Joan den azaroaren 20an Baionan izan zen etxebizitzaren aldeko manifestaldiaren haritik, hainbat ikuspuntu agertu dira egunotan euskal prentsan. Eztabaidarekin segitzeko gogoa pizturik, hona egoeraren azterketa orokorra egiten laguntzea helburu duen gure ekarpena.
Etsai komunak aurkitu izana hau da, dinamika sozial eta politikoetan dabiltzan egituraketa ezberdinak helburu baten inguruan batu izana goretsi izan da. Baieztapen horrek, ordea, zer itzulpen du errealitatean? Nor ote da lurrak eta etxeak erosle aberatsei saltzen dizkien jendea, ez bada hemengo jendea? Jabetza pribatuaren izatean, espekulazioaren onarpenean oinarritutako balore-sistema batean sinesten duen jendea. Balore horiek etsai komuntzat joko bagenitu, Baionako manifestaldiko zenbatek ez luke bere burua bertan ikusiko?
Hondamendia dator gurera, Ipar Euskal Herrira, etxebizitzen merkatuak horrela segituz gero. Baina higiezinen merkatua turismoaren merkatutik bereizi ahal ote da? Turismoaren ondorio kaltegarriez inguraturik bizi gara: sasoiko lanpostu prekarioen hedatzea, etxebizitzen prezioen gorakada, hiri-kaskoen gentrifikazioa, lurraldearen porlaneztatzea, laborantzaren txikitzea, uraren xahutzea eta kutsatzea, abiadura handiko trenaren eta beste garraio-azpiegituren zabaltzea, eta abar. Turismoak hortz zorrotzez ausiki du euskal jendartea, hau sekula baino ahulago dagoelarik. Turismoa Lapurdi kostaldeko lurralde zedarritutik harago doa gaur, eremu geografikoz nahiz sozialaz. Orain arte minbizitzat jotzen zena askok defendatzen dute gaur. Turismoa etsai komuntzat joko bagenu, Baionako manifestaldiko egitura partaideetan zenbatek ez luke segituko?
Eta zer erran turismoak euskal kulturan duen eraginaz? Areago, puntako teknologiak harturik dagoen sistema sozial globalizatuan? Gaur, antropologikoki ikusirik, Euskal Herria aldatzen ari da, kultura berria onarturik. Haien baitarako begiratu partez, Euskal Herriko jarduera kultural eta sozial asko kanpoko behakoen onetsiari egokitzen ikasten ari dira. Adibidetzat har genezake mendiko eremuaren erabilera, laborari-artzainek eta mendizale edota turistek partekatzen dutena. Udan gero eta sarriago gertatzen dira elkarbizitza arazoak. Nola interpreta daiteke «gure lurraldeaz pedagogia egin behar dugu» ordezkari instituzional baten oharra? Pedagogiaz ez badut ideia handirik ere, hitzek erranahia dutela jakin, badakit. Udako pasaiako kanpotarrak «turistak» ez, baina «bisitariak» deitu behar direla irakurtzea okaztagarria bezain arranguragarria zait. Sinpleki, gure gaintasunerako tresnak baztertzea eta dependentzia egoerari usatzea eskatzen zaigulako.
Etxebizitzen, lanaren ala herrien geroaren auzia ez da atzokoa. Gaur bideratua den bezala, etxebizitzen gaia hiriguneko biztanleriaren arazoa baizik ez da. Zer egin egoitza bai, aldiz lanik ez bada, hala nola hirigunetik urrunagoko eremuetan gertatzen den bezala? Etxebizitzaren eta lanaren aldarrikapenak batera joan behar dira. Badakigu ez kolonoek ez jauntxoek ala haien zerbitzura dauden instituzioek ez dutela ezer eginen ekonomikoa den etxebizitzaren arazoa konpontzeko. Okupazioa, desobedientzia, ekintza zuzena, baiki aukera bat dira. Haatik, legez kanpokoak izanki, batasunerako mentura gutxi eskaintzen dute. Horiek horrela, haizeak eramanen dituen diskurtso antagonikoen airatzeko partez, praktika sozial antagonikoen gauzatzea ez ote da hobe izanen?
Etxebizitzaren arazoaren giltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu