Hasi da Etxealditik Euskaraldira ekimena, konfinamendu egoera baliatuta etxeko hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin. Udalerri euskaldunetan ere herrietako erabilera datuen eta etxeko erabileraren datuen artean aldea dago, eta jorratu beharreko arloa da, batez ere haurrengan eta gazteengan ispilu eta ohitura bihurtzen delako etxeko hizkuntza.
Etxeko erabileraren inguruan hausnarketa egitea eta etxeko hainbat ohitura aldatzea dira ariketa berri honen oinarriak. Udalerri euskaldunetan ere beharrezkoa da, egoera soziolinguistikoa ezberdina dugun arren. Lehen Euskaraldia iragarri zenean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere bat egin zuen ekimenarekin, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala beharrezkoa zela iritzita. Orduan gogoratu genuen moduan, ordea, udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoak beste hausnarketa sakonago bat egiteko aukera ere ematen zuen, eta hausnarketa hartatik abiarazita sortu genuen Hamaika aldiz gehiago izeneko proposamena eta ariketa: euskaraz aritzen garela uste dugu, baina benetan zer hizkuntzatan ikusten dugu telebista? Zer hizkuntzatan irakurtzen ditugu egunkariak eta aldizkariak? Zer hizkuntzatan ikusten ditugu filmak edo entzuten ditugu podcastak? Zer hizkuntzatan jasotzen ditugu bateko eta besteko hornitzaileen faktura gehienak? Zer hizkuntzatan nabigatzen dugu sarean? Horrelako hamaika galdera egin genituen, arlo horietan eragiteko hamaika proposamen biltzearekin batera. Orain, horiek etxera ekartzeko garaia da, eta galderak egiten eta hausnartzen jarraitzekoa, hainbat ohitura aldatzea beharrezkoa dugula sinetsita.
Azken urteotako datuak ikusiz gero, euskararen ezagutzaren eta etxeko erabileraren arteko aldea arretaz begiratzeko modukoa eta oso kontuan hartzekoa baita. Kalean euskaraz aritzen den jende askok erdarara jotzen du gero etxean. Udalerri euskaldunetan ezagutzak behera egin badu ere, etxeko erabilerarekin alderatuta oso altua da euskara ezagutzen dutenen ehunekoa. Horren atzean, familien askotariko errealitate soziolinguistikoa egon daiteke. Euskalduna ez den edo euskaraz aritzeko ohiturarik ez duen gurasoa izan daiteke bat, eta haren jardunak eragin handia du etxeko hizkuntzan, noski. Kalean, berriz, udalerri euskaldunetan, oro har, arau soziala da euskaraz aritzea, kalean ere erabilerak behera egin duela ikusi arren. Gero, ordea, etxera joandakoan aldatu egiten da arau hori, arrazoi ezberdinengatik. Hori oso arriskutsua da hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegitik, eragin handia baitu haurrengan eta gazteengan, bereziki. Euskara heziketarekin eta eskolarekin lotzen dute, baina helduen artean benetan kontu garrantzitsuetarako erdara lehenesten dela ikusten dute, behin eta berriro. Horrelako jarrerekin euskararen biziberritzean egindako urrats asko geratzen da bazterrean. Azken batean, haur eta gazteen artean euskararen erabilerari dagokionez ikusten ari garen joeren arrazoietako bat etxeko hizkuntza ohituren eragina baita.
Hor nola eragin daitekeen argi dago: euskaraz hitz eginez eta euskara lehenetsiz, baita eguneroko hamaika kontutan ere: hedabideetan, kultur kontsumoan, kirola egiterakoan, jolasean eta abar. Udalerri euskaldunetan erraztasun gehiago dute horretarako, bizitzako esparru gehienetan euskaraz aritzeko aukera dutelako, eta hori aprobetxatu eta zaindu behar dugu, haurrek, orain artean egin duten bezala, aisialdiarekin eta gozamenarekin ere lotu dezaten euskara. Horretarako, ordea, beharrezkoa da ez erlaxatzea.
Etxealditik Euskaraldira ekimenak ariketa hori sustatuko du adin guztietakoen artean, eta lagundu dezake zenbait ohitura aldatzen. Hori da sustatzaileen asmoa, eta UEMAk ere bat egiten du ekimenarekin, noski. Izan ere, etxeko erabileraren inguruko datuak aldatzeko dena da beharrezkoa: laguntza, elkarlana eta ekimenak. Bestela, belaunaldi berrien hizkuntza ohituretan egundoko eragina duten jarrerak errotuko dira, eta askoz zailagoa izango da gero hori iraultzea. Azken urteotan UEMAren ildo garrantzitsuenetakoa da herritarren ahalduntzea, euskararentzat arnasguneek duten garrantziaz jabetu daitezen. Eskoletan milaka gazterengana zabaldu dugun hezkuntza proiektuarekin eta urtero antolatzen ditugun udalekuekin ere horretan ahalegintzen gara: hizkuntza ekologiaren ikuspegia lantzen eta soziolinguistika edukiak gazteen artean zabaltzen. Baina eskolan hori jaso arren, gero etxean zein erakundeetan kontrakoa ikusten eta entzuten badute, lausotuta geratzen da egindako ahalegina.
Horregatik dira garrantzitsuak Euskaraldia edota Etxealditik Euskaraldira bezalako ekimenak. Behin eta berriro ahalduntze tailerretan eta eskoletan zabaltzen dugun mezuarekin bat egiten dutelako. Ohitura onak zein diren gogorarazten dute, gure hizkuntzari zergatik eutsi behar diogun nabarmenduz. Azkenaldian, zoritxarrez, zenbait erakunde publikok kontrakoa egin du: kontu garrantzitsuenetan euskara bigarren mailan utzi eta erdara lehenetsi. Agerraldietan, txostenetan edota udaletara bidalitako informazioan nabarmena da. Horren aurrean, udalen eta herritarren eskubideak errespetatzeko eta euskara kontuan hartzeko eskatu behar izan dugu. Euskara bera ere alarma egoeran utzi dute, eta horrek eragina du gero herritarrek inkontzienteki jasotzen duten mezuan: «kontu garrantzitsuetarako, erdara». Oso arriskutsua da hori. Beraz, ahalegin berezia egin behar dugu euskara orain ere lehen lerroan jartzeko, bestela osasun krisiak ekarriko du hizkuntzaren krisia ere areagotzea. Horregatik, euskararentzat arnasguneak ezinbestekoak diren bezala, Euskaraldia bezalako arnasgailuak ere beharrezkoak dira, herritarrek jarrera egokien ispiluan begiratzeko aukera izan dezaten.
Etxealditik ere euskarari arnasa emanez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu