Itziar Aizpurua Egaña.

Etxekoei

2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Egia da gudari guztiak egiten zaizkidala maitagarriak, nola ez! Baina etxekoek berea izango dute maiteena, eta, hori da niri ere gertatzen zaidana. Bestalde, militantziak badu non aukeratua, hirurogei urteko borroka zintzo bezain latzak era guztietako militantzia utzi baitigu, nor baino nor ederrago. Lorez beterik daukagu Euskal Herriaren baratza galanta, usain goxoz inguratua, maitasunaren ispilu dena. Hor daude gure kuttunak, zilbor hestetik loturik bailiran legez, ez baitugu bizitza ulertzen haiek gabe.

Hil hau nahiko mingarria egiten zaitJokin ondotik joan zenetik. Gudari Eguna debekatu badigu etsaiak, ez daki ondo zer egin duen, gero eta omenaldi gehiago egiten baitira Euskal Herriko lurralde osoan. Azkenean, ez dugu jakingo etxera noiz sartu behar dugun horrenbeste besarkada, musu, ongi etorri, zer moduz, osasuna goraipamen, maitasuna dariolako enkontru eta omenaldietan.

Omenaldi hauek guztiak beharrezko dira. Zalantzarik gabe! Bat, eta lehena:merezi dutelako. Eta horregatik ezin dira geratu etxeko apal batean jarrita dagoenargazkian soilik, ezkutuan, baztertutabaleude bezala. Etxekoengatik ere egingo zuten lan, noski, baina borrokan jardun zuten etengabe, hil arte, emakume eta gizon libreak biziko diren Herria askatzen, ondorengoek denen artean eraiki dezaten. Eta, bi: behartuak gaude hurrengo belaunaldiei altxor hau helarazten, gure historiaren oinarria izanik, zama baino laguntza izango zaielako independentzia osorako bidean.

Hala eta guztiz, garbi daukat izandakoarekin ezin dela soilik aurrera egin. Ederra eta nahi beste izenondok ez dute sortzen, berez, biderako grina, ezta etorkizuna argitzen ilargiaren argiz, edota argiaren lehen izpiaren izen politez. Beste elikagaiz osatu beharko dute gaurko gazteek, hurrengo belaunaldiko gudariak izango baitira, eta lehengoek arduraz jaso bazuten aurrekoen herentzia, horixe da dagokiena, guztioi dagokiguna: belaunaldiz belaunaldi norbere arrastoa utzi Euskal Herriaren eraikuntzan. Izan ere, Herri Librea izateko ezinbesteko dugu eskuzabaltasunez eta ausardiaz bidea ekinez aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.