Etnografiatik euskararen jatorrirantz

2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Datorren maiatzaren 12an, Euskararen Jatorriaren 7. Biltzarra egingo dugu Diman, oraingoan etnografia ardatz hartuz eta alor honetatik hizkuntzalaritzarako egin diren ekarpenei buruzko gogoeta eginez. Helburua hizkuntzaren historia ahalik eta puntu gehienetik ikustea da, eta, horretarako, iaz landutako genetikatik aurten ikusiko den etnografiara pasatuko gara, eta etorkizunean historia eta arkeologia ere lantzeko itxaropena dugu.

Eta etnografiaren argazki on bat izateko, nola ez, pasa den abenduan haren heriotzaren 20. urteurrena bete zenez, Joxemiel Barandiaran gogoratu nahi dugu ezinbestean. Izan ere, penagarria izan da horrelako pertsona garrantzitsu baten urteurrenean inork ere ez aipatzea gure historiarako, hizkuntzalaritzarako eta beste hainbat alorretarako hain garrantzitsua izan den eta Joxemielen bizitza osoko lana laburtzen duen bere teoria berretsita geratu dela orain zazpi urte: euskal populuak hemen daramatzagula 8.500 urte, lurralde honetan. Gainera, berak, epe hori «gutxienez» esan bazuen ere, genetikak momentuz 15.000 urtetara luzatu du iraupen hori.

Joxemielen urteurrenean gai hau inork ere aipatu ez izana harriduraz hartu genuen. Garesen egin genuen aurreko biltzarrean Marian Martinez de Pancorbo, Sergio Cardoso eta Stephen Oppenhaimer genetistek ezin argiago azaldu zutelako eta hedabideetan horren berri zabaldu zelako. Barandiaranen teoria berresteaz gain eta hemen daramagun denbora 8.500 urtetik 15.000 luzatzeaz gain, gauza garrantzitsu bat esan dute genetistek: Mendebaldeko Europa KEAL aterpetik populatu zela; alegia, Kantabria, Euskal Herria eta Akitania lurraldeetatik. Esaterako, britainiarrak genetikoki %70ean hemendik datozela edo irlandarrak %90ean… gauza gehiegi ongi bereganatzeko, antza. Egunen batean kontu hauek guztiak eskoletako liburuetan agertuko omen dira, baina, zoritxarrez, Joxemielen abenduko urteurrenean azaldu ere ez ziren egin.

Horregatik, 7. biltzar honetan Barandiaranen lanari ohore eginez, hizkuntzalaritza arloan aitz erroari buruz esan zuena sakonki aztertuko dugu. Haren ustean, erro hau duten mozteko tresnak paleolito garaikoak izan daitezke, hala nola aizkora, aitzurra, aizturra, azkona eta zulakaitza. Hau zuzena izan daitekeen ikusteko, proposamen hau zortzi alderditatik aztertuko da: Europako beste zazpi hizkuntzatan aizkora izendatzeko hitzak, aitz erroarekin lotutako toponimia, aitz eta harri kontzeptuen arteko loturak, hizkuntzalaritzaren antzekotasunaren printzipioa, hitz familia honek latinean dituen baliokideak, etab.

Ondoren, Julio Caro Baroja etnologo, antropologo, historialari eta hizkuntzalariaren zenbait lan ekarriko ditugu gogora. Nahiz eta Caroren iritziz ezin zen iberiera eta euskararen arteko loturarik ezarri, gauza modu irekian ikusteko zuen gaitasuna azpimarratuko da. Horretarako argitaratu zituen 30 liburuetako batean, Sobre la lengua vasca y el vasco-iberismoa gogoratu, senidetasun izendapenei buruz proposatutako etimologiak aztertu eta, amaitzeko, Nafarroan aurkitu ziren Barscunes txanponak izango ditugu hizpide, Julio Caro Barojaren eta Joaquin Gorrochateguiren ikuspuntuak aurrez aurre jarriz.

Etnografiaren gaiarekin jarraituz, Felix Zubiaga hizkuntzalariak errituen atzean dauden izendapen zein kontzeptuei buruz hitz egingo digu. Errituak, eta horien barruan jaiak adibidez, antzinako gertakizunen oroigarri izaten dira. Horrela, urtero gure oroitza astintzen eta antzinatearekin bat egiten dugu. Etnografian oinarrizko elementuen esanahiari buruz hitz egingo digu Felixek, hala nola Mari, Miel Otxin, Subilaro, Olentzaro, Trikuarri eta abarrei buruz.

Felixek errituak hizkuntzaren sorrerarekin bat datozela dio eta, «oroitzaren ariketa honi esker, euskarak gorde ahal izan du gaurdaino bere hitza argi eta esanguratsu». Errituaren funtsa argitzeko, izena eta mintzoa bateratu behar dira eta, horregatik, hizkuntza gizakia bere historia kontatzen hasi zenetik hasten dela dio.

Javier Goitia geografo eta ingeniariak laster argitaratuko duen liburuaren edukia aurreratuko digu. Haren iritziz, gaztelerazko ehunka hitzen etimologia argitzeko hurbilen eta argien azaltzen duen hizkuntza euskara da. Horrela, gazteleraz egunero erabili ohi ditugun hainbat hitzen proposamen etimologikoak egingo ditu euskaratik abiatuta.

Arratsaldean Baltzolako koben bisita mitologiko eta historiko bat egiteko aukera izango dugu, gure arbasoen bizilekuak hobeto ezagutuz. Ondoren, euskararen jatorriari buruz dauden aurreiritzi nagusiei buruz hitz egingo da eta, horretarako, Euskararen Jatorria: enigma europar bat dokumentala oinarri hartuko da, bertan horietako asko ondo ikusten direlako eta honelako galderei erantzunak bilatuz: Orografiari esker salbatu ote zen euskara? Latina eta beste hizkuntzak bezainbeste aldatu da? Ez al du ahaiderik gure hizkuntzak? Horretarako, Arnaiz, Naberan eta Zubiagak jardungo dute hizlari gisa.

Azken hitzaldia, nola ez, Euskal Filologiaren historian dagoeneko mugarri bihurtu den Arabako Iruñako grafitoei buruz izango da. Valentziako Luis Silgo arkeologo eta epigrafistak Aldundiko Batzordeko txosten arkeologikoan izan diren hutsuneak azalduko ditu. Ondoren, Hispanian kristautasunak II. mendean bertako hizkuntzetan izan zuen hedadurari buruzko testu garrantzitsu bat aurkeztuko du. Eta gero izen akitaniarrei dagozkien euskara garaikidearen baliokideak azalduz, Silgok grafitoetako zenbait izen erraz itzultzen ditu Batzordeko hizkuntzalarien mesfidantzak eta ezintasunak gaindituz.

Eta, Biltzarrari amaiera emateko, azken bi urte hauetan joan zaizkigun Sarkisian, Kapanaga eta Txillardegiri omenaldia egingo zaie, euskararen jatorriari eta Iruñako grafitoei egindako ekarpenengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.