Etxebizitzaren auzia aspalditik datorren egiturazko arazo bat da. Giza eskubidea izan behar lukeena gehienez ere eskubide subjektiboa baino ez da. Iruzurra dela diot, instituzio eta alderdi politiko guztiek hitz politak esan arren ez diotelako muinari heltzen. Egun, enpresa eraikitzaileek eta lurzoruen jabeek ezartzen dute etxebizitza politika, negozioa egiteko duten eskubidean oinarrituz. Instituzio guztiek su eta gar defendatzen dute eskubide hori, norbaitek etxebizitza bat izateko duen eskubidearen aurretik, hura objektiboa baita eta hau subjektiboa. Horregatik, egoeraren ardura dutenengandik iristen zaigun hainbat gezur argitu nahi dut.
Ez da egia etxebizitza gehiago eraiki behar dela herritarren premia asetzeko. Azken urteetan milaka etxebizitza eraiki badira ere, ez da arazoa konpondu. Areago, politikariak enkante batean bezala nork etxebizitza gehiagoka aritzen dira ahobero, herrian dagoen benetako beharra zein den jakin gabe. Udalek ez dakite etxebizitza baten behar objektiboa (honetaz luze eztabaida daiteke) duten pertsonak zenbat diren eta horien ezaugarriak zein diren, ez baitute inolako erroldarik egiten.
Ez da egia babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzeak arazoa konponduko duela. Duela hogei urte baino gehiago hasi zuten bide hori eta egun berdin gaude, edo okerrago, etxebizitza horietako asko libre bihurtu dituztelako. Gainera, etxebizitza horien kopurua eraikitzaileek ezartzen dute ia beti legeak dioen gutxienekotik gertu eta Udalak oro har ez dira gehiena eraiki dezatela eskatzera ausartzen. Eta larriena, etxebizitza baten benetako premia duten pertsonak maiz ez dira eskatzen den gutxieneko soldatara iristen, eta aukerarik gabe geratzen dira.
Ez da egia etxebizitza libre gehiago eraikitzeak arazoa konponduko duela. Izan ere, behar gehien dutenek ezin dute salmenta libreko prezioa ordaindu. Etxebizitza horiek, oro har, espekulatzaileek edo etxebizitza duten pertsonek erosten dituzte, hain prezio altua ordainduta, berena ahalik eta garestien saldu behar baitute, eta etxebizitzen merkatua garestitzen dute hala. Bestalde, ez da kontrolatzen nork eta zertarako erosten duen etxebizitza bat.
Ez da egia etxebizitzari buruzko lehengo eta oraingo lege berriek arazoa konponduko dutela. 1998ko Lurzoruaren legeak udalei etxebizitza sozialak eraikitzeko aurrekontuetatik diru kopuru bat hartzea agintzen dien arren, kasu gehienetan udalek muzin egin diote legeari, eta egun ez dakigu zein udalek bete duen legea eta zenbat etxebizitza eraiki duten diru horrekin. Bestalde, azken legea onartu denetik etxebizitzen alokairuak igotzen jarraitu du, nahiz eta aldeko politikariek legearen onuren dominez paparra bete.
Legeek eta instituzioek jabeen eta eraikitzaileen eskubidea babesten dute beti. Gehienez, zenbait pertsonari arazoa arintzen diote, baina bazterrean uzten dira benetako premia eta eskubidea, espekulatzaileen mesederako. Jakina, instituzio guztiek bere zatitxoa ateratzen dute espekulaziotik. Horrela ez da etxebizitzaren auzia konponduko.