Euria, arriskuak eta demokrazia

Oier Zeberio eta Iñaki Barcena
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herria eta euria banatu ezin diren bi errealitate dira. Urteko egun ezberdinetan herrixka, herri eta hiriak bustitzen dituen zirimiria edo hodei beltzen fruituak diren euri jasak lur eremu honen esentzia garbiak dira. Fenomeno atmosferiko honek ematen die bizia mendiei, lursailei eta baratzeei, gizakiarentzako eta haren garapenarentzako elementu zentrala bilakatuz. Batzuetan, ordea, hain beharrezkoa den elementu hau giza bizia eta giza jarduera ezabatzeko gaitasuna duen indar suntsigarri bilakatzen da. Errekek eta ibaiek gainezka egiten dutenean, eta naturari lapurtu zaizkion eta eraikinez bete diren lur eremuak urpean geratzen direnean, gizakia babes gabe geratzen da, eta harturiko erabaki okerren fruituak jasotzen hasten da. Hori da euskal geografiako hainbat puntutan bizi den errealitatea.

Lur planetako beste eremu batzuetan gertatzen ez den bezala, izaera erregularra duten gertaera natural suntsigarrietatik ia salbu aurkitzen den eremu batean bizi gara. Arrisku geologikoen kasuan, ez dugu erupzio bolkanikorik sufritzeko aukerarik, ez dugu tsunami baten inpakturik ezagutu eta lurrikarak nahiko sarritan gertatzen diren arren, intentsitate oso txikikoak dira. Ekaitzen kasuan, noizean behin depresio indartsu baten inpaktua jasotzen dugun arren, haien indar suntsigarria ezin daiteke Ameriketako Estatu Batuetako Hegoaldea, Karibea eta Asiako zenbait puntu gaztigatzen dituzten urakanekin alderatu. Tornadoen kasuan, noizean behin kostaldean traganarru batzuk ikusteko aukera dugun arren, ezin ditugu Ameriketako Estatu Batuetako Tornado Alley eremuan ikus daitezken lurreko tornado suntsigarriekin konparatu. Azkenik, noizean behin baso suteak sufritzen ditugun arren, haien indarra mugatua izaten da. Euriteek eragindako uholdeak oso kontuan hartzeko fenomenoak dira, ordea. Urtero errepikatzen dira, eta normalean tokiko ondorio mugatuak (gehienetan materialak) uzten dituzten arren, kasu batzuetan (1983ko abuztuaren 26an bezala) ondorioak dramatikoak dira.

Antropologoek diote prometeismoaren aroaren amaieran gaudela. Hots, Naturaren legeak menderatu edo gobernatu ezin ditugula eta bizitza mundu honetan nahi bezala antolatu ezin dugula jabetzen ari gara. Non-nahi ari gara mugak ikusten, eta krisi sozioekologikoa da horren adibide lazgarria. Egoera horren aurrean indar handia ari da hartzen teknolatria, hau da, edozein arazo ekologiko, energetiko edo sozialen aurrean gizakiok erantzun eta soluziobide teknologikoak bilatuko ditugulako sinesmena. Eta uraren zikloarekin berdina gertatzen da. Uraren dinamikak kontrolatzeko eta uraren eskasiari zein demasiari aurre egiteko gauza izango garela sinisten dugu harrotasunez. Aldiz, asko dira ere, zientzialari zein eragile soziopolitikoak, aurkako jarrera agertu dutenak. Inor gutxik defendatzen du gaur egun berotze globala ez dela gizateriak sorturiko fenomenoa, adibidez. Erregai fosilen erreketagatik eta lurraren erabilera okerragatik sortu dugu.

Zentzu berean, uholde prozesu ziklikoek zerikusi osoa dute porlanezko Euskal Herriarekin. Aste hauetan Gobelan, Argan, Orian, Ebron edo Zadorran urak gainezka ikusi ditugu, eraikitako urtegi eta kanalei kasu gutxi eginez. Urbanizazio prozesuarekin, zentro komertzialen ugaritzearekin, eremu industrialen biderketarekin eta bestelako inbasioekin, erreka eta ibaiei padurak eta uriola eremuak lapurtu dizkiegu, eta eraso horren ordaina etengabe ari gara pairatzen, irakasgairik ikasi gabe, antza denez. Eragile instituzional eta ekonomiko nagusiek azpiegitura berriak gure eredu ekonomikoaren hazkunderako ezinbestekoak deritzotenez, uholdeek ekarritako kalteak gaitz erdi. Hori da Euskal Herrian praktikatzen den politika. Uholdeei ere irtenbide teknikoak emango dizkiegula pentsatzen jarraitzen dugu, baina Amalurra zaharra eta jakintsua da, eta guk jarritako oztopoak erraz gainditzen ditu.

Aldaketa klimatikoaren eraginez, uholde arriskua handitu egingo da etorkizunean. Iraganean hirigintzan egin ziren akatsak errepikatzen badira, arriskua are eta handiagoa izango da, geroz eta pertsona gehiago egongo dira-eta egoera zaurgarrian. Hori kontuan harturik, beharrezkoa da larrialdi edo krisi egoera bat eman, baina lehen arriskuan aurkitzen den biztanleriak arriskuaren gaineko informazio osoa edukitzea, hura konprenitzea eta larrialdi egoeretan erantzuteko trebatuta egotea. Eta horretarako, beharrezkoa da herritarren parte hartzean eta komunitate-garapenean oinarrituriko dinamikak indarrean jartzea.

Larrialdi edo krisi erreal batean arriskuan dauden pertsonek egoera ebaluatzeko eta hura konprenituz ekiteko gaitasuna edukitzeko beharrezkoa da arrisku eremuen, horiek uholdeak jasateko duten aukeren eta haien aurrean kolektiboki erantzuteko aukeren eta moduen gaineko ezagutza publikoa garatzea. Horretarako, udal mailako lanketa egin behar da, gaian adituak eta arituak diren pertsonek dinamizaturiko bilerak antolatuz, eta herritarren parte hartze aktiboa bultzatuz. Bilera horietan uholde arriskuaren gaineko informazioa emateaz gain, arriskuaren gaineko lanketa egin beharko litzateke talde dinamika ezberdinen bidez, horren gaineko ezagutza kolektiboki modu egoki eta eraginkorrean barneratzeko. Horrez gain, prozesuan zehar sortzen diren galderen lanketa kolektiboa ere egin beharko litzateke, aditu eta arituen laguntza eta aholkularitzarekin. Bilera horien maiztasuna arrisku mailarekiko proportzionala izan beharko litzateke, eta modu eraginkor baina jarraituan gauzatzeko beharrezkoak diren errekurtso ekonomikoak izendatu beharko lirateke.

Dauden eta datozen arriskuen aurrean batu eta demokratikoki erantzutea dugu irtenbide bakarra, hori bai, Amalurraren zikloak errespetatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.