Etxerik gabeko animalientzat, geu Olentzero!

2014ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Baliteke lerro hauek irakurtzen hasten direnen artean norbaitek Eguberri hauetan animaliaren bat erostea buruan izatea. Espero dut behin testua irakurrita, bitan edo hirutan pentsatzea erabakiko duela… eta askoz hobeto ideia burutik kenduta balu!

Estatistiken arabera, iazko Eguberrietan milioi laurdenetik gora animalia erosi genituen Estatu mailan, gehienetan era konpultsiboan. Jokabide horrek dakartzan ondorioak, biktima zuzenentzat zein ingurumenerako, oso ezezagunak dira oraindik ere iritzi publikoarentzat. Ingurumenari dagokionez, kontuan hartu behar dira batez ere espezie exotikoak (baita aloktonoak deituak ere); hau da, bertako kide naturalak ez direnak. Praktikan, aipatu animaliak izan litezke narrastiak, karraskariak, anfibioak edota intsektuak, besteak beste. Merkatu guztiek bezalaxe, espezie exotikoenak animaliak salgai elementu huts gisa hartzen ditu, eta horrexegatik ez ditu haien beharrak aintzat hartuko: eszenatoki osoaren zati bat hiltzeak ez dio axola, azkenengo kontuak ateratzen baldin badira. Beraz, ez dezagun geure burua engainatu: erakusleihoetan ageri diren igelak, urtxintxak edo muskerrak espoliazio biologiko larri baten atal minimo bat besterik ez dira. Gainerakoak hil egin ziren harrapatze, kaiolaratze eta garraiatze baldintzak jasan ezin zituztelako. Hori bezain xinplea; hori bezain ikaragarria.

Behin etxean, sarritan erosleari hasierako ilusioa desagertzen joango zaio apurka-apurka, eta bere gonbidatuari geroz eta arreta gutxiago emango dio. Lehen momentuan lagun eta senideentzat ikuskizun erakargarria izan zena, egoera aspergarri eta errepikakor bilakatuko da. Izan ere, animalien gehiengo zabala zaborretara botatzen dituzte azkenean, beharbada oraindik bizirik daudela. Bestetan jabeek askatu egiten dituzte—ondo beharrez, horren gainean zalantza gutxi— inguruko guneetan, une horretarik administrazioak inbaditzaile etiketa itsusia jarrita diola jakin barik. Imajina dezakegu animalia errugabe horien etorkizuna zein izango den… Kontu honen harira, komeni da gogoratzea euskal udal guztiak daudela legeak behartuta hiru hilabetero txostenak eskatzera animaliak erosi eta saltzen dituzten dendei. Legediaren arabera, txosten horietan honako datuok agertu behar dira: sarrerak, irteerak, animalien iturria, espeziea eta eroslearen identifikazioa (6/1993 Animalien Babeserako Euskal Legea, 21. Artikulua). Hori guztia beteko balitz, arazoa kudeatzeko tresna eraginkorragoa edukiko genuke eskutan. Baina ATEAn ez dugu aipaturiko artikulua behar bezala betetzen duen euskal udal bat ere ezagutzen. Horrela izanik, ba al du tokiko administrazioak [inolako errurik ez duten] animaliak akabatzeko eskubide moralik? Edota arazoari aurre egiteko jardunaldi dotoretsuak antolatzekorik? Norberak bere buruari erantzuna eman diezaiola.

Konpainia animalien kasuan, azpimarratu beharra dago benetan izen hori txakurrek eta katuek merezi dutela, bataren zein bestearen historia genealogikoan zehar naturan txoko ekologikoa galdu zutelako (esan liteke gizakiok galarazi diegula). Baina, horretaz gain, katuak eta txakurrak gure lagunak direlako, edo behintzat lagun mintzat hartu beharko genituzkeelako betiere. Eta guztiok jakin badakigu lagunak ez direla salgai! Giza lagun berri bat lortu nahi izanez gero, hura irabazten saiatzen gara, konfiantza emanez eta harengandik gauza bera eskatuz. Adiskidetasuna elkarrekiko estimuan oinarritzen den jokoa baitugu. Ala ez?

Animalia izanik, adoptatzea da aukerarik onena, argi eta garbi. Asko dira Babes Zentroetan gure zain daude, eta mesede handia egingo diegu bigarren (edo enegarren) aukera emanez gero. Azken batean, esan genezake hemen ere elkarri ematen diogun mesedea dela! Txakurrekin bizi den orok ondotxo daki: haiek ez daukate tolesik, eta azkar ikasten dute jasotakoa eskertzen. Zakurtegiak (izen zatarra, gero!) lagunez gainezka ditugun bitartean, lagunak erosteak ez du zentzu logikorik, ezta etikorik ere!

Esanak esan, ATEA elkartetik hiru oinarrizko hausnarketa eskaintze dizkizuegu:

1- Onar ditzagun benetako konpainiako (familiako) animaliak gisa txoko naturalik ez dutenak soilik: hau da, txakurrak eta katuak. Bestelakoei dagokien lekuetan bizitzen jarraitzen utzi behar diegu, geuk horixe bera nahi genukeen era berean.

2- Animalia batekin bizitzea erabakiz gero, ez dezagun haren truke ezer ordaindu, horrek kontsumo gai huts bihurtzen baitu.

3- Handitu dezagun familia Eguberri hauetan lagun iletsu bat etxera ekarriz. Opari ederra izango baita harentzat merezi duen bigarren aukera bat ematea.

Etxerik gabeko animalientzat, geu Olentzero!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.