Inoiz ezagutu gabeko eta ezagutzea espero ez genuen testuinguruan gaude murgilduta. Eta halakoetan ohi denez, erdigunean, bai orain eta bai etorkizunean, zer kokatu erabakitzeko lehian gabiltza. Kontseiluak zalantzarik ez du herritarrek eta gizarte ongizateak hartu behar dutela zentralitatea, eta, ondorioz, herritarren oinarrizko eskubideen bermeak eta horien uztarketak izan behar dutela iparra, hizkuntza eskubideak barne.
Ez gara bakarrak halako irakurketa egiten. Europako Kontseiluak ildo bereko mezua kaleratu zuen hainbat estatu europarretan itxialdiak hasi bezain pronto: pandemiaren inguruan sortutako informazioa tokiko hizkuntzetan ere helarazi behar zela gogorarazi zuen, hizkuntza horietako hiztunen ongizatea bermatzeko. Bi egunen buruan antzeko eskaera egin zuen Lamberto Zannierrek, Europako Segurtasun Lankidetzarako Antolakundeko Gutxiengoen Aferetarako Goi Komisarioak. Herritarrentzat hain premiazkoa den osasun krisiari buruzko informazioa estatu hizkuntzetan ez besterik zabaltzen ari zela ohartarazi zuen.
Ezohikoa da mezua. Kontseiluak hizkuntza eskubideak gizarte ongizatearen berme direla behin baino gehiagotan errepikatu arren, nazioartean nekez entzuten den mezua delako. Horregatik da hain interesgarria Europako eskubideen jagole den Europako Kontseilua bezalako erakunde batek edota ESLAk berak, azaleko elementu folklorikoak alboratuta, hizkuntza eskubideen bermea gizarte ongizatearen erdigunean kokatzea. Are gehiago halako egoera berezi batean, are gehiago hizkuntza eskubideen urraketak han eta hemen gertatzen ari direnean. Baita gurean ere.
Euskal Herrian herritar askok Behatokira jo dute pandemiari buruzko oinarrizko informazioa erdara hutsean jasotzen dutela salatzeko; Europan bezala, hemen ere hizkuntza eskubideak urratzen ari direla begi bistan utzi dute. Horrek ez luke horrela izan behar. Ziurgabetasuna, ezjakintasuna, noraeza... hori guztia bizitzearekin nahikoa ez, eta herritarren bizkar geratu baita hizkuntza eskubideen betearaztea. Ehunka herritarrek ahalduntzeko jarrera hartu behar izan dute euren oinarrizko eskubideak defendatzeko, eta ez zaigu zilegia iruditzen: egoera zaurgarrietan indar handiagoa jarri behar da hizkuntza eskubideen bermean; herritarren arteko bereizkeria saihesteko, denen ongizatea bermatzeko.
Epe laburrean konpondu beharreko kontua dela uste dugu. Horregatik, Europako erakundeek nola, Euskal Herriko agintariei dei egiten die Kontseiluak beharrezko neurriak lehenbailehen hartzeko. Herritarrak ere ahaztu gabe: orain arte egin bezala, eskubide guztien alde ahalduntzen jarraitzea ezinbestekoa da.
Halere, ez diogu bizi dugun egoera bereziari bakarrik begiratu behar, etokizuna ere jokoan dugulako gaur. Izan ere, ohartzen hasiak gara egungo testuinguruak paradigma berriak ekarriko dituela, eta ekarri beharko lituzkeela. Egoera honek erakutsi baitigu gure gizartea zein sustrairen gainean hazi den, eta, beraz, inoiz baino premiazkoagoa dela herritarron eskubideak eta ongizatea erdigunera ekartzea. Elkar zainduz, elkar aitortuz. Egoera zaurgarrian dagoen kolektiboari arreta berezia eskainiz, inor baztertu gabe.
Hortaz, ardatz horien gainean eraikitzen hasi behar dugu gaurdanik etorkizuna. Denok: agintari eta erakundeek batez ere, baina baita eragileok eta herritarrok ere, epe ertain eta laburreko ibilbideak ere zehaztuz. Eta estrategia horietan ezinbestekoa izango da herri honetan hizkuntza gutxitua ere badagoela kontuan hartzea. Gizarte ongizatea ez ezik, kohesioa, berdintasuna eta justizia ere lortzeko oinarrizkoa delako.
Ardatz horien gainean jardun du euskalgintzak azken urteotan. Gure herria euskaratik eta euskaraz eraikitzea gizarte ongizatearen eta kohesioaren alde egitea ere badelako. Oraingoa bezalako egoera makurretan nabarmen geratu da hori: euskarazko sortzaile zein eragileek erantzukizunetik ari dira herritarrentzako hainbat eta hainbat ekarpen egiten, kontzientzia kolektiboa badagoelako eta inoiz baino beharrezkoagoa delako elkar laguntzea eta zaintzea.
Ondorioz, egunotan ikusi eta bizi dugunak balio beza etorkizuneko urratsen norabidea zehazteko, norbere erantzukizun eta ahalmenetik eta eskubideak hierarkizatu gabe. Herritarrak erdigunean ipini behar ditugu horretarako, gizarte ongizatea lehen mailara ekarri, pertsona eta taldeen eskubideak ziurtatu, eta, eskubideen jagole den Europako erakundeetako ordezkariek esan bezala, koka dezagun berezko hizkuntza erdigunean; horiek guztiak egiazko bihurtzeko oinarrizkoa delako. Euskararik gabe, hizkuntza eskubideen bermerik gabe, ez dagoelako etorkizun justu, demokratiko eta berdinzalerik eraikitzerik.
Etorkizuna gaurdanik eraikitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu