu beharra daudela. Euskal Herrian eta Europan bake egonkor egoera bat ezartzeko unea iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.