Tasio Erkizia.
Ezker abertzaleko militantea

Etxebizitza negozioa denean

2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

Etxebizitza negozio iturri denean, gaizki gabiltza. Norabide okerrean goaz. Eta arazoak larritasun berezia du gaurko Euskal Herrian. «Pertsona erdigunean» jartzen duen gizarte eredua maiz aipatzen den goiburua da, baina, alderdi politiko, sindikatu zein instituzioek sarritan goraipatu arren, praktikatik oso urrun dagoen xedea da. Ezen, gaurko gizartean, «erdigunea» ez dute pertsonek betetzen, merkatuaren lege kapitalistak baizik. Hiriak eta herriak ez dira pertsonaren interesen arabera antolatzen, merkatuaren interesen neurrira baizik. Hori gertatzen da gauza gehienetan, eta oso nabarmen, gaur aipatu nahi dudan etxebizitza gaiari dagokionez.

Etxebizitza oinarrizko beharrizana da. Pertsona guztiok aterpea behar dugu bizi ahal izateko. Eguneroko janaria bezala, une oro behar dugun zerbait da. Ez da norbanakoen kapritxoa, utzi edo hartu dezakegun ondasuna, oinarrizko beharrizana baizik. Eta horrela goraipatzen da, adibidez Gasteizko Parlamentuak onartutako lege proposamenean, zeinean aitortzen zaigun herritar guztiei etxebizitza eskura izateko «eskubide subjektiboa». Baina gero, zertan zehazten da eskubide hori, instituzio horiek merkatu kapitalistaren esku uzten badute bere garapena? Hutsaren hurrengo ondorioa du.

Eta hor kokatzen da gaur-gaurkoz euskal gizarteak duen arazo larrienetariko bat. Arazo konplexua. Arazo estrukturala. Kapitalismoaren muina ukitzen duena: propietate pribatua eta negozioa vs pertsona. Batzuentzat negozio espekulatzailea bada, gehiengoarentzat gainkarga da. Batzuek dirua metatzeko modu gisara erabiltzen badute, gehienentzat miseria eta kale gorria da. Beraz, ondorio argia du: oinarrizko eskubidea dena ezin daiteke espekulazioa bihurtu. Ez dago erdibiderik.

Hiritar guztientzat lehen etxebizitzaren eskubidea bermatzea instituzio publikoen eginkizuna da. Herritar bakoitzak bizi duen arazoa da, baina soilik zerbitzu publikoaren laguntzaz bideratu daitekeena. Eta zoritxarrez, azken urteetan erakunde publikoen aldetik utzikeria izugarria pairatu duen esparrua izanik, eraldaketa sakona behar duena da. Udaletxe, Diputazio eta Gobernuek elkarrekin plangintza serio eta zabala egin behar dute: lehenik, «etxegabetzeak stop» printzipioa tinko defendatuz; ondoren, hutsik dauden etxeak bereganatu eta alokairu onargarrian eskainiz (kobratzen dugun soldataren herena hartuz erreferentzia); nahi ez dutenei presio fiskala gehituz; behar badira etxebizitza sozialak eraikiz; hiri eta herriak «gune tentsionatu» gisa deklaratuz alokairuko prezioak legez kontrolatu ahal izateko; eta oro ohar, neurri legalak eta politikoak hartuz lehen bizitegia espekulaziotik babesteko.

Iparraldeko erakunde publikoa, Euskal Hirigune elkargoa alegia, berriki sortua izan arren, hasia da etxebizitza turistikoen ugaltzea mugatu nahirik, neurriak hartzen. Besteak beste, hutsik dauden etxebizitzari zerga bereziak jarriz edo turismo alorrean neurri eraldatzaileak hartuz. Ikusirik 2016tik aurrera egonaldi laburretarako alokatzen diren lokalak %139 igo direla, joan zen martxoan argitaratu zuen «konpentsazio araua» delakoa. Neurri horrekin hutsik diren hainbat etxebizitza urte osoko alokairura itzultzea lortu nahi dute. Beraien ustez 11.000 bizitegi libratu omen daitezke hurrengo urteetan.

Herritarren lehen bizitegiak «merkatuaren legetik» kanpo egon behar du. Oinarrizko ondasuna den neurrian, «ondasun publikoa» bihurtu. Etxebizitza gaiak neurri eraldatzaileak behar ditu. Ez da nahikoa orrazketa xumeak egitea. Jabego pribatuaren muina da etxebizitza gaia gaurko gizartean eta egoera iraultzeko herritarren exijentzia eta mobilizazioa ezinbesteko tresnak dira. Horretan ere Iparraldeko herritarrak aurretik doaz. Herrian Bizi plataformak 2023ko apirilaren 1ean Baionan egindako manifestazio jendetsua eta Alda mugimenduak turismo ereduaren aurka egiten ari den lan eskerga dira horren lekuko.

Bukatzeko, aipatu nahi nuke gai honek duen beste erpin kezkagarri bat. Gasteizko Gobernuaren datu ofizialen arabera, Mendebaleko Autonomia Erkidegoan badira gaur egun 137.000 pertsona hiru etxebizitza edo gehiagoren jabetza dutenak. Zer esan nahi du horrek? Askok eta askok beraien diru aurrerapenak etxebizitzak erosten inbertitu dituztela. Banku batean sartu beharrean, gehiago irabazteko asmoekin, etxebizitzan inbertitu dutela, alegia, gero garestiago saldu edo errentan jartzeko. Kasu gehienetan inbertitu duten dirua bakoitzaren lan eta izerdiaren fruitua da. Baina hor dator koxka. Zilegi al da espekulatzea, beste pertsona batzuentzat oinarrizko ondasuna den lehen bizitegiarekin? Legeak babesten gaitu noski sistema kapitalista honetan, baina konturatzen gara noren lepotik ari garen dirua egiten? Ez da gai erraza, baina oso larria da, eta zer pentsa eman behar digu. Eta batez ere, ausardiaz ekin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.