Behinola Joxemiel Barandiaranek jasoriko gertaera antzeko kontu batek dio, Berako ehiztari batek, Saratik igaro zelarik, etxe bat eraikitzen ikusi omen zuela, Lapurdiko herri horretako lehenengo etxea, hain zuzen. Eta etxera itzuli zelarik, kontatu omen zion aitari ikusi zuen hori; aita ez ei zen batere poztu; bere bizilekutik hogei bat kilometrora eraikitzen ari ziren etxe hori hurbilegi omen zegoen, eta auzoen arteko bakea galduko zelako errezeloak hartu zuen.
Aipatu kontaera horren antzeko datuez eta gogoetez osatua da liburu mardul honen lehenengo partea. «Etxea» du gaia, eraikina bera batetik, eta bizitokia edo bizigunea, bestetik. Barandiaranek abiarazi zuen Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren egitasmo zabalaren ardatz-gaietariko bat da etxearen hau, eta liburu mardul honek, 87 herritan bilduriko kanpo-material ugaria oinarritzat hartuz, jasoriko informazio osoaren elaborazio-lana dugu.
Lehenengo partean, lurraldea eta populatze moduak aztertzen dira. Populazioa nola banatu den lurraldean, eragile historikoek eta geografikoek baldintzatua egon da: isurialde atlantikoan populatze sakabanatua nagusi izan da, bistan da; mediterraneoan, aldiz, populazio bildua batez ere; beti ere populatze tipo bien arteko mugak malguak direlarik. Biztanleen sakabanatzea ez da oso-osokoa, inolaz ere, baserriak sarri auzoetan elkartu eta antolatu izan direlako.
Populatze modu horrek, aldi berean, bizimodu osoa baldintzatzen du. Bizitza sakabanatuak diren inguruetan, etxeak nahiko autarkikoak izan dira baserri edo baserri-etxe hitzek hori adierazten dute, basoko herria, baserriko etxea ; herri bilduetan, ostera, auzoen artean harreman estuagoa egon da. Etxe sakabanatuen kasuan, bestalde, etxeak ematen die izena han bizi direnei, edo abizenaren bitartez, edo inguruko etxeetakoak etxearen izenaren bidez izendatuz. Etxe-guneak, herri batuak, bideen ondoan sortu eta eraiki izan dira sarritan (erromatarren galtzadak, Santiago bidea), gaztelu edo gotorleku baten aldamenean edo hirietatik hurbil.
Etxe berri bat eraiki orduan ardura apartekoa hartu izan zaio eguzkiak nondik jotzen duen, hala eguzki-ordurik gehien aprobetxatu ahal izateko (eguzki begira). Laborantza-sailetatik hur egon behar zuen, bestalde. Lurra bera nolakoa zen ere arrazoi pisutsua zen; lur gizenak izan behar zuen. Etxe horrek ez zuen egon behar ibaietatik hurregi, baina ura behar zuen inguruan. Etxegintza materialei dagokienez, eskura zeudenak erabiltzen ziren: harria dagoen lekuan harria, bestela basa. Hormak sendoak behar zuten izan, eta gelak ahalik txikienak, hotz-beroak eragin gehiegi ez izateko.
Klima euritsua den parajeetan, teilatua obenduago egon ohi da, hegal luzeagoekin; hegoaldeko lurralde beroetan, aldiz, teilatuak lauagoak ohi dira eta ia hegalik gabeak. Teilatu motarik ohikoenak isurialde bikoak dira, baina hirukoak ere badaude, mirubuztenak, eta laukoak, jauregi- eta dorre-etxeetan. Lehenago zura zen eraikuntza materialik erabiliena, bai egituran, bai kanpoaldean. Gerora harriaz osatu da, ate-leihoetan eta ertz-kantoietan gutxienez. Hegoaldeko lurraldean, oraintsura arte ezagutu da bizimodua leize-zuloetan, gaur egun ere oraindik bigarren etxe gisa dirauena.
Arkitektorik ez zegoenean, igeltseroek egiten zuten etxearen itxura, oinarrizko planoen bitartez. Etxearen egitura, bertan biziko zirenen beharrei egokitua egoten zen, batez ere nekazaritza eta abeltzaintzarako. Eta etxearen luze-zabal mugatuaren ondorioz, etxe inguruan eraikitzen ziren maiz belar ondua gordetzeko tegiak, ganaduarentzako aterpeak eta beste.
Etxea eta Familia liburu honetan etxearen osaera eta egitura zehetasunez deskribatzen dira, eta zehazki laugarren kapituluan zertzelatzen dira Euskal Herriko lurralde guztietako eskualdeetan diren etxe ereduak.
Etxe barruan sua eta sutondoa dira ardatz. Laratza erdi-erdian dela, familiaren zeregin asko suaren inguruan bete izan dira: jatordua, ale-garantzea, jostea, kontu-kontatzea, errezo egitea eta beste. Aintzinago sua ezkaratzaren erdian egoten zensukaldea, sutondoa, suetea… ditu izentzat gela horrek, gero horma kontran, eta gerorago etorriko ziren txapa eta sukalde modernoak. Argi kontuan ere sekulako aldaketa. Gaur etxean argia izateko botoiari sakatzea nahikoa da; lehenago zuziak, kriseiluak, karburuak, kandelak… erabiltzen ziren.
Etxeko suaren inguruan erritoak oraintsu arte bete izan dira: haginak eskatu, ogia edo ura bedeinkatu, pertsona eta ganadu etxeratu berriak suaren inguruan hiru bira egin... Aparteko garrantzia izan dute Gabonetan neguko solstizioko suak eta Pazkoetan suberriak. Horrez gain, etxeari teilatua ipintzen zitzaionean, ospatu egiten zen (monjorra), aizkora-ahoa ekaitzera adi jartzen zen hura uxatzeko, San Joan haritzak edo eguzki-loreak etxe aurrean ipintzen ziren, gaitzetatik babesteko. Beste osagarri batzuk ere erabili izan dira erlijio-erritoetan: ur bedeinkatua, kandelak, konjuruak, gurutzeak edo Jesusen Bihotza jartzea pertsona eta abereen bizilekuetan.
Etxean biziko zen familia odolekoa izateak berebiziko garantiza zuen. Familia ugariak izaten ziren lehen, eta belaunaldi bat baino gehiago bizi izaten ziren batera etxean. Gaur egun zeharo aldatu da hori; seme-alaba gutxi ekarri eta guraso zaharrak egoitzetan euren azken urteak.
Etxeko ondasun nagusiak osorik transmititzea zen ohitura zaharra. Baina lurralde batetik bestera ez da berdin izan. Foru erregimeneko lurraldeetan tronkalari eta ondasunak zatitu barik gordetzeari eman zaio lehentasuna.
Baserri munduan emakumeak senarrarekin batera egin izan ditu etxe barru eta kanpoko lanak; erabakiak hartu ere bai etxeko eta familiako gorabehera guztietan. Lehenago aisialdirako aukera gutxi bazegoen ere, gizonak eta emakumeak zein bere aldetik ibiltzen ziren. Ardurak ere bakoitzak bereak zituen. Kultura, heziketa eta erlijio baloreen transmisioan emakumeak izan du ardura handiagoa.
Jatorriko familiarekiko harremanak asko zaindu izan dira, ospakizunetan eta hiletetan batez ere. Arbasoen memoria ere bizi-bizirik gorde da etxean.
Familiaren ohoreak bere kide guztiei ukitzen zien, onerako zein txarrerako; halako kasuetan senideen arteko elkartasuna estuagoa izaten zen. Norbait gaixorik, umezurtz... suertatuz gero, familiak babestu izan ditu ahulenak, baita istiluak konpondu ere.
«Etxea eta Familia» azterlan honen helburua etnografikoa bada ere, hizkuntza aldeko erregistro asko jaso dira berean, lurralde guztietakoak. Bilduriko datuak XX. mendekoak dira gehienbat, baina atal guztietan zehazten dira hirurogeiko urteetatik honantz izan diren aldaketak.
Lan honek datuak dakartza eta zergatiak argitzeko zantzuak ematen ditu. Oinarri honezaz balia bitez ondotik datozkeen teoriagileak, interpretazio ziurragoak egiteko. Bada zer ikasi eta zer hausnartu, gure bizimodua girotu eta eraiki duten zutabeotan.
Etxea eta familia Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu