Europa, asilo lurraldea?

2016ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Jende samaldak kanpoko mugetan barrena mugitzen aritzea kolokan jartzen ari da Europar Batasuna, ez bakarrik ohiko asilo-sistemaren funtzionamenduari dagokionez, baizik eta baita Europar Batasuna sortzeko printzipioak indarrean egoteari dagokionez ere. Errefuxiatuen krisia deritzana irakinaldi bizian dago eta agerian jarri du, bortizki, Europaren integrazio-proiektuari eusten dioten zutabeekiko atxikimendurik eza, ustekabekoa eta etsigarria.

Orain ispiluan bere buruari begiratzen dionean, Europak ez du islatuta ikusten bake, justizia eta elkartasunaren utopia hura, elkarren segidako zenbait gatazka belikoren ondoren herriak eta nazioak batzeko prozesua hasi zuten buruzagi ameslari haiek abiarazi zutena. Ez ditu islatuta ikusten Argien Mendeko printzipio eta balioak, De Gasperi, Schumann, Monnet, Adenauer bezalako gizon ospetsuek funtsezkotzat jo zituztenak integrazio-proiektuak errail partekatu eta seguruetatik aurrera egin ahal izateko. Aldiz, ikusten du estatu-berekoikeria onartezinak agertu direla berriro, ideal haiek abandonatu direla, lorpen handiak arbuiatu direla, adibidez, Oinarrizko Eskubideen Gutuna edo segurtasun eta askatasuneko eremu komuna. Ikusten du elkartasuna ahaztu egin dela, edo, bestela, mespretxatu, nahiz eta balio hori Europako proiektu komunak berezko izan eta gizakiaren duintasuna defendatzearekin estu lotuta egon (duintasun hori aldarrikatzen da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 1. artikuluan).

Krisi humanitarioari erantzun egokirik ez ematea arras etsigarria da Europa batuaren aldeko guztientzat, eta zalantza sortzen du nazioz gaindiko gure erakundeek gaitasunik ba ote duten erronka izugarri horri aurre egiteko Europaren eraikuntza-proiektua sostengatzen duten printzipio eta balioei uko egin gabe. Izan ere, proiektu horrek elikatzen du geroko belaunaldientzako itxaropena.

EB sortzeko hitzarmenetan berariaz aitortzen da asilo-eskubidea, Genevako 1951ko Hitzarmenean eta New Yorkeko 1967ko Protokoloan adierazitako moduan. Hala ere, eskubide aitorpen horri murrizketa handiak egiten ari zaizkio Espainian nahiz Europako beste herrialde askotan, eta badirudi hori kontrajarri egiten zaiola oinarrizko eskubide horren nazioarteko aitorpenari eta eskubide horri babes osoa emateak berekin dakarren betebeharrari.

Europako Batzordeak berak behin eta berriz adierazi du birkokatze arloan egindako aurrerapenak ez direla gogobetetzeko modukoak, eta estatu kide gehienei aurpegiratzen die, batik bat Espainiari, errefuxiatuak hartzeko lanean hain konpromiso kaskarra izatea. Europar Batasun osoaren emaitza lazgarria da: 1.145 pertsona 2016ko apirilean, hasieran hartzekoak ziren 160.000 pertsonaren aldean, hau da, %0,7 edo, bestela esanda, gertaera bat baino ez.

Haurrak dira exodo jendetsu horien biktimarik ahulenak, UNICEFek ohartarazten du bakarrik zeuden 10.000 ume errefuxiatu eta migratzaile desagertu direla gure mugen barruan, arrastorik utzi gabe, eta kopuru horrek gora egin lezakeela.

Errefuxiatuen krisia ez da krisi humanitarioa bakarrik. Nazioarteko arauak nahitaez bete behar izateaz gain, gogoan izan behar da guztiz indarrean dirautela pertsona guztien bizitzarako, osotasunerako eta duintasunerako oinarrizko eskubideek, eta estatu kideek eta Europako erakundek ezinbestean bete behar dituztela.

Mediterraneo itsasoa heriotzaren eta etsi gaiztoaren ikuskizun makabroa bihurtu da. Hori ikusita, Europa ezin da ezer egin gabe geratu, pertsona horiei laguntzeko eta harrera egiteko ekintza solidarioa burutu behar du. Nabarmendu beharra dago, bidezkoa baita, Grezia eta Italia herrien eta Europa osoko boluntarioen erantzun goresgarria, gure kontinentera heltzen diren errefuxiatu saldoen aurrean.

Gizatasunez jokatu behar da, ahal den guztia egin behar da Europako asilo-sistema, akatsak baditu ere, benetan ezar dadin. Estatu kideek beren elkartasunezko betebeharrak saihesteko ahaleginei utzi behar diete. Ez da onargarria Schengeneko akordioak aldi baterako etetea, ezta ere harresiak eta hesiak jasotzea, kolokan jartzen baitute «Europaren» ideia bera.

Suspergarria eta itxaropentsua da Europako eta Euskadiko gizarte zibilak erakutsi duen kemen demokratikoa, etsita ate-joka datozkigunak beharrezko eskuzabaltasunaz har ditzagun irmo defendatzeko orduan.

Gizarte-pedagogiaren dosi oparo bat lagungarria izango litzateke, gainera, errefuxiatuen kontrako aurreiritziak eta estereotipoak desagerrarazteko, haiek dira-eta fanatismoaren eta intolerantziaren lehenbiziko biktimak.

Arartekoak alarma-oihu hori egin zuen berriki Ombudsmanaren Europako Sarean, Europak eman dezakeen onena eskatzeko. Europar integrazioaren zutabeak astintzen ari den krisi hau aprobetxa dadin eskatzeko, gorantz ateratzeko aukera bat balitz bezala: Europa zabalagorantz, ez Europa estuagorantz. Agerikoa da estatuek, bakoitzak bere aldetik, ezin dituztela konpondu horrelako fenomeno orokorrak: alegia, mugetan barrena datozen pertsonen mugimendu jendetsuak. Europan elkartasuna indartuz soilik erantzun ahal izango zaio krisi honi edonor konbentzitzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.