Etikerren partaideak

Europa, bai; baina zer Europa?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2024ko ekainaren 8a
05:00
Entzun

Ekainaren 9an izango ditugu Europako Parlamentuan ordezkatuko gaituzten eurodiputatuak aukeratzeko hauteskundeak. Zoritxarrez, gisa honetako hauteskundeetan oso parte-hartze apala izan ohi da (azken aldiotan, %40 ingurukoa). Gainera, hauteskunde-kanpaina estatuko edo autonomietako gaietan oinarritu ohi da, eta Europako politika, aldiz, bigarren edo hirugarren tokirako uzten da.

Halaxe da, alderdi politikoak eta hedabideak zeharo polarizatzen dira, hauteskunde hauek aurreko —Kataluniako edo Euskadiko— hauteskundeen bigarren buelta balira bezala, edo PPk edo PSOEk nork irabazi erabakiko balitz bezala, eta, bien bitartean, Europar Batasunaren etorkizuna jokatzen ari gara, gurea, alegia.

Ia 70 urte joan dira Erromako Tratatua sinatu zenetik, eta ia 80 Europaren guraso deituek eta hainbat demokristau europarrek (Schumann, Monnet, Adenauer, De Gásperi... Agirre, Landaburu, edo Irujo euskaldunak ere tartean zirela) etorkizuneko Europar Batasunaren sorkuntza bultzatu eta aldarrikatu zutela. Egiazko profeta haiek ikusten zuten Europako estatuek, banaka hartuta, oso etorkizun eskasa zutela ordurako globalizaziora bideratzen hasita zegoen mundu batean. Haien europar ikuspegia honela laburbiltzen zen: Batasun Federala, Europako Herrietan oinarritua, subsidiariotasun-printzipioa errespetatuz eraikia eta Elizaren gizarte-doktrinan oinarritutako gizarte-eredu aurrerakoia ezarriko zuena. Eta gaur egungo euskaldunen gehiengo handi batek Europar Batasunaren eredu horren miran segitzen du.

Nolanahi ere, 70 urteren ostean, EBren eredu horretatik urruti egoteaz gainera, hodei beltz asko ikusten ditugu, Europar Batasuna bera desagertzeko edo, gutxienez, hasierako bokazioaren guztiz kontrako zerbait bihurtzeko arrisku ukaezinarekin.

Gaur, inoiz baino gehiago, EB indartsu bat behar dugu, munduko beste botereetatik burujabe izango dena. Erronka ekonomikoak, teknologikoak edo ingurumenari dagozkionak mundu mailakoak dira. Europako ezein herrialdek, Alemania edo Frantzia kasurako, oso indartsuak iruditzen bazaizkigu ere, ezin du, bere kabuz, erantzun eraginkorrik eman. EBrekin muga-mugan, Vladimir Putinen basakeriak 300.000 hildako baino gehiago eragin ditu Ukrainan, eta herrialde horren zati handi bat erabat suntsituta geratu da. Eta ez dakigu noraino egin nahi duen aurrera. EBk ez du, defentsa erkide bat sortzeko gai izan ez den neurrian, gure mugak defendatzeko behar adinako indarrik. Eta nola eraiki irtenbide diplomatiko erkide bat baldin eta Europako hainbat herrialdetako lehendakariek edo Kanpo Arazoetako ministroek beren kabuz jarduten badute, beren artean aldez aurretik eta behar bezala koordinatu gabe? Azkenean, barregarri geratzen dira hirugarren herrialdeen aurrean.

Garrantzi handiko beste puntu bat Europan dugun gizarte-ereduarena da. Kritikak egiten dizkiote askok, bistakoa baita hainbat aldaketa eta hobekuntza behar dituela, baina, ba ote da munduan hori baino nahiago genukeen gizarte-eredurik? Euskaldunen batek aldatu nahiko ote luke gure gizarte-eredua Errusian, Txinan, Estatu Batuetan edo Argentinan dutenaren ordez? EBko Giza Eskubideen Gutuna, esate baterako, hemen eskasa iruditzen bazaigu ere, munduko gainerako herrialdeek inbidia dioten eredua da.

Eta zer esan etorkinei egiten zaien harreraz eta, batez ere, haien integrazioaz? Edo, haien jatorrizko herrialdeetan, garapen iraunkorreko proiektuetarako laguntzei buruz? Europa mailako politika erkide batek soilik izan dezake eraginkortasuna, zentzu horretan.

Hain erronka handien aurrean, EB federal batek bakarrik eman dezake erantzun egokia. Europa federal horrek 27 estatu kideen eta horiek osatzen dituzten herrien berezko aniztasuna errespetatu beharko du. Baina, era berean, benetako federazioa izanda. Ezin dezakegu onartu milioi erdi biztanleko herrialde batek 450 milioi biztanleko Europar Batasunaren sistema federalaren eskumenetan sartzen diren funtsezko erabakiak blokeatzea. Hori da, zoritxarrez, gaur askotan bizi duguna, eta horrek EBren funtzionamendu egokia eragozten du.

Asko dugu, beraz, aurrera egiteko, eta geldirik gaude, ez atzera, ez aurrera. Geldi geratuz gero, gerta liteke EB desagertzea, edo lozorro hilgarri batean sartzea. Irtenbideak ez dira errazak, blokeo instituzionala ezar baitezakete EBko herrialde edo alderdi politiko batzuek. Baina EB desagertzea edo haren disfuntzionalitatea hondamendi segurua litzateke Batasuneko kide diren herrialde guzti-guztientzat, egun imajinaezina bazaigu ere.

Europar Batasun federal horren eraikuntzan lan egiteko prest dauden alderdi politikoetako ordezkariak aukeratu behar ditugu, gure premiei erantzuteko gai den EB izan dezagun. Lehentasuna ez du izan behar zer abantaila lor dezakedan nire herriarentzat, baizik eta zer ekarpen egin dezakegun EB indartsu bat eraikitzeko, gure printzipio humanistekin bat datorren eredu sozial, ekonomiko eta politikoa garatuko duena, eta ia 500 milioi biztanleko erakunde baterako gobernantza-sistema eraginkor batez horniturik egongo dena.

Horiek guztiak dira ekainaren 9ko Europako hauteskundeetan jokoan dauden erronkak, alderdi euroeszeptikoak edo antidemokratikoak indartuta ateratzeko arriskua ahaztu gabe. Irtenbidea europarron esku dago, gure esku, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.