Bakartxo Tejeria Otermin.

Etorkizuneko bizikidetza, bakean

2013ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ia hamazortzi hilabete bete dira ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik. Orain arte ezagutu ez dugun egoera honetan, euskal erakundeei dagokigu, beren aniztasuna errekuperatuta, beste etorkizun bat bermatzea, elkarrekin eta bakean. Hori da, hain zuzen ere, Legebiltzarrean eratu berri den bakerako eta elkarbizitzarako lantaldearen helburua.

Indarkeriak, giza eskubideen urratzeak eta amorratzeak protagonizaturiko hainbat hamarkadaren ostean, lehentasunezkoa da kultura berri bat eraikitzea, bakean eraikitako elkarbizitzarena, errespetuan eta elkar onartzean eta goreneko printzipio hierarkikoa den gizakiaren duintasunarekiko konpromisoan oinarritua.

Eta Legebiltzarrak izan behar du eztabaidarako eta akordiorako lekua, hemen dago-eta herri-subiranotasuna.

Begien bistakoa da ez dela erraza izango humanizazio eta errekontziliazio sozialerako prozesu bat bultzatzea, baina ez gara zerotik abiatzen. Azken hamarkadetan, zorrotza eta emankorra izan da bakea lortzeko eta giza eskubide guztien defentsarako egin den lana; eta Eusko Legebiltzarrean bultzatu diren ekimen ugariak Ganbera honen konpromisoaren isla zintzoak dira, bake integrala eta elkarbizitza demokratikoa etengabe bilatu izanarena, alegia.

Ekimen ugari haien artean, bakerako eta elkarbizitzarako lantaldeak aurreko legegintzaldian eginiko lanak ditugu, eta haiexek dira hemendik aurrera egingo den lanaren abiapuntua. Zenbait gauzetan aurrera egin dugu. Esaterako, onetsi egiten da ezen ETAk indarkeria behin betiko utzi ostean, «aktore politikoen era bateko eta besteko eskaerei erreparaturik, are hiru ekintza-ardatz ere izan genitzake esku artean: biolentziaren bukaeraren ziurtatze-egiaztatzea, elkarbizitzaren humanizazioa eta adiskidetzea, eta marko juridiko-politikoari buruzko eztabaida». Hiru ardatz horiek «hiru prozesu ezberdin dira» eta «lantaldearen bokazioa ez da, inondik ere, horiei guztiei ekitea, eta, are gutxiago, haiek nahastea edo batzuk besteei baldintzatzea». Izan ere, «lehenengo ardatza, biolentziaren bukaeraren egiaztatzeari dagokiona, Eusko Legebiltzarraren solaskidetza eta jarduera-eremutik harakoa da» eta «eztabaida politiko soilak merezi izango du, hala behar izatera, kudeaketa-marko bat berariazkoa eta lantalde honek ordezkatzen duenaz bestekoa». Hala jaso zen duela urtebete lanerako onetsi zen gidoian.

Hori horrela, argi dago bakerako eta elkarbizitzarako lantaldeak hau duela helburu: memoria, egia, justizia eta biktimak aintzatestea; humanizazio-politikak, elkarbizitzarako kultura berri bat bultzatzea eta espetxeen gaia; eta prebentziozko politikak gizarte-, hezkuntza- eta politika-eremuetan.

Gainera, metodologiaren oinarria ere erabaki da: entzutea, hitz egitea eta elkarrekin aztertzea. Eta gehiago ere esan behar da, are garrantzitsuagoa baita, printzipio bateratu batzuk ere erabaki dira. «Etorkizuneko bake eta bizikidetzak eskatzen dute indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina eta biktimen duintasuna onartzea, biktima guztiek merezi baitute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea», «erantzukizun printzipioa ezartzea: bakoitzak iraganean izandako erantzukizuna eta giza eskubideen urraketei dagozkien ondorioak zehaztu eta onartzea» eta «giza duintasunaren, pertsonaren eta horren ondoriozko giza eskubideen, eta lehenik bizitzaren errespetua beste edozein kausa edo ideia politikoren edo Estatu arrazoiaren gainetik eta aurretik dago». Oinarri horien gainean eraiki behar dugu etorkizuneko bakea eta elkarbizitza; eta badirudi gure herriko lau sentsibilitate politiko nagusiak bat datozela oinarriokin.

Horiexek dira zumeak. Badakigu zerk bereizten gaituen, eta ahalegindu behar dugu batzen gaituena aurkitzen. Helburua ez da denetan bat etortzea, oinarri batzuk finkatzea baizik, bakean eraikitako etorkizuneko elkarbizitza bermatzeko oinarriak.

Orain, lantaldeak aukera bat ematen digu, aurkari politikoaren jarrera entzuteko abagunea, eta, besteak zer iritzi duen jakin ostean, litekeena da adostasun-puntuak aurkitzea. Zaila da, baina posible eta beharrezkoa. Eta elkarrizketa barneratzaile, zinezko, arduratsu, begirunezko eta demokratikoa da hura lortzeko tresna. Entzutean eta ikastean oinarritutako elkarrizketa. Hitza da elkarrizketarako giltza, eta elkarrizketa ezinbestekoa da akordioetara iristeko.

Nik, Eusko Legebiltzarreko lehendakari naizenetik, hitza ematen dut ezen nire esku dagoen guztia egingo dudala gutxieneko akordio horiek lortzeko. Hautatu gaituen Herriari zor diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.