Pako Aristi

Etsai jauna, 'buenos días'!

2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Amaiurrek Espainiako Juan Karlos I.a erregeari abenduan egindako bisita izan da aspaldian ikusi dudan albisterik tristeena, oraindik ere irauten didan gorputzaldi txar bat utzi zidana. Umorez har nezakeen, baldin eta abertzaleen artean, kalekok zein goi-mailakok hala hartu izan balute. Baina irakurri ditudan adierazpen eta artikuluetan ez da horrela izan, aldiz: oso goi mailako enkontru bezala definituta izan da, eta gure herrian hedatzen ari den nahasmena aldirik aldi goia harrapatzen ari dela begitantzen zait.

Historikotzat definitu dute hedabideek. Laster ahaztua geratuko dela iruditzen zait, ez bada gure ankerkerien entziklopediara pasatzen. Baina okerrena da hedabide abertzale, ezkertiar eta herrikoiek ere antzeko kobertura eman diotela. «Bilera historikoa» izan ei zen, «zama historiko handia eduki zuen enkontrua». Azpimarratu zen, baita ere, 18 urte zirela erregeak abertzale bat errezibitzen ez zuela eta abar. Oso kronika epel eta akritikoak izan ziren denak, ala gehienak.

Erregeari garrantzi eta zilegitasun hori ematea morrontza historiko baten azken aitortza iruditzen zait. Historiaren definizioa errege baten hartuemanean finkatzea, eta gehiago errege hori estatu zapaltzailearen ordezkaria denean, menpekotasun kroniko baten sintoma da. Historia ez al zuen herriak egiten? Erregearekin egin behar dena da Chamonixera bidali bere familia guztiarekin, xentimorik gabe, gehiago ez itzultzeko. Hori litzateke historikoa. Gauza gogorragoak esaten hasi gabe.

Bilera osteko deklarazioek ere asko harritu ninduten.Xabier Mikel Errekondok «inplikazioa» eskatu zion erregeari, gogo gabe eta legeak beharturik bildu zen erregeari. Kasik erabakitzeko eskubidera garaman lehen pausotzat uler zitekeen bilera. Utikan! Erotu gara? Espainiako erregeak Euskal Herrian inplikatu diren bakoitzean suntsipena etorri da, biolentzia, odola eta eskubide guztien murrizketa.

Iñaki Antiguedadek, berriz, Rajoyri «estatu gizon» bezala portatzeko eskatu zion, «estadista» izan dadin. Ez ba hori esan etsaiari! Estatu gizon portatzen bada, ez dizu zuri utziko beste estatu bat sortzen. Harekin ulertzera «kondenatuak» omen gaude. Nik kontrakoa esango nuke: politikak dauzkan ahalmen izugarriak ulertzen ez ditugulako gaudela kondenatuak etsaiari laguntza eskatzera.

Politikan dabilenak etsaia nor den oso ondo jakin behar du, etsaia zer den, zertan dabilen eta zer helburu dituen, zure helburuen kontrakoak baitira. Eta etsaia nola tratatu liburu askotan idatzia izan da; gehiago irakurriko bagenu! Hona laburpen bat:

1-Etsaiari ez zaio laguntza eskatu behar inoiz.

2-Etsaiari ez zaio eskua luzatu behar, moztu egingo dizu eta.

3-Etsaia ez da laudatu behar, berriki Otegik egin duen bezala, esanez Aznarren keinua, ETAri Movimiento Nacional Vasco de Liberación deitu zionekoa, ez genuela behar bezainbeste estimutan hartu.

4-Etsaiak informazio guztia dauka zutaz, beraz, babestu egin behar duzu zeure burua.

5-Ez zaio erantzun behar, soberan dagoela esateko ez bada. Ez alferrikako lanik hartu, Erregearen Gabonetako mezua aztertu zuten euskal politiko guztiek egin bezala.

6-Ez da etsaiaz fidatu behar, zu engainatzen saiatuko baita. Etengabea da gure politikoen letania tristea, «engainatu egin gintuzten» esanez belaunaldiz belaunaldi.

7-Ez zaio esan behar zer egin behar duen, horrela agertzen ari baitzara zure beharrak zeintzuk diren, eta hori erridikulo totala da politikan. Zure ahuldadea erakusten duzu, batetik, eta bestetik berak badaki, ez bazekien ere, zuk zer behar duzun, eta justu kontrakoa egingo du, bere helburua ez baita zuri laguntzea, zu suntsitzea baizik.

8-Etsaia ez da seduzitu behar, berarentzat gauzarik seduktoreena zu desagertzea baita. «Este es un mensaje para la sociedad española (…) para que haga lo que corresponda con el objetivo de llevar a buen puerto este proceso», esan zuen Errekondok.

9-Etsaiak ez dizu ezer zor. Barkamena eskatuko dizu zu baino azkarragoa izategatik historian zehar? Raxoyk Euskal Herriari zerbait zor diola irakurri nuenean, ondoan «flipante» idaztea baino ez zitzaidan atera.

Etsaiari egin behar zaiona da errealitate paralelo bat eraiki bere muturren aurrean, berak eskurik sartu ezingo diona, kontrolatuko ez duena, suntsitu ezin ahalko duena; orduan errespetatuko du euskaldunok erabakitzen duguna, bera baino indartsuago garela ikusten duenean, guri aurre egitea berarentzat suizidioa dela ulertzen duenean.

Horretarako egin behar da etsaia deslegitimatu, prestigioa kendu, errespetoa ezabatu, bere sedukzio ahalmena ahuldu, ez dadila interesgarria izan, erabakiorra, ezinbestekoa guretzat, protagonismoa kendu gure gatazkaren konponbidean. Bere erakundeak ez zaizkigula interesatzen adierazi behar da hauteskundeetara ez joanez; indar metaketa berdin-berdin egin daiteke hauteskundeen kontra, eta askoz ere eraginkorragoa da, bortitzagoa, tinkoagoa eta basatiagoa.

Hala dio Zizek filosofoak: «Zergatik gobernuak izuaren mende jartzen dira abstentzio masiboaren aurrean? Onartu beharra daukatelako bere boterea erabiltzea posible dela, soilik biztanleek onartzen badiete. Botere hori onartzen da baita hautestontzietan bere erretxazoa jarrita ere. Baina abstentzioa ukamen intrapolitikoa baino haratago doa: erabakitze-markoa bera ukatzen duelako».

Justu ezker abertzalearen desestrategia egiten ari denaren kontrakoa guztiz. Espainiako errege bati egin behar zaiona da gure lurraldean dauzkan ordezkaritza guztietatik ezabatu, Balentziaga museoa kasu, «pertsona non grata» izendatu lurralde osoan, eta hona etortzea debekatu, gogo guztiak kendu, arroztu.

Baina ez; Errekondok «Jauna, buenos días» esan zion. Sustantibo bat falta izan zitzaion; agian horrekin beste sustantzia bat hartuko zuen errege-saldak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.