ETAren lehen biktimaren inguruko manipulazioa

2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Argazki batean, soldadu talde bitxi bat ageri da 30eko hamarkadan, ebakitako buru batzuk kamerari erakusten. 1938. urtean, gerra bete-betean, Corriere della Sera egunkarian argitaratu zuten argazkia, «komunisten ankerkeria zitala» salatzeko. Handik gutxira, baina, L'Humanité egunkariak salatu egin zuen bertsio hori; jakinarazi zuen argazkia Rifeko gerran egina zela, eta soldaduak lau marokoarren buruak ari zirela erakusten. Argazki hori frankistekin ere lotu izan zen. Propaganda hutsa.

Biktimaren ingurukoak manipulatuta, kontakizun guztia aldatu zuten. Hainbat urte igaro ondoren, historiak ——egiaztatzeko moduko gertaerak baititu oinarri, eta ez susmo hutsak—— agerian utzi ditu manipulazio horiek eta, bide batez, manipulatzaileak ere bai.

ETAren biktimez hitz egitean, sarritan etortzen zait burura argazki hori. Batzuetan, zuzen hitz egiten da haiei buruz, prozesuaren garai jakin honi dagokion lekuan jartzen baita gaia; beste batzuetan, ordea, erabilera politiko desegokia egiten da gaiaren inguruan. ETAren aurreneko biktima manipulatu izana, horixe izan da moralgabekeriarik larriena. Talde horrek eta historialariek hasieratik esan dutenez, Jose Pardines guardia zibila izan zen lehen biktima: tiroketa batean hil zuten. Bigarren biktima, berriz, Meliton Manzanas polizia torturatzaile ezaguna izan zen, 1968an. Hala ere, badira urte batzuk gezur bat zabaltzen hasi zela: Maria Begoña Urroz 22 hilabeteko haurra izan zela lehenengo biktima, 1960ko ekainaren 27an Donostiako Amarako geltokian lehergai batek eztanda eginda hila.

Atentatu hura, eta estatu osoan egindako beste hainbat, DRILek hartu zituen bere gain (Askapenerako Direktorio Iraultzaile Iberiarra). ETA zezelka baino ez zebilen oraindik: ez zuen gaitasunik estatu osoan jarduteko. Ez dut xehetasun askorik emango, kontu hori azaldua baitugu duela hilabete batzuk argitaratutako erreportaje luze batean —ETAren lehenengo biktima, BERRIA—. Ondorioa honako hau izan zen: ez zegoela inolako frogarik bonba hura ETArekin lotzeko, eta, bai, ordea, DRILekin lotzeko; horixe aitortu zuen talde horrek, eta kasua ikertu zuten kazetari eta historialariek ere halaxe baieztatu zuten, ni neu barne.

Erreportaje zabal hark agerian utzi du manipulazioa egon dela ETAren aurreneko biktimaren inguruan; hala ere, manipulatzaileak tematuta daude oraindik, eta, susmo hutsak ziurtzat hartuta, ez dute beste frogarik eman. ETAk jardun armatua behin betiko utzi zuela iragarri zuenetik, estatuko egunkari nagusiek —El País eta La Vanguardia, tartean— ETAri egozten diote 1960an neskatila hil izana.

Zergatik, baina? Bada, lehenengo biktimaren ingurukoak manipulatuta, historiaren gainerako kontakizuna ere aldatu egiten delako. Izan ere, ez da gauza bera 22 hilabeteko haurtxo bat hiltzea—nahiz eta nahi gabe hil— eta guardia zibil bat edo torturatzaile faxista bat hiltzea. Historia horrela desitxuratuta, talde horren jatorri antifrankista zikindu nahi izan dute, eta historia gaur egungo helburu politikoen arabera aldatu eta kontatu.

El País egunkarian, teoria faltsuaren alde egin zuten 2010eko urtarrilaren 31n argitaratutako erreportaje luze batean; La primera víctima de ETA zuen izenburua, eta Atentados contra niños, berriz, azpititulua. Erreportajean esaten zenez, gobernuak kalte-ordaina emango zion Maria Begoña neskatilaren familiari, eta terrorismoaren lehenengo biktimatzat hartuko zuen; baina albistean ez zen besterik zehazten. Testuak honela zioen: «Aditu batzuek Askapenerako Direktorio Iraultzaile Iberiarra talde anarkistari (DRIL) egozten diote Amarako erasoa, baita garai hartan egindako beste hainbat atentatu ere; baina gobernuari berdin zaio zein taldek jarri zuen umea hil zuen bonba hura. ETA, DRIL edo beste talde ezezagun bat izan, nahikoa da jakitea neskatila halako talde baten biktima izan zela Poliziaren arabera».

Gobernuak orain ez dio ETAri egozten atentatua, eta hori bada pauso bat; baina bertsio ofizial faltsua ere ez du gezurtatu, eta horrek badu ondoriorik. Jose Bono Espainiako Kongresuko presidenteak egotzi zion ofizialki atentatua ETAri, ekainaren 27a—haurra hil zen eguna— terrorismoaren biktimen egun izendatu zuenean, biktimen elkarteek hala eskatuta. Hori ez du era ofizialean inork gezurtatu.

El País-ek, La Vanguardia-k eta beste egunkari batzuek eta estatuak bertsio ofizial faltsua zuzentzen ez badute, argi geratuko da aurreneko biktimaren manipulazioaren perbertsio etikoaren alde egin nahi dutela, eta, ondorioz, baita historiaren kontakizunaren manipulazioaren alde ere.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.