Eta ukabilean, gure historia

Julio Morge
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Bihar, apirilak 24, gogoan izango dugu, beste behin ere, Intxortan egin zen erresistentzia handia Emilio Mola, Garcia Valiño eta Camilo Alonso Vegak zuzentzen zituzten tropa kolpisten aurka. Kolpistek nazioarteko faxismoaren laguntza zuten. Hauek askoz indartsuagoak izan arren, hainbat borroka galdu zituzten, 1937ko apirilaren 20koa eta 23koa kasu. Apirilaren 23an 79 urte beteko dira erresistentziako indarrek lubakiak utzi behar izan zituztenekoa kolpisten esku ez erortzeko —aurreko egunean hartu zuten kolpistek Elorrio—.

Militar genozida haiek 48 ordutan nahi zuten guztia egiteko «baimen osoa» eman zieten euren tropei, eta horrek terrore faxista ekarri zuen Elgetara. Herritarrek oso une latz eta bortitzak bizi izan zituzten bi egun hauetan. Elgetako emakume asko bortxatu zituzten gerrako botin gisa.

Emakumeen borroka batez ere beste fronte batzuetatik garatu bazen ere, izan ziren milizian borrokatu zirenak ere: Clara Moran, Isabel Birichinaga (batailetan hilik), Belgikatik eta beste hainbat lekutatik etorritako brigadistak, Intxortan borrokatu ziren Molaren tropak garaitzen lagunduz. Kaxilda Hernaez, Esther Zilberbeg Estoucha eta beste asko, berriz, Euskal Herriko beste leku batzuetan borrokatu ziren.

2015eko apirilaren 19an gudariei eta gerratik bizirik ateratako milizianoei eginiko errekonozimendu hunkigarriaren ondoren, aurten, emakume errepresaliatu eta erresistenteak omenduko ditugu Elgetan.

Emakumeen errealitatea esparru ezberdinetan zein izan zen da irudikatu nahi duguna: milizianoak, laguntza zerbitzuetan aritu zirenak, erretagoardian erizain lanetan aritu zirenak, lubakiak eraikitzen lan egin zutenak, espetxeratuak, fusilatuak, frontean edota bonbardaketetan hildakoak, zaurituak, erreportariak, erbesteratuak, deportatuak, kaskamotz utzi zituztenak, bortxatuak izan zirenak...

Gertakari haien lekuko izan zen kolektibo horrez gain, Diktadura Frankistaren aurka borrokatu ziren emakume guztiak omendu nahi ditugu igandean Elgetan (lantegietan «lan berdiña soldata berdiña» aldarrikatzen zutenak, feminismoaren alde borrokatu zirenak, martxoaren 3a, torturatuak izan zirenak...). Gure helburua Intxortak beste errealitate hori aldarrikatzea da, emakume erresistenteen errealitatea, alegia. Askotan isilaraziak izan diren emakume horiek protagonista eta aldaketaren eragile gisa aurkeztu eta irudikatu nahi ditugu hainbat borrokaldiren ikurra den Intxortan. Euren testigantza, estrategia eta ekarpenak errekonozitu nahi ditugu.

Pilar, Teresa, Felisa, Trini, Amaia... milaka emakume ordezkatzen dituzten 40 emakume omenduko ditugu. Bizirik daudenak bertan izango dira, eta hilik daudenen kasuan euren senideren batek jasoko du Iñigo Arregi Egiaren Iturria eskultura.

Ekitaldia 13:00etan izango da, Elgetako plazan, apirileko konbateen errekreazioaren ondoren.

Errekonozimendu hau eta bere inguruan antolatutako ekitaldi guztiak Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren alde, Errepikatuko ez denaren Bermearen alde eta emakumeak libre izango garen gizarte baten alde borrokatzen diren guztiei ere eskaini nahi genieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.