Europa eta autodeterminazio eskubidea

2015eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Oraindik orain Bruselara egindako bidaian —Nafarroako zona euskaldunean hizkuntza-eskubideak urratzen zirela eta, Osasunbideak arau europarrak ez dituela betetzen ikusirik, Batzordeari neurriak hartzeko eskatzen zion gure 521/2014 Eskabidea onartua, eta gero artxibatua izan zela jakin ostean—, Bernad Daelemans flandriarrarekin harremanetan jarri ginen, International Comission of European Citizens (ICEC) batzordeko bozeramaile eta Vlams Komitee Voor Brussel batzordeko idazkari denarekin.

Gure Eskabidea onargarritzat hartu zuen Eskabide Batzordeak, iritzi baitzion elkarren aurka zeudela Europako Batasuneko arau eta balioak, baina subsidiariotasun printzipioa aplikatuz, soluzioa estatuetan bertan jartzen zuen, justu eskabidea eragin zuten haietan, Nafarroako zonalde euskalduneko herritar europarren oinarrizko eskubideak ukatzen dituzten haietan.

Horrela, Europako Parlamentuak ezartzen zuen eskubide bat zela herritar europar guztientzat entzunak izatea, eta Europako Batasunari esku harraraztea, estatuek arau europarrak betetzen ez dituztenean; hori ia urte bete iraun duen prozedura bihurtu da eta amaieran soluzio edo konponbidea jatorrira itzultzea izan da, subsidiariotasun printzipioa aplikatuta.

Apirilaren 13an mintegi bat egin zuten European Citizen Initiative-n (ECI-day) Bruselan, eta hara joan ziren Europako Batzordeko presidenteordea, Timmermans, Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldeko presidentea, Henri Malosse, Ombudsman Europarra eta Europako Batasuneko beste agintari batzuk. Herritarren Ekimen Europarrari (ECI) esker Europako Batasuneko milioi bat herritarrek zuzenean esku har dezakete EBko politiken aurrerabidean, Europako Batzordeari eskatuz onar dezala legea egiteko proposamen bat.

Aurkeztu diren 51 herritar proposamenetatik —aurkeztu baitira zenbait gaiez, uraren kalitateaz eta animalien bisekzioaz esaterako—, 31 bakarrik onartu dituzte tramiterako, eta horietatik soilik hiruk lortu dute milioi bat firma eskuratzea, zenbait arazo baitaude sinadurak balidatzerakoan; estatu bakoitzak bere prozedurak ezartzen dituelako europar herritar kontzeptua erabakitzeko. Baina arazo nagusia da Europako Batzordeak oztopo asko jartzen dituela tramiterako onartzeko.

ICEC batzordeak sinadura bilketa bat hasi zuen, proposamen bat egiteko, Europako araudiak onar dezan estaturik gabeko herrien autodeterminazio eskubidea. 600.000 sinadura jasoak zituenean Batzordeak agertu du bere iritzia, esanez proposamen horrek aldaketa ekarriko lukeela Europako Batasuneko Itunetan eta hori ezin daitekeela egin ECI baten bitartez (herritarren ekimen europarra), baina hori ez da hala izan Itunak aldatu dituzten beste proposamen batzuekin.

Bernard Daelemans flandriarrak, ICECeko bozeramailea baita, Eskozia, Katalunia, Hego Tirol eta Veneto-ko taldeak ordezkatuz, gogorarazi zien, apirileko ECI day horretan, etengabe gertatzen den jokabidea dela ezezkoa, Europako estaturik gabeko nazioetako herritarren oinarrizko eskubideak urratzeari buruzko eskabide edo ekimenei ezezkoa ematea. Timmermans-ek erantzun zuen Batzordeak begirunea izan behar ziela herri bakoitzeko erakunde demokratikoei eta ez zutela sartu behar haien eskumeneko gauzetan.

Bernard Dalemansek berriro esan zuen haren borondatea gai horietan alde edo aurka ez azaltzea bazen zergatik Eskozia eta Kataluniaren kasuetan Batzordeko presidenteak, Barroso jaunak, publikoki esku hartu zuen erreferendum eskoziarraren eta kontsulta katalanaren atarian, esanez Eskozia eta Kataluniak demokratikoki independentzia aldarrikatzen bazuten ez zutela tokirik izango Europako Batasunean. Timmermansek ez zuen jakin zer erantzun eta zehaztasunik gabe hitz egin zuen.

ICEC erakundeak Europako estaturik gabeko herrien mugimendu sozialak elkartzen ditu eta xede nagusia du Europako Batasuneko markoan autodeterminazio eskubidea askatasunez baliatu ahal izatea. ICECek egintza bateratuak egin nahi ditu estaturik gabeko herriekin, eskubide hori aldarrikatu eta lortzeko. Heldu den abenduaren 9rako antolatua du Biltzar bat autodeterminazioaz Europako Parlamentuan, eta euskal ordezkaritza ere han egotea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.