Alda elkarteko kidea

Etxebizitza eskubidearen alde borrokatu izpirituetan eta hautetsontzietan

Xebax Christy
2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Etxebizitzaren gaia pil-pilean dugu Ipar Euskal Herrian eta etxebizitza baten ukaitea jende ainitzen arazo nagusia bilakatu da. Lurraldearen erakargarritasunak, etxebizitza turistikoen eta bigarren etxebizitzen ugaritzeak, biztanleriaren emendatzeak, azken hamarkadetan egiazko etxebizitza eta lurralde antolaketa politikarik ez izateak, batzuen diru goseak... sekulako krisi egoera batetarat eraman gaituzte: parke pribatuan, etxebizitza eskaintza murritza eta prezio gero eta goragoak; eta eskaerei erantzuteko gai ez den parke sozial bat (11 eskaeretatik bat soilik onartua). Egoera honen adierazgarri bat: Estatuak berak definitzen duen tentsio gunea handitu da, 24 herrietatik 27ra pasatuz.

Tentsio gune horretan, beharrik, egoera hein batean kontrolpean da etxebizitza zaharren parkean, alokairuen bilakaera mugatua baita (jabe batek ezin du alokairua nahi duen bezala igo bi alokatze kontratuen artean, baizik alokairuen erreferentzia-indizearen bilakaera segituz). Eta 2025eko urtarriletik aitzina, «alokairuen mugatze indartua» aplikatuko da: gehiengo prezio bat finkatua izanen da herri edo auzo bakoitzean etxebizitza guzientzat, zaharrentzat eta eraikitzen diren berrientzat. Baina neurri horiek ez dira aski eta urrunago joatea beharrezkoa da, gaur egun ikusten dugun espekulazioren eta prezioen goratzearen kontra egiteko.

Nire herrian, Aiherran, adibidez, 2017an 250.000 eurotan erosia izan zen etxalde bat 1.370.000 eurotan saldua izan da duela guti! Eta zoritxarrez, salmenta espekulatibo adibide berriak kasik astero agertzen dira. Gure herrietan nor bizitzen ahal den erabakitzea, eta ondorioz nor joan behar den bere lanarengandik, familiarengandik eta lagunengandik urrunduz erabakitzea, ezin dugu merkatu librearen esku utzi. Lurren eta etxebizitzen salmenta prezioak mugatu behar dira, haien kontrol gabeko goratzearen gelditzeko. Tresna eta neurri berriak asmatu behar ditugu, fiskalitatea, legeak eta araudiak aldatuz.

Tentsio gunean, adibidez, egoitza nagusien salmentaren gainbalioaren gaineko zerga bat sortzen ahal liteke, egoitza nagusi bat erosi eta ondoko bost urteetan saltzen delarik aplikatuko litzatekeena, espekulazioa saihesteko (gaur egun, bigarren egoitzen salmentei soilik aplikatzen zaie horrelako zerga bat). Edo, alokairuen bilakaera mugatua den bezala alokairuen erreferentzia-indizearen arabera, imajinatzen ahal genuke lurraren eta etxebizitzen salmenta prezioen bilakaera mugatzea eraikuntza kostuen indizean oinarrituz.

Hainbat adituk (Ian Brossat senatariak, Cécile Duflot Etxebizitza ministro ohiak, Iñaki Etxaniz diputatuak, Jean-René Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Abbé-Pierre fundazioko delegatu orokorra den Christophe Robertek, besteak beste) eta Alda elkarteko ordezkari batzuek gai honetaz eztabaidatuko dute larunbat honetan, ekainak 15, arratsaldeko 15:00etan Baionako IUTan (Paul-Bert plazan) iraganen den hitzaldian.

Izan ere, Alda elkarteak Auzolan, etxebizitza eskubidearen eguna antolatzen du larunbat honetan Baionan. Etxebizitza duin baten izatea eskubide bat dela denontzat aldarrikatzeko eguna izango da, besta herrikoi giro batean, bai eta etxebizitza eskubidearen inguruko gogoetak eta eztabaida publikoa elikatzeko une bat ere. Baina Estatu frantsesean azken egunetan ezagutzen dugun egoera berria kontuan harturik, eskuin muturraren kontra mobilizatzerat deitzeko unea ere izango da.

Arrisku handia dago ondoko asteetan eskuin muturrak boterea lortzea Estatu frantsesean eta horrek sekulako kalteak sortuko lituzke etxebizitza eskubidearentzat eta herrian bizitzeko eskubidearentzat. Bi adibide soilik emateko, RN alderdiak Airbnbren kontrako legearen aurka bozkatu du; eta etxebizitza sozialak eraikitzerat behartzen duen SRU legea kendu nahi du 75.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan (Ipar Euskal Herri osoan, beraz).

Alda elkarteak bihar 11:00etan izanen den manifestaldian parte hartzerat eta 18:30ean Patxa plazan elkarretaratzerat deitzen du: RN boterera heltzearen kontra mobiliza gaitezen!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.