Etxebizitza Legea: galdutako aukera bat

Regina Maiztegi
2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Onartu dute azkenik Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Etxebizitza Legea. Beste behin, gure herriaren zati bat, herena, erregulatzera mugatzen den legea. Nafarroarekin, Nafarroa Beherearekin, Lapurdirekin eta Zuberoarekin elkarlana eta komuneko lana planteatu ere egiten ez duen legea.

Gobernuan egon zenean PSE-EEk aurkeztu zuen lege proiektuan oinarritutako testua da; 2011ko otsailean kritikatu genuen lege proiektua, hain zuzen ere. Momentu hartan esan genuen ez zuela konpontzen etxebizitza duin baterako sarbidea eskatzen zuten pertsonen arazoa. Egia da garai hartan zalantzan jartzen genituen hainbat aginduri ukituak egin dizkietela, baina ez da nahikoa. Onartutako legearen testua aztertu ondoren, hurrengoa adierazi nahi dugu:

- Etxebizitza hutsa. Adierazi genuen arazoa etxebizitza hutsaren definiziotik datorrela. Denbora luzea da bi urte okupatu gabe. Definizio murriztaileago bat behar dugu, eta guretzat hurrengoa da: «Etxebizitza hutsen kategorian sartu behar da, gutxienez, lan egutegiko atseden egunen %50etan (70 egun) okupatuta ez dagoen etxebizitza». Etxebizitza horiei erabilpenaren konfiskazioa ezarri behar zaie alokairu sozialean erabili ahal izateko. Horrela, etxebizitzaren funtzio soziala bermatzen da; legean jasotzen den kanon onargarri batekin eta bigarren etxeak ukitu gabe bermatzen ez dena.

- Etxe kaleratzeak. Instituzioen hiru urtetako erabilpenaren jabetzea gutxiegi da, eta are gehiago aurreikusten diren baldintzetan. Egoera hori gertatzen denean, etxebizitzaren erabilera alokairu sozialeko etxebizitza parke publikora bideratu beharko litzateke. Lehengo jabea alokairu sozial batera pasatuko litzateke bizitza osorako. Eta alokairu soziala bizikidetza unitatearen diru sarreren %15era mugatuta egongo litzateke; kredituen presiotik libre, bizitza proiektu berri baten hasiera ahalbidetuko duen alokairu soziala. Legearen idazketarekin, ez da argi geratzen zer gertatzen den hiru urteak pasatu eta gero.

- Berebiziko garrantzia daukan afera izanda, aurrekontuaren gaia beldurra emateko era friboloan tratatzen da. 2015erako Etxebizitza Kontseilariordetzaren gastu totala 106,84 milioi eurokoa da (Administrazio Publikoaren eta pertsonalaren gastuak barne). Kantitate horren %80 85,472 milioi euro dira; 2012an 90.000 bizikidetza unitateren etxebizitza eskariari erantzuteko erabiliko litzakeena, hain justu (2015ko aurrekontuetan ez da datu hori agertzen). Kopuru horri departamenduaren berezko gastuak kentzen badizkiogu, adar jotze batetik oso-oso hurbil geratzen den benetako huskeria baten aurrean gaude. Hurrengo aurrekontuetan partidaren gehitzea eskatu behar da, bestela huskeriaren %100ak huskeria izaten jarraituko du.

- Etxebizitza pribatuetako eta hipotekaren exekuzio prozesuan dauden etxebizitzen tanteo y retracto eskubidean zein erabilpenaren desjabetze eta alokairu derrigorrezkoen kasuan, ez da mugarik ezartzen jabegoari ordaindu beharrekoan. Eta egoera hori oso arriskutsua da, gehiegikeriak ahalbidetzen dituelako praktikan; hau da, diru publikoa esku pribatuetara bideratzea ahalbidetzen da.

- Funtzio soziala edo/eta kontserbatu beharraren babespean ez dauden etxebizitzen desjabetzeei dagokienez, zera adierazi nahi dugu: ez dugu ulertzen etxebizitza hauek desjabetze prozesutik kanpo uztea, ez-betetze sozialaren emaitza berdina izango baita.

- Lege horrek ondare publikoaren kudeaketaren pribatizazioa sendotzen du. Babestutako etxebizitzaren kudeaketa lege mailara igotzen du. Babestutako etxebizitzaren kudeaketan higiezinak sartzearekin eta etxebizitza publikoa inbertsio-funtsei saltzearekin nahikoa ez, eta, orain, entitate pribatuek eraikin publikoen erabilera kudeatzea erregulatzen da. Legea babestu duten alderdi politikoek «soziala eta ezkerrekoa» eta babesgabetasun handiena pairatzen duten sektoreen mesedetan egindako legea dela esango dute, gainera.

- Etxebizitza baterako sarbidearen arazo handienetarikoa alokairuen prezio altuak dira; legean aipatu ere egiten ez den arazoa. Ez dio mugarik jartzen alokairuen prezioari, beste merkatu batzuetan ematen den prezioen erregulazioa bazterrean utziz.

- Eskubide hau eskubide objektiboa izan behar da, administraziotik bermatu beharrekoa, eta ez egoera berezi batzuk eman behar izatea momentuko administrazioaren erabakipean geratzeko. Hemen ez bada hezkuntzarako edo osasungintzarako sarbidea zalantzan jartzen, zergatik dudan jarri etxebizitza erabiltzeko eskubidea?

Beste alde batetik, eskubide hau nola exijituko den arautzea falta da. Sarbiderako baldintzak izugarriak dira: pertsonak edo bizikidetza unitateak 9.000 euroko gutxieneko diru sarrerak izan beharko ditu. Denbora tarte horretan ez al dira bizi?

- Azpimarratzeko beste egoera bat. Legeen elaborazio prozesuan, eragile sozialen parte hartzea eta kolaborazioa testimoniala baino ez da. Parte hartzea ponentzia landu duen komisioaren aurrean egindako agertze batera mugatu zen. Ondorioetan, parlamentuko marmolezko korridoreetan emandako «pasteleoa» jaso du ponentziak; herritik urrun, alderdi politikoen negoziazioak jaso dira, eragile sozialak kontsultatu gabe.

- Bukatzeko, lege hau Lurzoruaren Legearen jarraipen bat dela uste dugu. 2006. urtean jada esaten genuen Lurzoruaren Legeak ez zuela konpontzen etxebizitza duin baterako sarbidea behar zuten pertsonen arazoa. Penagarria da ideia berdinean indar egin beharra. Sektorearen patronalaren presio taldeen gustuko legea da.Ez du hirigintza basatiarekin bukatzen, etxebizitza hutsen parkearen berrerabilpenaren gainetik eraikuntza ahalbidetzen baitu. Ulertezina da, gainera, etxebizitza hutsen erregistro bat osatzeko aukerari muzin egitea. Datu ofizialen arabera, 2005era arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zementatutako lurzoruaren azalera %14,5ekoa zen. Horri AHTa, errepideak eta abar gehituz, esan genezake belaunaldi batean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurzoruaren laurden bat zementatuko genukeela. Ezkerreko alderdiek nola babestu dezakete lege hau?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.