Ez itzuli bakarrik etxera. Ez ibili gune ilunetatik. Ez jantzi gona motzik. Ez gurutzatu industrialderik, ez bakarrik, ez taldean, gauean batez ere. Ez hitz egin ezezagunekin. Ez egin auto-stopik. Ez probokatu. Ez egin egin dantza lizunik. Ausarta izan, ez zaude bakarrik.
Zer izan, zer egin, zer esan, nola jantzi, norekin egon... esaten digute behin eta berriz gure segurtasuna bermatzeko asmoz. Guk, ordea, argi daukagu gure erabakia dela zer izan, zer egin, zer esan, nola jantzi edo norekin erantzi. Guk eraiki nahi ditugu gure bizitza eta harreman ereduak; sistema heteropatriarkal kapitalistak inposatzen dizkigun balioak deseraikiz.
Bizikidetza aitzakiatzat erabiliz, gure bizitza arriskuan jartzen duten ekintzak aurrera eramaten dituzten horiek dira erasotzaileak. Zer izan, zer egin, nola jantzi edota norekin egon librea den horretan; bizikidetza, elkartasuna eta laguntasuna nagusi den horretan, eraso egin diguzue. Gure bizi eredua zalantzan jarriz, eraso egin diguzue; gure segurtasunari eraso egin diozue,gure askatasunari eraso egin diozue. Bizitza erdigunean jartzen duen eta eredu hegemonikoetatik at sortzen den edozein proiektu erradikatu nahi duzue, baina guk argi daukagu hau ez dela guk nahi dugun bizi eredua. Guk gurean jarraituko dugu, maite dugun hori defendatzen eta bizitza erdigunean jartzen.
Gure segurtasunaren izenean aho betez hitz egiten duzuen horiei jakinarazi nahi dizuegu ez garela kikilduko. Sistema elektrikoa ez omen da segurua, baina segurtasunaren izenean ehunka pertsona argi gabe uztea, gune ilun bat sortzea, pertsonak etxebizitzarik gabe eta egoera prekarioan uztea, bai.
«Gomendioak» emateaz gain, ez duzue ezer egiten, ez erasoak ekiditeko, ezta herria bizirik mantentzeko ere. Ez duzue inoiz gaia errotik lantzen, ez duzue indarkeria sistemaren barruan ulertzen, eta herri mugimendua kriminalizatzen diharduzue egunero, herriaren «segurtasunaren» izenean. Adibide gisa, Errekaleor auzoan gertatu den azken erasoa.
Guk etxera bakarrik bueltatu nahi dugu, ez ditugu gizarte heteropatriarkalak guretzako dituen «gomendioak» jarraitu nahi, libre izan nahi dugu, sorgin eta libre, eta ahalik eta altuen hegan egin.
Oraingoan ez dizuegu sorgin ehiza hau burutzen utziko, hegan egiten ikasi baitugu. Inoiz baino biziago dagoen Gasteiz honetan, okupazioz, autogestioz, alternatibaz, feminismoz... beteta dagoen hiri honetan, zuen mehatxuek ez dute kabidarik. Bizitza erdigunean jartzea delitua bada, etor dadila inkisizioa gure bila, suaren inguruan dantzan harrapatuko gaitu.
Etor dadila inkisizioa gure bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu