Batzuek bost eguneko etenaldia behar dute; beste batzuok, ordea, hamabost, lau edo/eta zazpikoa... Korrika amaituta, ez da erraza izaten aje emozional zein fisikoa iraultzea. Aurten ere gauza bera gertatu zaigu: 23. Korrika bukatu eta egun batzuetako etenaldia egin behar izan dugu gure egunerokoa bere horretara itzul dadin.
Izugarria izan da, inoizko Korrikarik handiena. Irun eta Baiona lotu ditu, 2.792 kilometro egin ditugu eta lekukoak 4.860 eskutan baino gehiagotan izan du habia, eroso bezain harro. Hamaika egunez, ametsetako Euskal Herri euskalduna sortu dugu, elkarrekin bultza eginda. 11.000 laguntzaileren sarea osatu dugu eta, euskararen herritik harago, munduko 50 txokotan baino gehiagotan izan du oihartzuna Korrikak. Ozen oihukatu dugu herri harroa garela, euskaraz bizi nahi duena.
Eta orain zer? Galdera hori egiten diogu askok eta askok geure buruari. Atera gara kalera, 10 egun eta 11 gau eman ditugu Euskal Herri osoan zehar aldarri baten lelopean, euskararen alde; eta orain, zer? Zer gehiago egin behar dugu gure asmoak entzunak eta aintzat hartuak izan daitezen? Beste behin ere argi geratu da euskarak gure beharra duela, euskarak ekosistema oso baten beharra duela. Beraz, noizko dira gizartearen arlo oro bustitzeko hizkuntza-politikak? Jakitun baikara politikok ezinbestekoak direla euskarak bere izan dezan ekosistema oso hori...
Garaia da 23. Korrikaren aldarri horri erantzuna emateko. Korrikak batzen gaitu, batu gaitu eta batuko gaitu; Euskal Herriko aniztasun koloretsuaren ispilu izan da, eta guztiok gauza batek eta bakarrak batu gaitu: euskarak. Horregatik, Euskal Herriko instituzio nagusiek ezin dute beste alde batera begiratu, entzungor egin, Korrika osteko etenaldiaren ondoren betiko ildoan jarraitu. Oso erosoa da Korrikan parte hartzea —egun ezin da inor at geratu, denok izan nahi dugu parte-hartzaile—, baina parte-hartzea aktiboa izan behar da, ezertarako balioko badu. Baldin eta nork bere erantzukizunak bere gain hartzen baditu, gertuago egongo gara euskararekiko konpromisoa betetzetik; bestela, zertarako hau guztia?
Korrika ez da soilik euskararen aldeko jai erraldoia, ez: hori baino askoz gehiago da. 43 urte luze daramatzagu euskararen aldeko kontzientzia suspertzen; ehunka mila lagunek hartu dute parte; ekimen babestua eta maitatua da, zalantzarik ez. Eta, oraindik ere, AEK-k beharrezko du, biziraun ahal izateko. Korrikak kaleak bete ditu, eta orain euskaltegiak betetzea da erronka, ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko, erabilera astintzeko eta kontzientziazioan egindako urratsei tinko eusteko.
Guk jarraituko dugu Korrika antolatzen, euskararen normalizazioan pausoak eman daitezen aldarrikatzen, euskal komunitatea saretzen. Bost eguneko etena, hamabostekoa edo behar bestekoa balia dezagun Korrikaren herri-gogoak eta indarrak egunerokoan aurrera jarraitzeko. Geuk aurrera segitzen dugu, eta jada bagabiltza 24. Korrikaren antolaketan. Finean, egiazko etenaldirik ez da.