Etorkizuna alda dezagun

2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Pandemia hasi zenetik epidemiologiaz, immunologiaz eta farmakologiaz asko ikasi dugu. Txerto berriak garatzeko jarraitu beharreko prozeduran trebatu gara, frogen hiru faseak ondo ezagutzen ditugu, eta baita txerto desberdinen metodologiak ere (ARN bitartekoak edo adenobirusak erabiltzen dituztenak, beste askoren artean); eraginkortasun ezberdinekoak daudela badakigu, etengabe entzun dugu batzuk %65ekoa duten bitartean beste batzuk %99ra iristen direla behin bigaren dosia jarrita. Dibulgatzaile zientifikoek inoiz baino lan gehiago dute gaur egun. Baina txertoekin gertatzen ari dena ondo ulertzeko, pandemia etengabe zeharkatzen duen beste diziplina bati erreparatu beharko genioke: ekonomiari.

Duela urtebete ezinezkoa zirudien arren, hilabete gutxi batzuetan eraginkorrak diren ehunka txerto garatu dira. Hau, noski, buru-belarri ikertzen aritu diren milaka zientzialariei esker gertatu da, baina, hauen lana ahalbidetzeko diru kopuru erraldoiak bildu behar izan dira ere, baliabide ekonomiko hauen atal handi bat publikoa izan da. Europan erabili ditugun lehenengo hiru txertoen kasua adibide ona da, hirurek jaso baitute dirutza publikoa. Airfinity enpresak egindako ikerketaren arabera, Modernak 2.500 milioi dolar publiko jaso zituen Estatu Batuetako Gobernuaren eskutik, eta, Pfizerren kasuan, bere kidea den BioNTech enpresari Alemaniak 400 milioi dolar luzatu zizkion. Espainiako Osasun Ministerioren arabera, estatuak zortzi milioi euro inbertitu ditu COVID-19aren aurkako hamabi tratamendu esperimentaletan. Eta, diru laguntzez gain, aldez aurretiko erosketak daude; esaterako, AstraZenecari 2020ko udaran Europako Batasunak 336 milioi euro aurreratu zizkion.

Aldi berean, Osasunaren Mundu Erakundeak C-TAP mekanismoa sortu zuen; honen bitartez, ikertzaile guztiek koronabirusari buruzko informazioa eta aurkikuntzak partekatu zitzaketen, baina diru publikoa jasotzen ari ziren enpresa pribatu hauek guztiek ez zuten proiektuan parte hartu nahi izan.

Edonola ere, txertoak iritsi dira. Mendebaldera behintzat. Oraingoz, gutxi gorabehera txertoen %85 herrialde aberatsetan jarri dira. Ez hori bakarrik, zenbait enpresa farmazeutikok, nahiz eta aurrerakin erraldoiak jaso, ez dute adostutakoa bete eta herrialde aberatsek espero zituzten dosi guztiak ez dituzte jasoko. Ondorioz, hainbeste diru ordaindu duten gobernuen buruak etsiturik agertzen dira telebistan, gure osasuna enpresa pribatuen eskuetan utzi dutela hitz-erdika aitortuz.

Zentzugabekeria hutsean bizi gara: mundu mailan zientzian inbertitzen den diruaren zati handi bat publikoa da, ikerkuntza hauetan erabiltzen diren teknologia berri gehienak publikoak dira, hauekin aritzen diren punta-puntako zientzialariek unibertsitate publikoetan ikasi dute, baina txertoak eta beste hainbat sendagai eskuratzeko ditugun aukerak enpresa farmazeutiko pribatuen menpe daude.

Arazoa konpondu nahian, 2020ko udazkenean Indiak eta Hegoafrikak pandemia bukatu artean jabetza intelektualean salbuespen bat ezartzea eskatu zuten Munduko Merkataritza Erakundearen bileran. Honen bitartez patenteak ez lirateke bete beharko COVID-19a tratatzeko sendagaietan, txertoetan edo diagnostiko frogetan. Ideia hau ez da berria, zenbait kasutan aspalditik egiten baita. Adibiderik ezagunena gripearen aurkako txertoarena da. Birusaren mutazioak direla eta, txerto honen formulazioa urtero berritu behar da; berrikuntza hori lortzeko hainbat laborategiren arteko kolaborazioa ematen da, eta emaitza patenterik gabe argitaratzen da; horrela, txertoa era masiboan ekoitzi daiteke, gaixotasun horrek urtero sortzen dituen heriotza kopurua gutxitzeko. Baina herrialde aberatsek (Espainiako estatua barne), India eta Hegoafrikaren proposamenaren aurkako botoa eman zuten.

Enpresa pribatuek beraien etekinak gizakien bizitzen gainetik jartzea ez da batere harrigarria. Sinesgaitza dena gobernuen ekimen falta eta zinismoa dira. Tamalez, txertoarekin gertatzen ari dena ez da ezer berri, eredu ekonomikoaren beste sintoma bat baizik. Txertoen patenteak orain arte ezagutzen genituen banakakoen interesak gehiengoaren interesei gailentzearen beste adibideen artean sartzen dira: armen salerosketa, goseteak, baliabideen espoliazioa, kutsadura... Normalean, antolaketa ekonomiko honen ondoriorik latzenak hemendik milaka kilometrotara dauden herrialde pobreen biztanleek pairatzen dituzte. Baina oraingo honetan, herrialde aberatsek ere sufritu dituzte ondorioak. Milaka pertsonarentzat txertoa izatea bizitzaren eta heriotzaren arteko diferentzia zenean, eta AstraZenecak adostutako (eta ordaindutako) dosien %40 bakarrik ekoitziko zituela iragarri zuenean, zuzenean bizi genuen eredu honek dakarrena.

Oso momentu bitxia da oraingoa, laburra ere bai. Lehenengo aldiz ohartu gaitezke merkatua bizitzen gainetik jartzearen ondorioez, honen inpaktu zuzena jasaten baitugu. Gobernuei eredu aldaketa eskatzeko momentua iritsi da. Osasunaren Mundu Erakundea horren alde aurkeztu da, eta Europa mailan Right2Cure kanpaina garatzen ari dira zenbait erakunde. Orain ez badugu aurrera egiten, behin pandemia gainditzen dugunean ahaztu egingo zaigu, eta aurreko normaltasun zaharrera bueltatuko gara, zeinean munduko biztanle askok ez dituzten sendagaiak eskura. Etorkizuna alda dezagun, aska ditzagun txertoen patenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.