Etxebizitzaren benetako arazoa ez da etxebizitzen falta, etxebizitza bizitzeko eta eskubidea izan beharrean, negozioa egiteko produktu bihurtzea baizik. Egun, sistema kapitalista honek enpresa eraikitzaileek eta lur-jabeek etxebizitzekin espekulatzeko duten eskubidea babesten du, baita turista batek hainbat egunez etxebizitza batez gozatzeko eskubidea ere, pertsonek etxebizitza batean bizitzeko duten eskubidearen aurretik. Hor dago muina eta horri ez eskuinetik ez ezkerretik ez diote heltzen. Adabakiak jarri besterik ez dute egiten, esaterako, enpresa eraikitzaileei lurzorua merke saltzen diete, etxebizitza zozketatzen dute edota alokairu merkean jar dezaten etxebizitzen jabeei dirua ematen diete. Baina horrek, espekulazioari atea itxi ordez, arazoa areagotzen du, espekulatzaileen interesak defendatzen dituelako, premia larria dutenen kalterako.
Hala ere, arazoa benetan konpontzeko asmoz, bidean badira etxebizitzaren gaiari behar bezala heltzeko har daitezkeen neurriak, ausartak izanez gero.
Hasteko, etxebizitzaren funtzioa pertsonei bizitzeko toki egoki bat ematea bada eta pertsonek etxebizitza bat izateko eskubidea badute, ondare sozial izendatzea litzateke egokiena, haren funtzioa babestuz; horrek etxebizitza horretan bizitzeko helbururik ez duen pertsonari, elkarteari edo funts putreei hura erostea debekatzea ekarri beharko luke, orain dela gutxi Herbehereetan onartu duten bezala, argi eta garbi esanez ezin dela etxebizitza bat erosi bertan bizitzeko ez bada.
Herrietan dagoen benetako premia jakiteko beste neurri bat udalek Etxebizitza Patronatua edo antzeko zerbait sortzea litzateke. Patronatu horren eginkizuna, besteak beste, etxebizitza baten behar objektiboa duten herriko biztanleen errolda bat egitea litzateke. Bertan, eskatzailearen egoera orokorra eta nolako etxebizitza beharko lukeen azalduko lirateke. Horrela, geure herrian dagoen benetako beharra ezagutuko genuke. Gainera, kasu guztiak ezagututa, etxebizitza gehiago eraiki behar den eta zer-nolako etxebizitza eraiki behar den jakingo genuke.
Aldi berean, patronatu horrek herrian dauden etxebizitza hutsen kudeaketa ere eraman lezake. Halaber, etxebizitza zaharberritzeko behar den diru-laguntza ere kudea lezake. Arlo honetan askoz diru gehiago inbertituko balitz, etxebizitza berriak eraiki beharrean, zaharrak egoera onean uzteak inguruan ditugun eremu naturalak zementuz betetzea ekidingo luke.
Bestalde, askotan entzun dugu halako obra erraldoi bat egiteko (trenbideak, errepideak, museoak...) herritarrei eta herriei beren lurrak desjabetzen dizkietela interes orokorraren izenean. Hemen ere horixe egin liteke. Etxebizitza benetako premiatzat eta eskubidetzat hartzen bada, zergatik ez desjabetu etxe hutsak edota espekulatzeko erabiltzen diren etxebizitzak, eta alokairu sozialean jarri?
Aipatutako neurrien antzekoek, eta beste batzuek, instituzioak etxebizitza politika kontrolatzera eta gaian behar bezala jardutera eramango lituzke, espekulazioari atea itxiz, etxebizitza ezin baita negozio produktu bat izan, orain arte bezala.