Etika, birgizarteratzea eta justizia errestauratiboa

Edurne Albizu, Sergio Campo, Maite Leanizbarrutia, Xabier Mugarza, Pello Salaburu, Txema Urkijo eta Sabin Zubiri
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
ETAko presoen aldeko erakundeek urteroko manifestazioa egin dute aurten berriz ere. Ezker abertzalea buru-belarri murgiltzen den ia urteroko mobilizazio honek manifestaziotik haratago doan dimentsio estrategikoa du. ETAko presoak historian zehar ezker abertzaleko heroi martiritzat harturik, tankera honetako deialdiak, erritu kutsuaz haratago, izaera emozionaleko elementu bateratzaileak dira espazio horretan daudenentzat. Xehetasunez prestatuak: urrats, hitz edo sinbolo bakoitzak helburu kontziente bati erantzuten dio, inprobisaziorik gabe.

Baina hau guztia ez da beti hain agerikoa izan, eta ezker abertzalekoak ez diren hainbat eragile politiko eta sozial deialdiarekin bat eginez eta deialditik baztertuz joan dira, babesak zer esan nahi zuen ohartuz joan diren neurrian. Holako manifestazioak hain dira erritualak non ezin baita ukitu ezta letra bat ere, edukiaren funtsari dagokionez. Horrela, Bakearen Aldeko Koordinakundeak (BAK) 1999ko su-etenaren urtean deialdia lehenik babestu, eta, berehala, handik alboratu zen. Edo EAJ, 2012an betiko baztertu zen. Baita ezkerraren zati batzuk ere (Euskadiko Ezkerra, IU, Podemos...) eta CCOO sindikatua, beren jarrera aldatuz joan diren heinean. Dena den, babes puntual horiek, nahi izan gabe ere, adierazgarritasuna eman diote eta giza eskubideen aldeko ekitaldi gisan legitimatu. Eskaerak justiziazkoak izaki, presoak hurbiltzea eta haiei tratu humanitarioa ematea defendatzeak eraman ditu jarrera partekatuetara hain heterogeneoak diren talde hauek guztiak.

Baina gaur presoetatik %90 Euskadi eta Nafarroako espetxeetan daude, eta gainerakoak ondoko presondegietan: Kantabria, Burgos, Errioxa, Lannemezan... Tratu humanitarioari dagokionez —horren erakusgarri handiena gaixotasun larria dutenen egoera da— konponbidea aski aurreratua da. Aldaketa horiek denen arteko zeharkako adostasuna baitzuten, neurri handi batean.

Bi kontu horiek —hurbilketak eta tratu humanitarioak— alderdiak, sindikatuak eta gizarte eragileak elkarren artean batzea lortu dute, eta azkeneko hamabost urte hauetan ezker abertzaleak amnistiaren alde egin dituen deialdietan tokia hartu dute. Aurten, ordea, presoen aldeko agenda aldatu da, eta etxera lelo berriak funtsean lehenagoko eskaera, amnistia, estaltzen du: preso guztiak hirugarren gradura (lo egiteko bakarrik itzultzea espetxera).

2011n, ETAk armak utzi zituenean, 700 kide baino gehiago zeuden espetxeetan. Orain 180 pertsona inguru daude askatasunik gabe. Ia inor ere ez dago lehen graduan: ez dira gutxi hirugarren graduan. Arrazoi humanitarioez gain eskuratutako gradu-progresio horrek ezinbesteko egiten du (LOGPren 72. artikulua) presoak, banaka, indarkeria alde batera utzi duela frogatzea, gizartean barkamena zintzoki eskatzea, edo delituen biktimei barkamena eskatzea: birgizarteratze bideari edo justizia errestauratiboko bideari espresuki ekitea eskatzen du legeak.

Euskal gizartearen oinarrizko adostasuna da justizia errestauratiboa, eta hemendik aurrera justizia eta etikatik ekin ahal izateko memoria ahazten ez duen bizikidetza. Adostasuna ezin dugu alferrik galdu. Horra iritsi gara azkeneko hamarkadan abian jarritako benetako esperientzia batzuei esker: elkarte bakezale eta giza eskubideen aldekoek egindako lana, Maixabel filma, La mirada del otro antzezlana, Langraiz bidea deitutako ekimenaren protagonistak eta abar.

Duela gutxi arte birgizarteratzea eta justizia errestauratiboa traiziotzat jotzen zituen ezker abertzaleak: Langraiz bideko kideak ETAko presoen (EPPK), Etxerat-en eta Sareren preso zerrendetatik kendu zituzten, eta haien jaioterrian baztertzen saiatu. Gaur, ordea, hori formaz bere egiten dute, edukia desitxuratuz. Jarrera horrek alerta guztiak piztu behar ditu, gure bizikidetza goiztiar eta prekarioarentzat gai hain erabakigarri eta sentibera izanik. Erakunde, alderdi eta gizarte-eragileek arreta handiena jarri behar dute, ez baita ezer ere kaltegarriago eta birbiktimizatzaileago egiazkoak ez diren barkamena edo damua baino. Armagabetzearen eta taldearen desegitearen justifikazioak hitz jokoak onar ditzake. Biktimei eta euskal gizarte osoari zor zaion barkamenak, aldiz, ez.

Birgizarteratzearen eta justizia errestauratiboaren alde inork ere egiten ez zuen garai hartan, gu alde atera ginen, kritika basatien artean. Gai honen inguruan adostasun sozial handia dagoen garai honetan, ohartarazi nahi dugu ezker abertzalea kontu honen edukia hustu eta desitxuratzen saiatzen ari dela. Hori dela eta, funtsezko lau puntu aldarrikatu nahi ditugu: birgizarteratzeak banakoa izan behar du, ez kolektiboa; dimentsio etikoa behar du, bai ala bai; ezker abertzalearen zuzenketa publiko eta zintzo batek birgizarteratze prozesuan lagun dezake, baina banakoen tokia hartu gabe; eta azkenik, liskar politiko edo alderdikeriek urrun egon behar dute prozesuan.

Lehenengo bi puntuak, espetxe-legeriak agintzen duenaren ekarpen zuzenak dira, baita Nazio Batuen erreferentzia bat ere Presoen Tratamendurako Nazio Batuen Gutxieneko Arauetan (4., 89., 91., 92., 94. eta 95. arauak). Hirugarrena eta laugarrena, iraganaren berrikuspen kritikoaren egiaztapenari dagozkie: egindako minaren bidegabekeria aitortzeak, berriz, espetxe-politika birgizarteratzailea bultzatzen du, memoria deslegitimizatzen du eta ez errepikatzeko bermeak dituen bizikidetza demokratikoarekin lotzen du.

Gai horietako bat bera ere ez da ez aipatzen ez agertzen manifestazioaren deialdian, edo ezker abertzaleko presoen aldeko agendan. Hausnarketa sakona eta eztabaida sozial lasaia behar duen errealitate hau kezkagarria da. Giza eskubideak ardatz hartuta, presoen birgizarteratzea ezin da egin haien delituen dimentsio etikoari eta biktimei erreparatu gabe.

Aipatu horiek gutxieneko oinarrizko puntuak dira, eta ezin dira faltsutu hizkuntza anbiguetateekin, ezta edukia huts adierazgarriekin ordezkatu ere. Artikulu honen sinatzaileek ez dute zalantzan jartzen dagoeneko konponezina den iragana; kezkaz betetzen gaitu bizikidetza justu eta demokratikoan oinarrituriko etorkizunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.