Espainiar Estatuak terrorismoa erabili du, frankismo garaian ez ezik, baita ondoren ere. Horixe utzi zuten oso argi Deustuko Unibertsitateko bi kide garrantzitsuk, Xabier Etxeberria Etikako katedradun emerituak eta Galo Bilbao Etikako irakasleak.
Izan ere, elkarrekin idatzi eta 2005ean argitaratu zen lan mardul batean, honako hau adierazi baitzuten: «Terrorismoa dago giza eskubideak urratzen diren hainbat egoeratan (gehiegikeriak lege batzuetan, arbitrariotasun judiziala, tratu anker eta torturak, talde paraestatalak sustatzea antiterrorista gisa)».
Lan hartan, honako hau ere esan zuten: «Estatuaren ekintza terrorista nagusia tortura da». (Etxeberriak 2006an zehaztu zuen tortura dela Estatu terrorismorik larriena), eta biek ideia berbera garatu zuten beste hainbat lanetan.
Hala ere, bat-batean, batere azalpenik eman gabe, Galo Bilbaok iritzia aldatu zuen. Harentzat, 2007an ezbairik gabe Estatu terrorismoa zenak, 2009an utzi egin zion izateari. Orduan idatzi baitzuen ez zituela terroristatzat hartzen «gehiegizko indarkeria edo giza eskubideen urraketa nabarmena ekarri duten ekintza judizial, politiko edo polizialak (adibidez, tortura)».
Xabier Etxeberria aldaketa hura justifikatzen saiatu zen, esanez: «Terrorista nor den zehazteko orduan, bi aukera hartu behar dira kontuan: bata inklusiboagoa eta bestea murritzaileagoa [Estatu terrorismoa ukatzen duena]», eta gaineratu zuen, berarentzat, lehen aukera zela egokiena, «pentsamendu etiko-politikoan oinarritua» zegoelako, baina...
Nolanahi ere, 2009. urteaz geroztik, ez Etxeberriak ez Bilbaok aipatu dute berriro tortura beraien lanetan. Eta ez dute inongo kezkarik agertu torturaren biktimei buruz. Zer esanik ez bien jarrera hura ez zela izan batere etikoa, 2009az geroztik torturaren errealitateari buruzko hainbat lan garrantzitsu egin eta argitaratu baitira.
Galo Bilbaok estatu-terrorismoari buruz izan zuen bat-bateko iritzi-aldaketa hura ere ez zen izan batere etikoa, eta une zehatz batean gertatu zen. Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek orduan erabaki baitzuten segurtasun indarrek torturatuak ez zirela Estatu-terrorismoaren biktima. Torturapean hildako hainbat herritar (Joxe Arregi, Mikel Zabalza...) «polizia-gehiegikerien» biktima izan omen ziren, ederki dakiten arren termino horrek ez duela inolaz ere islatzen haiek jasandako sufrimendua. Eta nabarmen diskriminatzen dituela.
Nazioarteko legeriak dio tortura eta harekiko konplizitatea gizateriaren aurkako krimenak direla. Espainiar epaileek muzin egin diote erabaki horri eta ez dute batere kontuan hartzen berriki aipatu dudan Etxeberriak salaturiko torturaren errealitate gordina. Bere lanetan, argi utzi baitu gaur egun «sekretupeko tortura» praktikatzen dela, ezkutukoa.
Xabier Etxeberriak ezin argiago azaldu du ezkutatze horren eragina: «Batetik, torturatzailearen inpunitatea bermatzen du eta, bestetik, izan daitekeen babes falta handienera kondenatzen du biktima, ez soilik torturatzen dutenean, baita egin diotenarengatik justizia eta erreparazioa eskatzeko orduan ere».
Espainiar epaileek torturatuen gain jarri izan dute beti frogaren zama, eta hori behingoz konpondu beharreko injustizia itzela da. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak aspaldi proposatu bezala, tortura eta tratu ankerrak salatu dituztenei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jarriz.
EHUk Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketa pauso garrantzitsua izan zen. Frogaren zama tortura salatu dutenen gain jarri arren, modu egokian egin baitzuten, haien sinesgarritasuna Istanbuleko Protokoloaren bidez neurtuz.
Hori bai, torturatuak izan direla salatu dutenen sinesgarritasuna neurtu ondoren, guztiz beharrezkoa da tortura ukatzen dutenen gain jartzea frogaren zama. Hori modu askotan egin daiteke. Erraz askoa den modu bat proposatzera nator.
Ukatzaileen arabera, espainiar gorputz polizialek «batere indarkeriarik erabili gabe» lortu izan dute inkomunikaturiko euskal militanteek den-dena «zehatz-mehatz» aitortzea. Aldi berean, ordea, behin eta berriro azpimarratu dute militante horiek «ohiko isiltasuna» gorde dutela frantziar Estatuan atxilotu dituztenetan. Aitorpenak trumilka batean, isiltasuna errege bestean.
Horregatik, nahikoa da logika hutsa aplikatzea zer gertatu den ondorioztatzeko. Espainiar eta frantziar estatuen arteko kontraste izugarri horrek garbi erakusten baitu espainiar Segurtasun Indarrek hamarkadetan erabili duten sekretupeko tortura. Etikoki jokatzen duen orok erraz asko ikusi beharko luke, behintzat.
Ez al da egia, etikaz hainbeste dakizuen Xabier Etxeberria eta Galo Bilbao jaunak?