Denok jainkoaren seme-alabak omen gara, denok berdinak. Ideia xelebre hori unibertsal bihurtu zaigu Inperioak kristautu gintuenetik, botere hedakorrak bere tamainako ideiak behar dituenez. Aspalditik botereak orokorra eta bakarra izan nahi du, eta hartara, gizaki oro berdinak eta erkide izan behar dugu nahitaez. Eskakizun hori erraietan sar dakigun, aginteak erlijio-metafisika du lagun. XVIII.mendeaz geroztik sineskeria ofizialak pentsamendu moderno-ilustratuaren mitoak darabiltza xede horretarako. Horregatik, denok pertsona edo giza banako berdinak gara, eta ez dago herririk ez klaserik, gizartea baizik, hots, banakoen multzoa. Menderik mende ciudadano-citoyen bihurtuz joan ondoren, ez daukagu argi nor garen: Euskaldunak gara gu dio kantak. Erantzun sinbolikoa. Ordea, itaunaren bigarren zatiari ihardestea, Zer gara gu? Deserosoago zaigu, zeren gure izate sozialaren aurrean jartzen baikaitu. Aspaldion erantzun bat dabil bolo-bolo: Moroak gara. Ados, burua ezin goititu dugu. Alabaina, moro guztiok absolutuki berdinak gara? Citoyen? Inguruabarrek lekurik ez?
Gure historia—istorioetatik bat— bizkor narratu dezagun. Agian, Brontze eta Burdin aroko herri batzuk izan ginen, eta gure hizkuntza zen batzarren eta buruzagien mintzoa. Indarra genuen alde, beregainak ginen, etxeko jaun eta andre. Merkatari eta nekazari armadun batzuk heldu ziren legioekin, eta gure buruzagiok, jakina, botere berria miretsi zuten. Nagusiok, harro eta burgoi, gure gainean jarri eta elebidun egin ziren, latinizatu, zibilizatu, kristautu. Ondotik, jaun elebidunok dorretxeak eraiki zituzten, eta haien zerbitzari izan ginen, jopu, herri xehe, herri morroi. Emeki, agintariok euskal mintzaera gurekin hitz egiteko baizik ez zuten erabiliko, botereak berea zuenez geroztik. Gero, dirua harreman sozialen ugazaba egin zenetik, jaunok burgestu zitzaizkigun, eta orduan suharki ekin zioten gure erkidegoa eta gure euskalduntasuna suntsitzeari: gizabanako berdinak ekoizle hobeak dira herriak baino. Modernoen hizkuntza baizik ez zekiten horiek, baserriak eta herri-basoak kendu zizkiguten, eta desjabetu ahala, demokraziarantz zihoazelarik, alboratu gintuzten oraindino geneuzkan erakundeetatik, gure pobrezia edo gure hizkuntzaren aitzakiaz. Eta horrela, baserritar, marinel, olagizon, langile arlote eta astakirten ginelarik, mintzaira gure menderakuntzaren ikur linguistiko bilakatu zen, gure bazterketaren estigma, gure morrontzarena. Harrezkero, norbait izan nahi baduzu, edo zerbait eduki, jarrai zakizkio botereari, ohituretan bezala hala hizkeran ere, haietariko bat izateko promes zuriei jaramon egiezu.
Euskarri ekonomiko eta politikoez gabeturik, kopuruz oso gutxituta, harreman-sareak birrinduta, heldu gara herri sakabanatu eta ia aienatu bat izatera. Txepetxek duela hamarkada batzuk gaia mahairatu zuenetik, badakigu gakoa gune sinbolikoa berreraikitzean datzala, eta zer ere egiten baitugu, euskaldunak bildu eta erkidegoa trinkotzea izan behar dugula xede. Guztiarekin ere, inor gutxi ausartzen da abstrakzioetatik mundura jaistera eta zehaztera euskaldun herria bildu eta trinkotzea zertan den, eta iruditzen zait ezen erantzuna ondo ezagutzen dugulako dela. Herri batek, herria izango bada, ezinbesteko ditu gutxieneko kohesioa, sarea, loturak bermatzen dituzten botere-guneak, ezen boterea zapaltzailea ez ezik antolatzailea eta loteslea baita. Hartara, ondo dakigu ezen hein batean botere ekonomikoa, politikoa eta kulturala berreskuratu behar ditugula, hots, besteak beste, egitura politikoa, gizartea, bizimodua, nolabait eraldatu behar ditugula; eta askok ez dugu liskar hori nahi, konforme-edo gaude, beste lehentasun eta premia batzuk ditugu.
Halatan, egoera bitxia bizi dugu: euskaldunok hiztun-herri lander eta behartsua gara gure etxean, eta aitzitik, banaka hartuta, aurrerabide handia dugu, zeren erruz baikara gizarte-maila jasoko herritarrak, unibertsitate-ikasketadunak, enpresariak, goi-kudeatzaileak, medikuak. Ordea, euskal erkidegoa berrosatzeko ahaleginetan ez gara gure ahuleziaren sorgin-gurpiletik irteten. Zergatik? Eragozpen itzel eta eskergak daude, noski, baina nire aburuz, gainera, galdurik gabiltza zenbait balio nagusiren zurrunbiloan, haien amaraunean noraezean, halako moduan non biluzik baikara boterearen arazoari gogoetaz eta praktikaz heltzeko, eta hortaz noraezekoa dena ekidin nahi baitugu. Badirudi berdintasun-ametsak eragotzita daukagula etxeko nagusi izateko nahia, nagusi gabeko etxerik bailegoan.
Penduluaren antzera gabiltza, noiz elitista huts, noiz populista peto, alegia, pentsamolde zintzoaren balio anaikorren defendatzaile sutsu: berdintasuna, kultur aniztasuna, betiereko bakea (heriotza), mundu ororen duintasuna, ekolinguismoa… Berba politak dira, noski, beti ere baldin eta era berean gogoan badugu ezen unibertsalismo hori interesduna dela, globalizazioaren ondorio eta sustatzaile, egitasmo menderatzaile zaharberrituari darraiona, herri xeheen arerio sekularraren umea. Onkoteak garenez, filantropia besarkatzen dugu, munduak maite ez gaituen arren; etorkinei abegi egin nahi diegu, eurak ere behelaino arteko moroak direlakoan, nahiz eta gehienak erdal hiztun gisa garaile diren edo izan nahi duten. Hala ere, munduko gauzak anbibalenteak izanik, nola ukatu balio horiek herri deseginoi nolabait lagundu ere egiten digutela? Errealitate kontraesankorra kudeatu beharko dugu, balio horien adiskide eta etsai, gure xederako interpretatuz eta aplikatuz. Elitistak eta populistak aldi berean, desberdintasunean berdinak.
Noizbait gure etxean moro izateari utzi beharko diogu, beste nazioak errespetaturik ere. Xedea nekez lortuko dugu emeki abangoardia sozio-ekonomiko egin ezik, etxeko jaun eta andre, izate sozial jasoa erdiestearren. Adibidez, osasungintzan oso eragingarriagoa izan liteke osasun-profesional euskaldunek euskaraz funtzionatzen duten klinikak sortzea, nahiz injinerutza-bulegoak nahiz enpresak. Ikuspegi soziala ere ezinbestekoa da erkidegoa trinkotu eta gune sinbolikoa berreratzeko. Nola? Horizontalki, eskualdeei indar sozio-ekonomikoa itzuliz, bertikalki, botere-guneak egituratuz. Egun unibertsitatean dauden ikasle euskaldunak horretara bultzatuko nituzke. Elitistak eta populistak: inkoherentzia kementsuen bertutea da. Denok berdinak, etxean gu berdinago, nagusi.
Etxean nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu