Ramon Zallo.

ETAk argia itzaltzen duenean...

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
ETAk argia itzaltzen duenean, piztu kriseiluak! Bestela, emango du ez dela ezer geratzen gela ilunean, eta, hala ere, hortxe bizi dira biktimak eta presoak, eta ezin konta ahala min, haustura, porrot eta ilusio. Denak ere zaindu beharrekoak. Horregatik, hortxe dirau bakearen, demokraziaren eta elkarbizitzaren aldeko borrokak. Eta, horrez gainera, iraupen lasterketa dago: askatasuna, subiranotasuna, berdintasuna, eraikuntza kolektiboa...

Zerk duen garrantzia

Nahas ez gaitezen, hauxe da benetan egunotako berri garrantzitsua, luzaroan espero izandakoa: ETAren agur behin betikoa eta erabatekoa, 60 urteren ondoren, zenbait belaunalditako militantziaren ostean. Gainerakoak hotsak dira, ia denak parasitoak. 2011n hasi zen agur hori, eta modu amorragarriro mantsoan garatu da, tantaka-tantaka, baina aldebakarrekoa izateko merituarekin, ordenatua, oinordekorik gabekoa, etorkizunera begirakoa, adiskidetzearen aldeko bokazioarekin, atxikia zegoen ildoaren estrategia aurrez aldaturik, eta Ipar eta Hego Euskal Herriko indar biziek babesturik. Esperantza garaia... Ezin beste horrenbeste esan erakundeez. Ez dira egon egoerak eskatzen zuen mailan.

Erakundeen etakomunikabideen jarrerak

Espainian Rajoyk gobernatzen dituen erakundeak probokatzaileak izan dira, lotsagarriak eta ergelak kimuak sor daitezen animatu dute, eta haien harropuzkeriak desatxikimendua ekarriko die, Katalunian belaunaldi oso batean gertatuko den bezala. Orain, dirudienez —beren esanak gezurtatuz—, ez dute egingo ezta espetxe politika berriz aztertu ere, ankerkeria asmo garbia baitute, eta herrialdea alboko beste gai batzuekin entretenitzekoa; bide batez, Zuzenbide Estatua osatzen duen funtsa desegiten dute, ez baitute sekula sinetsi Zuzenbide Estatuan. Okerrena da hemen, aldi berean, gure erakundeek kromoak aldatzen dituztela haiekin.

Gure erakunde euskal-nafarrek bestelako jarrera bat izan dute, bai, positiboagoa. Baina gizarte zibilaren ildoari jarraitu besterik ez dute egin, ez batere modu proaktiboan, baina bai oportunistan; komenentziei begira. Erakunde horiek adiago egon izan zaizkio herritarren tonu apalari —herritarrek amortizatutzat baitzeukaten gaia—, hauspoa eta topaketak behar dituen herrialde baten luzera begirako ikuspegiari baino.

Ai komunikabideak! Horietako gehien-gehienak degeneratu zirenez geroztik, beren agendako azkeneko hondarra ere salduta, jada ez dira aritzen iritzi publikoa eratu nahian, baizik eta ordena publikoko balioetan diziplinatu nahian... Entzefalograma laua. Ez dago «auzi nazionalik», ez eta arazo politikorik ere: indarkeria besterik ez zen egon, zeina garaitu baitu Aberriak, Patria gaztelaniazkoak, aberri legitimo eta benetako bakarrak, Espainiakoak, demokraziaren eta Zuzenbide Estatuaren sinonimo ere baden horrek. Harri-kartoizko ipuin bat, ostruka batek irakurria.

Apirilaren 8ko agiria,eragindako minari buruzkoa

Hizkeran eta terminoetan, espero izatekoa zen baino askoz harago joan da. Ez da hizkera armatua, desarmatua baizik; hurbilekoa, eta ez hermetikoa; sozialki partekaturiko balioak dituena; hizkeran bertan inposaturiko ideologiarik gabekoa; eta, bitxiki, etikoagoa, politikoa baino. Eta, hori, euskal kausa oraindik ere bere kausatzat hartzen duelarik, eta gatazka, berriz, berak Estatuarekin duen gatazkatzat, kolektiboaren ordezkari bihurtzeraino inolako arrazoirik gabe; eta horrek darama ikuspegi horretatik bereiztera biktima lagunak, etsaiak eta besteak—«inolako erantzukizunik gabe»—. Erakunde militar batek berezkoa duen analisi eredu bat, oraindik ez dena lehorreratu gizarte demokratiko baten ohiko parametro zibiletan. Oraindik ez du aitortu bestelako sorbururik izan ezin duen zenbait atentatu (Tolosa)...

Zer falta den

Garaiotan etikaren teilapean ezkutaturik dihardutenez politikan gobernuek, alderdiek... zera izango litzateke espero izatekoa —eta ezker abertzaleari bakarrik eskatu ahalko zaio, ETA ez baita egongo—: historia estrategiko-politiko autokritiko bat, edo, gutxienez, zintzoa eta koherentea azkeneko urratsekin, horiek ezdezaten izan faltsu edo behartu itxurarik.

Kontua ez da ea «erabaki okerrik» izan zen ala ez, baizik eta indarkeria legitimoa izan al zen 1977tik edo 1979tik. Baliagarria izan al da? Eta izan ez baldin bada, noiz utzi zion baliagarri izateari? Zerbait lortu al du? Eta 1990ekoetan nolatan hondatu zen 1980an espazio publikoan zegoen hegemonia soziopolitikoa? Eta nola egin zen joera haren kontrol militarra? Norena behar zuen izan lidergo estrategikoak? Hipercor, Yoyes, Blanco... Eta nola gertatu zen ordezkari hautetsiak hiltzea? Eta Oldartzen-en degenerazioa? Eta Aljer, Lizarra eta Loiola? Eta nola iritsi ziren pertsona batzuk kupularaino? Nola zehaztu alditan ETAren historia, sorreratik hasita, haren zatiketak eta biraketak? Eta egokieraren kostua, alegia, borroka armatuaren eraginez egin gabe utzi behar izan dena,hark eragozten edo blokeatzen zuelako?

Hori da idatzi beharreko historia, oraingo estrategia sinesgarri egingo bada desmemoriarik gabe. Ezker abertzalea birsortu, gizarte jada aldatu batean.

Besteen hipokrisia

ETAk, gutxienez, esana du modu unilateralean: «sentitzen dut!». Baina neurrigabea da batzuen hipokrisi kriminala, hari kontu eske joan baitzaizkio beren kontuak —kontu ezinago larriak— ezkutaturik. PPk, frankismo genozida eta diktatorialaren oinordekoa izaki, ez du sekula eskatu barkamenik, eta, oraindik ere, bide bazterreko ezpondetan ezkutatzen ditu biktimak, ahanzturan galarazteraino. PSOEk ez du sekula eskatu barkamenik GALengatik —nola eta nork sortu zuen azalduta—, nahiz eta Rafael Verak harro-harro aitortu duen. Ez dute legitimotasunik ezer esateko, baldin eta ez badira ausartzen beren historiagatik barkamena eskatzera.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.