Auzitegi Gorenak Bilduren gainean eman berri duen erabakian, bada alderdi jakin bat agian gako nagusia duguna: alegia, zeinek du erantzukizuna, «egiten» edo «esaten» duenak? Estatu demokratiko baten Zigor Zuzenbidean printzipio nagusietako batek agintzen du: cogitationes poena nemo patitur, hau da, pentsamenduak ez du deliturik egiten. Delitu baten erantzukizuna—penala izan ala ez— ezartzeko orduan, zer egiten den, eta ez zer esaten den, aztertu behar da nagusiki. Frogatu behar da, bestela esanda, ondasun juridikoei kalte egiten dien ekintzaren bat egon badagoenetz, eta, behin hori finkaturik, subjektuaren asmoa horren bitartez aztertu. Norbait hilda badago norbaitek tiro egin diolako, badugu nondik abiatu, eta orduan galdetuko diogu geure buruari zein asmoz egin zuen tiro egileak, izan ere hiltzeko asmoz baziharduen delitu egin baitu, ezbairik gabe, zuhurtziagabekeriaz hil badu gertatzen den antzera. Egitateen esanahia eztabaidagaia da, eta interpretatzekoa, noski, baina betiere oinarri faktiko batetik abiaturik. Datu objektiboak erabat alboratuz gero, berriz, zigor zuzenbidea, eta oro har zehapen zuzenbide osoa, zuzentasunik gabeko tresna bilakatzen da, halabeharrez norbanakoen funtsezko eskubideak zanpatuko dituena.
Horregatik, Bildu ETA-Batasunaren tresna bat dela, maula egiteko bitartekoa, proiektu eta erakunde deliktibo baten lanabesa hutsa behin eta berriro, hamaika bider epaian zehar errepikaturik irakurri ondoren, nire galdera zera da: zein egitatetan, zein datu faktikotan oinarriturik? Polizia-txostenek diote ETAk nahi omen zuela Bildu bere B plana izatea… oinarri faktikoa, beraz, zera da: ETAk ondo zeritzola Bildu aurkezteari edo izateari. ETAk, akta batzuetan esaten duenak, indar nahikoa al du estatu demokratiko batean milaka pertsonaren funtsezko eskubideak —arin baino arinago— murrizteko? ETAk ba al du norbanakoon eskubide-esparruak objetiboki definitzeko ahalmenik bere diskurtsoaren bitartez? Jar dezagun adibide pare bat: ETAk erabakitzen badu txistua jotzea Euskal Herriko independentzia lortzeko bide egokietako bat dela edota mendira joatea sustatu behar dela, euskaldunok mendira joateari edota txistua jotzeari utzi beharko genioke ETAren planetatik ateratzeko eta, hortaz, kutsaturik ez suertatzeko? Badakit adibideok muturrekoak direla; baina, nahi izanez gero, jar dezagun txistuaren ordez desobedientzia zibil eta baketsuaren jarduna, eta gogora dezagun hori dela-eta hainbat herritarrek behin-behineko espetxealdia jasan behar izan zutela (18/98 makrosumario izenekoaren kasua) etakideak omen zirela leporaturik.
Hortaz, ETAk zer (omen) dioen, zein plan duen, zeri buruz hitz egiten duen edota norekin, gako bilakatu da, eta, horren ondorioz, libre egitekoa denaren esparrua eta debekuaren gaia talde terroristak berak definitzen ditu, antza. Erantzukizunak ezartzeko orduan datu objektiboak balio ez badu, zigorrak eta zehapenak ezartzeko bide juridiko bermatzailea bertan behera erortzen da. Eta honen guztiaren jatorrizko bekatua Alderdien Legean dugu, lege horrek egitez zigortu zuelako Zigor Kodean kabitzen ez zen apologia-jarduera. Apologia terrorista, delitu eta horien egileak goratze hutsa zigor zuzenbidean beti susmagarria da, eta beti sortzen dira arazoak hura pertsegitzeko orduan, ez baitago modurik aldi berean adierazpen askatasuna ere kaltetua suerta ez dadin. Zigor Kodetik pertsegitzeko eragiten ziren arazoak zirela-eta, «atzeko ate bat» sortu zen: Alderdien Legea. Honek eskainitako esparrutik auzitegiek eraiki duten interpretazioa oinarri faktikoaz gero eta gehiago ahazten joan da. Hasieran, alderdiak legez kanpo uzteko arrazoia terrorismo egitez eta esanbidez goratzea zen; geroago, kondenarik eza, eta, oraingo honetan, kondena egon arren, horien asmoa ez dela benetakoa, ETA-Batasunak hor agintzen omen duelako. Alegia: ez egitateek, ezta hautagaien hitzek beraiek ere, beste batzuen hitzak—ETArenak— dira orain milaka zigor di-da batean ezarri eta betearazteko nahiko.
«ETAk (omen) dioena» delako froga-doktrina dela bide, segurtasun juridikoa desagertu da, ezker abertzalearekin zerikusia duen esparruari dagokionez. «Kutsadura» ezker abertzalean izandako pertsonekin elkarrizketak edukitze hutsetik, planak eztabaidatzetik dator: norbera egon daiteke kutsaturik jakin barik… baina lasai, horra hor polizien txostenak, argituko dizkiotenak ez dakienari ere txontxongilo gisa erabilia suertatzen ari dela ETAren atzaparretan. Hautagaiek autonomia, heldutasuna eta adinez nagusitasuna ez balute beza-la!
Epaian hitzak eta hitzak, ETArenak, Batasuneko kidearenak, planak, agiriak, hautagai independenteen porzentajeak… baina non gelditzen da horrek delituen erreferentziarekin eta apologia-delituekin duen balizko lotura?
Iparra galdu da: Bilduren (eta Sorturen) inguruko epaiek susmo-erantzukizunak eraikitzen dituzte, ETAren kondena ETAk berak bultzatu omen duen trikimailu bat dela esateraino… hitzek ere ez dute balio, atzean diren asmoak baizik.
Pertsonen egitekoak ez, baizik eta horien susmo-irakurketa hutsak ordeztu du zigorra ezartzeko lekua. Legelari gisa ulertu ezinezko epaiak ditugu, zulo beltz baten zurrunbiloan. Giza eskubideen zulo beltz handi baten, gero eta handiago baten aurrean gaude. Nire itxaropena, ordea, oraindik ere, bada Konstituzio Auzitegiak (eta, bestela, Giza Eskubideen Auzitegiak) zulo beltz hori estaliko duela eta haren zaindari lanak egindako kaltea konponduko duela.
ETAk (omen) dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu