Dagoeneko ez dago erremediorik; ondorioz, espainiar estatuaren barnean bizi garen euskal herritarrok azaroaren 10ean botoa ematera deituta gaude. Bere iragarpena gauzatzen duen profezia bihurtuta, etsipena zeharo zabaldu da euskal gizarte honetan ere. Egia da berriro botoa ematea bera ahalegin itzela ez dena, baina gertatutakoak demokrazia liberal honen mugak ageri-agerian uzten ditu. Batzuen etsipenak «ezkerrek» adostasunerako erakutsitako gaitasunik eza du sorburu, batez ere, alderdi horiek eskuinen artean lor zezaketen adostasunekiko beldurra boto-ontzietan kapitalizatu eta gero. Beste batzuentzat, ordea, etsipena da nagusi, «guru» politiko batzuen kalkulu makurrengatik, zeren eta kalkulu horiek adierazitako botere gose aseezinak taula politiko osoa, praktikan, eskuinerantz lerrarazi baitu, eta, hartan, Espainiako ezkerra erabat zokoratu. Badira, aitzitik, Pirinioen eta Ebro ibaiaren artean Madrilek agindutako agenda politikoaren menpe egoteagatik, handia bezain itogarria den eragin horren azpitik atera ezinik egoteagatik, etsita dauden herritarrak.
Izan ere, etsien dagoen herritarrak hiru etsipen mota horiek eta akaso beste baten bat bere egin ei ditu. Gure inguruan, Espainiako egoera politikoa horren makurra denean, beraz, euskal herritar gehienoi hego haizea horren itogarri suertatzen zaigunean, mantra magikoa zabaltzen da: deskonexioa. Geure gogoan zegoen, aspalditik han dago, txoko ezkutu batean, baina Madrildik datozen bide guztiak itsuak direla sumatzen dugunean, berehala berreskuratzen eta ahoratzen dugu. Txarrena da, oinarri sendorik gabe, mantra horren errepikatze hutsa hurrengo etsipenen sorburu bilaka daitekeela. Zergatik? Abagune honetan geure gizartean ez baitago deskonexioetarako baldintzarik. Baldintza objektiboen inguruan zalantzarik egon daiteke, baina baldintza subjektiboei dagokienez, tamalez, ez dago zalantzarik. Ez dago. Katalunia deskonexio psikologikoaren eremuan dezente aurreratuago izan arren, oraindik espainiar estatutik benetan deskonektatzeko baldintzetatik urruti dago oso. Halere, han edo hemen, urruti edo lekutan izateak ez du geldirik egotea esan nahi, baizik eta aurrera egiteko norabidean, moduan eta abiaduran asmatu behar dela.
Nire iritziz, azkenaldian, euskal lurraldeetan bakarrik finkatuta dauden alderdi politikoek Madrilen arduraz eta zentzuz jokatu dute, hango gehienek ez bezala. Espainiako «ezkerren» arteko akordioa nahiago zuten, eta errazten saiatu dira, jakin badakitelako Euskal Herriarentzat hiru eskuinek osatutako gobernua —gainera, ultraeskuinerantz erabat lerratua— askoz okerragoa izango litzatekeela. Ardura eta zentzu bera aldarrikatzen ditut, euskal agenda behingoz Madrildik emantzipatu eta geurean nagusitu dadin. Lehenengoz, euskal agendak ezin dezake alderdi markarik izan; horren ondorioz, nekez nahas dezakegu, esaterako, Madrilgo gobernuak AHTaren lanen esleipenak egitearekin. Herri gisa ditugun lehentasun estrategikoak adierazi nahi ditut euskal agenda aipatzean. Eta, barkatu atrebentzia, ez dut ardura ikaragarri handi hori bakarrik euskal alderdi politikoen esku utzi nahi. Haiei Madrilen orain arte bezala jokatzen jarraitzeko, ultraeskuineko gobernuaren aukera deuseztatuz, eta Euskal Herrian epe motzeko helburu alderdikoiak gainditzen dituzten dinamika berriak sortzen ahalegintzeko eskatzen diet. Halaber, dinamika berri haien norabideak elkar ezagutza, elkarren arteko komunikazio iraunkorra eta elkartasun praktikoa izango lirateke, nonbait, Euskal Herriaren baitan bizi d(ir)en gizartea(k) helburu. Eusko Ikaskuntzak bere 100. urteurrena ospatuz egindako lan eskerga abiaburu emankorra da oso, baita Telesforo Monzonen izen-abizena alferrik ez dituen Herrigintza Laborategia berriki abian jarri izana ere. Ez dut uste halako ekimenik sobera dagoenik, baizik eta gehiagoren beharrean gaudela.
Hala eta guztiz ere, halako ekimenak ideia eremutik eguneroko praktikara eramatea funtsezkoa da. Euskal Herrian bizi garenok oraindik elkar ezagutu behar dugu, gure lurralde txiki honetan batzuk eta besteok nola bizi garen jakin, gure kezkak partekatzeko aukera izateko, baita gure bizimoduak hobetzeko lehentasunak zehazteko eta, ahal den heinean, bateratzeko ere. Horren mesedean erakunde publikoak jarri behar genituzke, hori pentsatzen dugunok eragin dezakegun indar guztiarekin, baina, borondate osoa izanda ere, badakigu egungo lege-markoetan erakunde publikoen sarea mugatuta dagoela. Horregatik, komeni da gizarte zibila antolatzea, norabide horietan dinamika berriak suspertzeko asmoz. Nazioa izateko asmoa du(t)en euskal gizartea(k) autoeratzeko plana da, beraz, euskal agenda. Euskal gizartea(k) autoeratzeko plan hori, halabeharrez, haien arteko kohesioa eta haietako bakoitzaren barneko aniztasuna landu behar ditu, ni guztiak aintzat hartzen eta errespetatzen dituen gu eraiki nahi dugulako. Ez diot bide erraza denik, ezta laburra ere, baina benetan emankorra izan daitekeen bide bakarra dela pentsatzen dut. Seguru asko, bidea eginez etsipen askoren aurka egingo dugu talka, gizalegea baita. Halere, aurrerapen xume bakoitzak gure gizartea(k) nazio egiteaz gain, hurrengo etsipenen aurkako txertoa ere izan daiteke. Aniztasun guztiarekin «bat» egingo gaituzten dinamika horien ondorio gisa etorriko dira, etorriko baitira, geroko deskonexioak.
Etsipenak ez du errotarik erabiltzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu