Euskara irakaslea

Etxebizitza turistikoen aurkako alegatua

2024ko irailaren 18a
05:00
Entzun

Kaletik noa, eta han eta hemen ikusten ditut: lantoki ondoan bat dagoela sumatu dut aspaldidanik. Nire herriko tokirik exotikoenetan, auzorik ilunenetan, edozein bazterretan. Antza, gelditzerik ez duen izurria da, apika erremediorik gabea, nahiz eta autoritate eta agintariek neurri egokiak har ditzaketen, ez arazoa errotik eta betiko konpontzeko, baina bai, bederen, efekturik latzenak arintzeko. Etxebizitza turistikoez ari naiz, jakina.

Berriki jakin dut Alacanteko enpresa batek etxebizitza turistikoz josi nahi duela Suez Environnement frantziar enpresak Ibarrekolandan zuen egoitza. Berriz ere, inor erabiltzen ari ez zen eraikin batean pisu turistiko mordoa instalatu nahi dituzte, bere baitan alokairu sozialeko etxebizitzak ipintzeko birgaitu beharrean. Biharamunean, egunkari bereko atal bertsuan, honako titulua irakurri nuen: «Euskadiko batez besteko alokairua 880 eurokoa da, eta horrek emantzipazioa zailtzen du». Bi notizia elkarrekin askoz ere hobeki ulertzen dira.

Gazteok gurasoen etxetik at bizi nahi dugu, hala intimitatea, espazio pertsonala eta ongizate psikologiko handiagoa lortuko dugulako esperantzan; badugu horratio gure nahia (eta beharra) asetzeko bidean baragarri itzela: alokairuen prezioaren etengabeko gorakada. Hainbat dira igoera handi hori eragiten duten faktoreak, baina, ezbairik gabe, ni pertsonalki gehien kezkatzen nauena etxebizitza turistikoen boom-a da.

Turistentzako hainbeste pisu eta etxe sortzeak kalte izugarriak eragin dizkigu etxebizitza bat edukitzeko beharra dugunoi. Alogereko espazioen kopuruak behera egiten du klase horretako etxebizitza bat sortzen den aldi bakoitzean eta, ondorioz, bizilekuen eskaintza murrizten da. Horrek, aldi berean, geratzen diren alokairuko pisuen prezioen berealdiko gorakada dakar, hain eskari handia egonda hain bizitoki gutxirako, etxeen jabeek (baina batik bat putre-funtsek, banku-entitateek eta higiezin ugari dituzten partikularrek) egoera profitatzen baitute etekin ekonomikoa lortzeko. Lehen mailako beharrekin negozioa egiteko beste era bat. Bill Clintonen esaldi sonatua parafraseatuta, «ekonomia da, inozo hori!». Kasu honetan, ekonomia baino, merkatua.

Zer egin daiteke? Hartu litezkeen neurrien zerrenda ez da makala: pisu turistikoen lizentzia mugatuen sistema, erabilera hori duten etxebizitzen kopurua murrizteko; zerga bereziak, disuasio-metodo gisa; pisuak ohiko bizitoki bezala alokatzeko pizgarri ekonomikoak; alokairuen prezioa arrazoizkoa izatea ahalbidetzeko programak, gehienbat jabeekiko akordioen bitartez; isun txit gogorrak ezarri, behar den lizentzia gabe pisu edo etxe bat xede horrekin errentan ematen bada... Ezin uka daiteke administrazioek badutela inplementatzeko politiken gama zabala.

Baina ezer gutxi egiten dute (interesak dira, inozo hori!). Etengabe entzuten dut nola prometatzen duten gobernatzaileek babes ofizialeko eta erabilera sozialeko etxebizitza gehiago eraiki eta sortuko dituztela, egungo etxebizitza-parkearen osagarri gisa. Nola, nahiz eta Etxebizitzaren Lege bat indarrean sartu den, bertan ez dagoen pisu turistikoen inguruko erreferentzia ttipirik ere. Eta nola geratu behar dugun gurasoen etxean, zigortuta bezala, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino apur bat gehiago kobratzen dugun gazteok. Baina okerrena dudarik gabe, gure hipokrisia da: gurean kexuka gabiltza egunero, etxe turistikoen kontua dela eta; turista gisa kanpora joaten garenean, baina, Airbnb-n aurkitzen dugun pisu bat errentatzen dugu. Gizaki bezala ez dugu erremediorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.