Martxel Toledo Garmendia.

Etsipenik ez: guk geurea, gora Euskal Herria

2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Suerte pixka batekineta batik bat Euskal Herriko selekzioari ez zaiolako onartzen txapelketan parte hartzea —bestela ikusi behar—, Espainiako futbol selekzioak, orain lau urte hasitako ibilbide oparoari jarraipena emanez, merezimendu osoz irabazi du aurtengo Eurokopa. Eta, jakina, La Roja-ren garaipen horrek betikoei balio izan die España, una y grande horren apologia egiteko eta, bide batez, espainiartasun sentimendu hori lau haizeetara zabaltzeko, baita Euskal Herrian ere.

Beraz, eta jabetuko zareten bezala, ez dira egun egokienak La Ro-ja-k ordezkatzen duen espainiar sentimendu horren inguruan zerbait esateko; besteak beste, futbol selekzioak Eurokopan lortutako garaipena historikoa ere bihurtu delako eta, ondorioz, espainiarrek harro sentiarazteko motiboak ere badituztelako. Hala ere, uste dut, etsipena alde batera utzita, euskaldunok ostrukarena egin ordez, mediatikoki sortu duten espainiartasun tsunamiari aurre egitea badagoela eta, gainera, komeni zaigula; azken finean, gu euskal herritarrak izanik, geureaEuskal Herriaren alde egitea delako.

Euskal Herrian emititzen den telebistako kate batean,erdaraz, ¿Nos gusta a los vascos La Roja? izenburuko eztabaida egon berria da, eta bertan, hainbat kazetari eta aditu egon ziren bere iritziak ematen eta, jakina, mota guztietako argudioak eta erantzunak egon ziren. Baina esan nahi dudan bakarra zera da, galdera berak tranpa zekarrela; alegia, galdera izan behar zuela:euskaldunoi zer gustatzen zaigu gehiago, La Roja edo Euskal Herrikoa? Hori izan behar zuen galdera, eta ez telebista horretako arduradunek platora emandakoa. Baina, jakina, ikusita Eurokopa osoan zer-nolako jarrera izan duten La Roja-rekin, ez da harritzekoa ere, azken finean horrelako programekin helburu zehatzak lortu nahi dituztelako, eta kasu honetan, ez dut zalantzarik Espainiaren garaipena eta ondorengo festa Euskal Herrian ere normaltasunez bizi eta ospatu dela erakustea izan dela.

Jakina da euskal gizartearen gehiengo batek begi onez ikusiko lukeela euskal herriko selekzioaren ofizialtasuna eta, bederen, nazioarteko txapelketa ofizialetan ikusteko parada izatea. Gabonetako lagunartekoak eta orain gutxi Anoetako estadioan neskek futbolean jokatutako edota egun gutxi batzuk geroago gizonezkoek saskibaloikoan jokatuko duten partiduak nahi horren isla baino ez dira. Baina, zoritxarrez, salbuespen gutxi batzuk kenduta, euskal kirolari orori ez zaie beste aukerarik gelditzen, aipatu lagunarteko partiduak bakarrik jokatzea edota Espainiarekin edo Frantziarekin aritzea, nahi eta nahi ez.

Jokatu berria den Eurokopa edota nazioarteko txapelketa ofizial batean euskal herriko selekzio gisa parte hartzeko, lehenik eta behin, kirol horretako nazioarteko erakundearen bazkidea izatea ezinbesteko baldintza da. Eurokoparen kasuan, UEFAko federazioko kidea izatea da. Eta eskaera hori, dagokion federazioari egitea egokitzen zaio; futbolaren kasuan, euskal futbol federazioari. Eta bat-batean, guztioi datorkigun galdera da: eta zergatik ez dira mota guztietako euskal federazio horiek bide horretan saiatzen?,zein daedo non dago oztopoa urrats hori egiteko?

Behin baino gehiagotan aipatu dut: euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko, lehenik eta behin, euskal instituzioetatik eta kirol federaziotik bertatik abiatuta, horretarako borondatea eta determinazioa egon behar duela. Eta ez naiz ni izango buruzagi batzuen borondatea eta determinazioa hutsaren hurrengoa dela esaten, besteak beste begi bistakoa ere badelako.

Euskal Herrian aldaketa garaia bizitzen ari gara. Horrela, laster, EAEko zein Nafarroa Garaiko Gobernurako hauteskundeak egingo dira, eta espero dezagun benetako aldaketak egotea eta bi gobernuetako buruzagien borondatea, besteak beste, euskal gizartearen gehiengoaren nahia kontuan hartuta, euskal selekzioaren ofizialtasuna behar den lekuetan babesa ematea izango dela.

Baina, hauteskunde politikoak ez ezik, kirol hauteskundeak ere egokitzen dira 2012. urtean. Hala, lehenik, lurralde bakoitzekoak izango dira, eta ondoren, EAEkoak eta Nafarroakoak. Eta kirol federazioetako hauteskundeak ere oso garrantzitsuak dira, nazio ikuspegitik begiratuta, euskal herriko selekzioaren ofizialtasuna lortzeko.

Etsipena alde batera utzita, etorkizuna dugu jokoan, eta horretarako, dagoeneko, aipatu fronte horiek daude irekita. Eta, zorionez, badugu borondatea eta determinazioa aurrera egiteko. Beraz, egin dezagun apustu, merezi du eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.