ETB1, nahierara

2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Nahierara darabilte ETB, nahi duten moduan. Nahierara eta edonola: ez ipar, ez hego. Zentzugabekeria aldrebeskeriaren gainean, kezka sozialik eta ardurarik gabe darabilte denon artean ordaintzen dugun telebista.

Duela bi urte hartu zuen alderdi sozialistak Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio-enpresa publikoen ardura bere mende. Egun, kalte larria hartuta dago erakundea, batez ere telebista, eta denen gainetik euskarazko katea.

Atzeraezinezko gainbehera kiribilera bota dute ETB1: zuzendaritza espezifikorik gabe dago, ausardia enpresarialik ez du, eta entzuleria euskaldunaren arbuio pasiborik borobilenera da kondenatua.

Gurasorik gabe

Ez da berria egoera, baina pasa den asteko dimisioak zeharo ilundu du panorama berez goibela. Ahula da, oso, botere-organigrama EiTBn. Ahulago orain.

2009an hartu zuen Zuzendaritza Nagusi berriak bere ardura EiTBn. Morokil bero errea jaso zuen, ongi zigortua utzi baitzuten aurrekoek denon etxea, komunikazio-erakunde publikoa batzoki baten gisara urtetan gobernatu eta gero.

Baina, marka guztiak haustera zetozen oraingoak. Urtebete behar izan zuen Zuzendaritza Nagusi berriak kargua hartu eta ETB1ek jada sufritzen zuen gainbeheraz konturatzeko. Urtebete, porrot argiaren diagnosia egiteko. Ez sendabideak marrazteko, baizik eta ebidentziaren deskribapena egiteko.

Zuzendaritza Nagusiaren konfiantzazko kazetari bati eman zioten analisiaren ardura. Hark eztabaida-taldea sortu zuen etxean (ETBn), eta bere ondorioak jarri zituen mahai gainean: zentzuzkoak asko, ausardiazkoak batzuk, interesgarriak gehienak.

Bigarren urte oso bat behar izan du Zuzendaritza Nagusiak txosten hartan iradokitzen zen urrats estrategiko bat egiteko: ETB1eko Edukien Zuzendaritza sortu eta ETB1en etorkizunaz hausnartzeko lantaldea abian jartzeko. Erraz esaten da, baina seiehun egun behar izan ditu Zuzendaritza Nagusiak urrats horiek egiteko. Bi urte.

Eta hemen da, badator alderdi sozialistaren aginteko hirugarren urtea, eta hara non ETB1 berriztatzeko ardura zuen zuzendari hark bere kargua utzi duen. Artean, eztabaida-taldeak bilera bakarra egin du. Bakarra.

Ardura horretarako ordezkorik ez du izendatu EiTBk. Zuzendari Nagusiak berak hartu dueuskarazko katea eraberritzeko lantaldearen ardura. Helburuetan ez da aldaketarik izango, hala dio. Eutsi egingo zaio lan-ildoari, hala dio.

Onak, hitzak. Handia, arazoa. Zuzendari Nagusia ez da euskalduna, ez daki euskararik. Ez ote da euskaldunen artean lan hori egin dezakeenik? Itsuturik dabiltza sozialistak, zeharo.

Presio sozialaren beharra

Iparrak eta hegoak galduta, ezinak azalean, burua altxatzeko borondaterik ez duen Zuzendaritza ahul baten eskuetan, presio soziala da aterabide posible bakarra.

Agonian dago ETB1. Hilik nahi dute. Ez al du inor biziki gaitzituko egoera horrek?

Zerbait egin behar du Kultura Sailburuak. Esku hartu beharra dauka. Modu zuzenean hartu ere. Badaki hark euskaraz ikastea zein zaila izan daitekeen, badaki zer erkina den euskararen erkidego linguistikoa, badaki zorriak zer min eragiten dion ahulenari. Ezin du begiak itxita jarraitu.

Euskal kulturgintza deitu izan diogun horrek ere zerbait egin beharko du. Gaizki ala ondo aritu, badakigu denok zer den erreferentziazko telebista publiko euskaldun bat izatea. Bai eta ez izatea ere. Ez dezagun faltan bota arbasoa, betiko joan denean.

Unibertsitate-jakitunok ez al dugu ezer esan eta proposatu behar? Antzerkigileak, pozik al zaudete egoerarekin? Txirrindulariak, noizko zuen ekarpena? Zinema onaren zalerik ez al du herri honek?

Botoa eman berri diegu herri honen diseinua garatu behar duten alderdi, koalizio eta plataforma zenbaitzuei. Aurtengo hauteskundeak igaro dira, ez da izan hauteskunde-agendan euskal komunitate linguistikoaren zutabe garrantzitsu den ETB1en gaineko eztabaidarik, egon ez den bezala euskararen beraren egoera soziolinguistikoari buruzkorik. Segituan datoz hurrengo hauteskundeak. ETB1 hondotik ateratzeko, alderdien arteko hitzarmen estrategikoa behar da. Eta horretan laguntzen ez duenak badaki kare bizia ari dela botatzen ETB1en begietara.

Odola ponpatu beharra du bihotzak, biziko bada. Hil ala biziko kontuetan, erabakiak hartu behar izaten dira. Ez da beti asmatzen, baina saiatu ezik segurua da porrota.

Mihi gaiztoek diotenez, alderdi sozialistak eta popularrak erosia dute jada ETB1entzako hilkutxa. Neurriak hartuak omen dizkiete horiek bai euskarazko telebistari berari baita euskal ikusleria axolagabeari ere. Kitto?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.