Kataluniako TV3 kateak ustelkeriari buruzko eztabaida interesgarria eman zuen duela aste batzuk, telebista publikoaren funtzioaren adibide ederra. Gonbidatuen artean ustelkeriaren kontrako borrokan zeresana duen jendea: David Fernandez, Pujol kasuko komisioko lehendakaria, eta Sonia Gutierrez epailea, katalan hiztunak biak ala biak, baina baita Ignacio Escolar espainiarra (hainbat ustelkeria kasu azaleratu dituen eldiario.es-eko zuzendaria) eta Simona Levi italiarra ere (ustelkeria kasuak anonimoki salatzeko Buzón X gunearen sortzailea). Hizkuntza katalana ardatz, gazteleraren presentzia errealitate diglosiko eta gatazka linguistiko baten isla moduan ulertu nuen.
«Noski», esango duzu, «katalana askoz errazagoa da gaztelera jakinda da, eta elkar ulertzea askoz arinagoa» (begi bistakoa dena, bestalde). Uste zabaldua da euskaraz ezin daitekeela halakorik egin. Saiatu al gara inoiz?
Localia katean, Jon Balentziagak aurkezten zuen Realari buruzko saioan txandakatu egiten zituzten euskara eta gaztelania. Kilometro batzuk harago, Suitzako telebistaren adibide honekin egiten dugu topo: Federer eta Wawrinkari egindako elkarrizketa batean, aurkezlea alemanez mintzatzen zaio Federerri, frantsesez Wawrinkari. Zer nahiago duzu, kazetari ona ala elebiduna?
Bitartean, Euskal Telebistari begiratzen diot eta ondorio batera iristen naiz: ETBk kate jeneralista bakar bat du, ETB2, gaztelera hutsean. ETB1 euskararen kanal tematiko moduan ulertzen dut, zerbitzu minimoa ematen diona euskal hiztunon komunitateari. Burbuila bat: Arraldetar euskaldun batek arma trafikatzaile talde euskaldun-armeniar bat desegin dezake euskaraz, baina diglosiarekin zerikusia duen errealitate oro saihestu egiten du Goenkalek.
Izan ere, simulakro bat da ETB1: bozeramaile askoren harri-kartoizko adierazpen traketsak, komunikazio-gaitasunik gabeko gonbidatuak (oreka politikoaren izenean, amen), hainbat zerrendabururik gabeko 2.B mailako hauteskunde-eztabaidak, edozein zabor-formularen kopia gatzgabeak, Ero eta bero, Gagnorarik gabe... Egia da, saio duinak, beharrezkoak eta interesgarriak ere aurki daitezke gag eta gag artean, profesional handiak falta ez diren seinale. Baina pena da tamaina horretako langileek zentraltasunik ez izatea ETBn, euskararen kanal tematikora zokoratzen direlako, herritar askorentzat ikusezin. ETB2ko zenbat ikuslek daki nor den Maddalen Iriarte? Urtzi Urkizuk aipatu moduan, zergatik promozionatzen du ETBk gehiago El Conquistador Herri Txiki Infernu Handi baino sare sozialetan?
Halaber, simulakroa da ETB2 ere, ikusle erdaldunari existitzen ez den errealitate elebakar bat erakusten diolako, eroso senti dadin bere baskotasunean, euskaldunon kontu linguistiko ziztrin horietaz arduratu beharrik gabe. Egin dezatela denek gazteleraz El Conquistador-en, egingo dugu gero 101 Gaztelu edo antzeko memelokeria bat euskaltzaleenentzat. «(amaitu da simulakroa, lasai) Orain gazteleraz, Teleberri-rako». Euskadi Pregunta-n galderak soilik gazteleraz, politikari elebakarrak eskubidea baitu entzungailurik behar ez izateko (herritarraren galdera ulertzeko gai ez dela ezkutatzeko eskubidea, entzungailutik itzulpena jaso arteko segundo ezeroso horiek saihesteko eskubidea, herritarraren hizkuntzan erantzuteko gai ez delako lotsagorritu behar ez izateko eskubidea).
Telebista kate nazional bat nahi eta bi simulakro autonomiko ditugu ordainetan.
Purrustada hau guztia euskara ardatz izango duen ETB nahi dudala esateko, non gaztelerak (eta frantsesak, zergatik ez) tokia izango du(t)en. Zein toki, zein kuota, nola? Egiari zor, ideiarik ez dut, ez bainaiz profesionala, soilik oso noizbehinkako kontsumitzaile. Kontziente naiz, halaber, TV3 eredua ezin dela zuzen-zuzenean ekarri Euskal Herrira, errealitate linguistikoa oso delako ezberdina, eta bide orri bat marrazteko gai ere ez naiz. Jokoan dagoena, nire ustez, telebista-kate kontzeptua pixkanaka lausotzen ari den garaiotan, euskarak ETBren ikus-entzunezko eskaintzan izan behar duen zentralitatea da (egun ez duena).
Horretarako, eta edukien gaiari heldu gabe (Pandoraren kutxa, hori ere), uste dut euskarak ETB2 kolonizatzen hasi behar duela, pixkanaka baina urgentziaz. Nik zer dakit, Teleberri-ren ondorengo Eguraldia izan dadila euskara hutsean, saio bisuala izanda hasiera erraza da. Hauteskunde-eztabaida nagusiak egin daitezela ETB2n (orain arte bezala, alegia), zerrendaburu nagusiekin baina euskaraz zuzendurik, hizkuntzaren erabilera librean, halakorik balego. Gauza bera Euskadi Pregunta eta enparauetan. Bihur dadila euskara faktore, alegia. Zuzendu liteke El Conquistador bezalako reality bat euskaraz? Gai gara formatu elebidun bat sortzeko, TV3eko Polònia bezala? Eta noski, euskaldunak euskaraz ETB2n.
«Hori guztia simulakro bat litzateke ere», esango duzu. Eta arrazoi osoz, gainera. Jean Baudrillard-i irakurri nion simulazioaren logika nagusitu zaiola jada gertakarien logikari, simulakroa gertakarien aurretik doan gizartean bizi garela, alegia. Adostu beharko genuke, beraz, zer den zehazki simulatu nahi duguna, gaur egun dugun simulakro hau agortua dagoelako.
ETB eta simulakroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu