Etorkizuna iraganaren aurka

2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Maiatzaren 28an egin berri diren udal eta foru hauteskundeek, besteak beste, hausnarketarako tartea ematen duten bi kontu mahaigaineratu dituzte:

Lehenbizikoa, EH Bilduk Euskal Herri osoan izandako gorakada izugarria izan da, biziki nabarmena izanik lortu duen presentzia eta gidaritza Iruñean, Gasteizen eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan; hain zuen ere, azken horretan, alde dezente atera dio bigarren indar politikoa den EAJri.

Bigarrena abstentzio maila kezkagarria izan da, %40ra helduz. Gure gizartearen parte handi batek uko egin dio hauteskunde hauetan parte hartzeari, hain zuzen ere, normalean mobilizazio maila altuak izaten dituzten hauteskunde hauetan, bertan argiago ikusten delako ordezkari politikoak hautatzearen garrantzia politika publikoak mantendu edota aldatzeko.

Eta adi, herritarrak politikatik aldentzea sistema demokratikoaren krisiaren sintometako bat izateaz gain, eskuin muturraren haztegi ere bilakatu daitekeelako; jada etxe atarian dugun eskuin muturra, gainera.

Euskal politikak sinesgarritasun dosi handiagoen beharra du jendearen konfiantza berreskuratzeko. Baina, horretarako, lagungarria al da alderdi politikoek, batez ere hauteskundeak irabazi dituztenek, haien aliantzak berresteko moduak aztertzen egotea, herritarren konfiantza galdu izanaren arrazoiak zein diren aztertu beharrean?

Lagungarria al da sinesgarritasun politikoarentzat aliantza antinaturalak garatzea EH Bilduren gobernuak oztopatu ahal izateko? EAJk parte hartuko du euskal gizartearen borondatearen aurka doan «beto» horretan?

Gure instituzioentzat edota autogobernuarentzat lagungarria al da Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernagarritasunaren giltza PPko presidentearen eskuetan egotea, eta Genova kaletik mintzatzea, bere botoak «konstituzionalismoaren esku», haiek ulertzen duten modura, utziko dituela esanez?

Eskuin muturrarekin gobernuan dagoen eta Gipuzkoan hiru batzarkide baino ez dituen alderdi batek 22 batzarkide dituen alderdi bati kenduko dio gobernatzeko duen aukera, norabiderik ez duen EAJ baten laguntzari esker?

Politikak galdu duen konfiantza berreskuratzeko euskal gizartea entzun beharra dago. Eta euskal gizarteak EH Bildu bezalako alderdi baten aldeko apustua egin du, ezkerrekoa eta goranzko joeran murgildua, zeinak gutako askoren konfiantza duen politikaren norabidea aldatzeko. Hartzen dituen erabakiak Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat hartzen direlako, euskal herritarren ongizateari begira, eta ez Madrilen, alderdi batzuen bulegoetan. Uste dut EH Bildu dela euskal gizartearen baitan gehien aldatu den alderdia, gaur egun dena bilakatu arte, eta pertsona ezberdinok berarengan konfiantza izan ahal izateko.

EAJ eta PSE-EEren arteko aliantza iraganari lotutako aliantza bat da, sinesgarria eta ulergarria jada existitzen ez den ohiz kanpoko egoera batean. Aurrean ditugun erronkak izugarriak dira, eta hau gertatu da, denbora gehiegi daramagulako iraganeko politiketan murgilduta. Euskal enpresariek ohartarazi dute itzalaldi demografiko baten aurrean gaudela, eta ez dago belaunaldi ordezkapenik; familiak eta ugalkortasuna babestuko dituzten politikak behar dira, zeinak lotura estua duten politika fiskalekin; gure gizartea esponentzialki zahartzen ari da, eta horri aurre egiteko zaintza sistema prekario bat baino ez dugu, gure jendea zainduko duen eredu publiko eta berritzaile bat izan beharrean. Fiskalitatea eta gizarte politikak diputazioen eta udalen ardura dira. Jada oso berandu goaz, eta, hala ere, iraganeko politiken aldeko apustua egiten jarraitzen dugu.

Horregatik da beharrezkoa norabide aldaketa bat, garapenaren eta justizia sozialaren aldeko aliantza politiko berriak garatzea. Betoak eta iraganera lotutako begiradak soberan daude; ausardia behar dugu herriaren mesedetara egongo den politika erabilgarri baten aldeko emozioa eta konfiantza berreskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.