Etiketen jokoa, baita sindikalismotik ere

2016ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Bilera batean sartzen zarenean, auzokoa, betiko lagunena edota politikoa dela ere, gorputzak mintzatu egiten dira. Hitzez ezer adierazi baino lehenago, etiketa edota aurreiritziak lanean hasten dira. Eta isiltasun horretan, gorputzaren lengoaia bidez edo kanpoko itxurarekin emandako informazio horrekin, normatibitateak antzematen dira. Arau inplizitu edo esplizituak, esaterako azalaren kolorea, sexua, adina, janzkera, keinuak edota era guztietako sinboloak (kulturalak, erlijiosoak, politikoak, eta abar). Zerrenda luzea da, eta are luzeagoa litzateke emango lukeen jokoa.

Mundu sindikalean ere, zehazki ELAn, etiketek badute zer esana: batetik, kanpotik ezartzen dizkigutenek, baina baita sindikatuaren imajinarioan eta praxian indarrean dauden horiek ere. Mundu sindikalak, eta lan munduak oro har, jendartea eta beronen arauak islatzen ditu, kontrabotere izanagatik ere.

Hain zuzen, oraingoan ustezko genero-identitate edota hautu sexualekin jokatu nahiko genuke, «betidanik» tradizioz eta arauz ezarri izan direnak. Heterosexuala izatea da normala, edota araua. Zuria, gizonezkoa, delako klase ertainekoa, aniztasun funtzionalik gabea, edo Euskal Herrian erdaldun izatea bezalaxe, beste faktore askoren artean.

Heteronormatzat hartzen da hain zuzen sistema sozial bat, harreman sexu-afektiboko eta familiako eredu zuzena. Hortik kanpo dagoen guztia ez da normala; anormala da. Anormala, pertsonak hertsatu, baztertu eta ikusezin bihurtzeraino; izan ere, diskurtso politiko zuzenak eta aurrerapauso konkretuak izan arren, arauak definitzen baitu zer den ikusteko modukoa eta garrantzitsua jendarte honetan.

Horrela, genero-binarismoa zalantzan jartzea ez da garrantzitsua; emakume eta gizon gisa nola eraikitzen garen ez omen da politikoa. Familia-eredu tradizionala zalantzan jartzea ez da garrantzitsua; ezta heterosexualitatea arau gisa eztabaidatzea ere. Litekeena da «zentzuzko» jendearentzat hori araua ere ez izatea, natura besterik ez.

Taxuzkoa bazara, genero-rolei eta hautu eta identitate sexualei dagokienez, jendarte honetan salbu zara. Baina nork eta nola ezartzen ditu etiketa horiek? Erantzun zuzena azkenean botere faktiko nagusiak izango dira; heteropatriarkatua, kapitalismoa eta kolonialismoa, hainbat adierazpidetan. A zer saltsa zentzuzko jendearentzat!

Halere, zanpaketa beldurgarria den arren, gure esku dago jokabide horri ez eustea ere. Ez dugu fantasiazko munduetan sinetsi beharrik; ez dago sistema bat-batean aldatuko duen formula magikorik; mugitzekotan, geuregandik hasiko da, gure kontzientziatik eta guztion kontzientziatik abiatuta. Gauza da besteen larruan jartzea, «salbu» bazaude ere; hots, guztiok gara lesbiana, beltz, itsu edota prostituta... horrek batzuei egonezina eragingo badie ere.

«Baina» gogaikarri eta likits horiek kendu behar ditugu: «Niri bost axola bi neskak elkar maitatzea, baina ez dezatela nire aurrean musurik eman»; «ni ez naiz arrazista, baina ziur nago beste herrialdeetatik datozen pertsonak gu baino matxistagoak direla»; «garuna operatuta ere, nik uste dut transexualak ez direla pertsona egonkorrak». Noski, zerrenda horrek ez du amairik. Eta argi dago badagoela nondik hasi, sindikalismoan nahiz gure eguneroko bizitzan kontzientzia eginez momentu oro.

Aipatu diren moduko «baina» horiek pertsonen oinarrizko eskubideak aitortzerakoan benetako zartadak dira. Etiketa eta diskriminazio horiek bizitzak baldintzatzen dituzte.

Inork ez badu hori garbi ikusten, analiza ditzala joan den ekainaren 12an Orlando eta mundu osoko LGTBI+ komunitatearen aurkako estigmatizazio eta gorroto eraso bortitzaren zorigaiztoko ondorioak. A! Barkatu! Orain hilketa masiboaren errua islamarena da eta heteropatriarkatuak ez du zerikusirik horrekin. Ezta emakumeen aurkako eraso eta erailketekin ere. Benetan?

Horregatik, ELAk onartzen du etiketak kentzen hasi behar dela, eta agenda politikoan goi-goian ez dauden pertsona horien larruan sartzen. Sindikalismoak hori egin izan du. Borroka desberdinak gurutzatzea, uztartzea, ezinbestekoa da oraindik, bidean urratzeko etiketa ugari geratuagatik ere.

Ekainaren 28an denok, bereizketa zein etiketarik gabe, kalera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.