Eta orduan, patenteak

2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ea orduan patenteak askatzearen alde zegoela esan zuen. Koronabirusaren aurkako txertoen jabego intelektuala aldi baterako eten eta herrialde behartsuekin Johnson & Johnsonedo Pfizer edo Modernaren formula elkarbanatu. «Aparteko egoeratan aparteko neurriak hartu behar direlako». Ordura arte Indiak, Hego Afrikak eta garapen bidean dauden hainbat herrialdetako gobernuek baino ez zuten atrebentzia izan, pandemiaren erdian galtzeko ezer gutxi dutelako agian. Eta orduan Estatu Batuetako presidenteak berak patenteak askatzearen alde zegoela esan zuen.

Joe Biden gora doa AEBen historiako agintari aurrerakoienen zerrendan. Atzean utzi ditu Barack Obama eta Jimmy Carter epelak. Adituek aho batez diote Franklin Delano Roosevelt (FDR) presidentearen New Deal politika interbentzionistak izan direla azken mendeko neurri eraldatzaileenak AEBetan. Inork ez du hori zalantzan jartzen. Agian horregatik, Bigarren Mundu Gerrako heroia da Bidenen presidente faboritoa, Abraham Lincoln esklaboen askatzailearekin eta Lyndon Johnson eskubide zibilen legearen sinatzailearekin batera. Bizitza politikoaren amaieran iritsi da Biden Lincoln, Roosevelt eta Johnsonen albora, eta gizartea eraldatzeko premia sartu zaio, nonbait.

Bere agintaldiaren lehen asteetan Bidenek historia irakasle talde bat deitu zuen Etxe Zurira, bilera sekretu batera. Ekialdeko areto dotoreenean, argi-armiarma klasikoen azpian, mahai luze baten inguruan eseri zituen. Historialariak, historiko izan nahi duen 78 urteko presidentearen aholkulari lanetan. «Ez naiz FDR, baina...» esanez hasi omen zuen bilera Bidenek. Ez naiz FDR, baina... izan nahiko nuke.

Bistan da, pandemiaren krisia da bere garaiko Depresio Handia, eta haren pareko New Deal moduko bat prestatzen hasi da. Eta aitortu behar zaio Bideni bere lehen ehun egunetan erabakiak hartu dituela eta —agian hori baino inportanteago— erabaki horiek ongi komunikatzen asmatu duela. Epe horretan ehun milioi txerto jarriko zituela esan eta zifra hori bikoiztu du. Surprise. Estrategia ona da helburu apalak jartzea gero munduari lorpen handiak saldu ahal izateko.

Lorpen horien artean dago Bidenen erreskate plana: ekonomia suspertzeko 1,9 bilioi dolarreko pizgarri programa, aberatsenei zergak igoz finantzatu nahi duena. Lortu du, baita ere,Donald Trumpek bertan behera utzi zuen osasun erreforma berriz ere martxan jartzea edo klima aldaketari aurre egiteko konpromisoak iragartzea —Washingtonen bere neurrira antolatu goi bileran—. Afganistango erretreta edo Iranekin berriz ere negoziatzen hastea ere ez da gutxi. Baina egindako promesa gehienak hor daude, zain: enpresa eta kapital handiei zergak igo, milioika lanpostu sortzeko azpiegitura programa faraonikoa abiatu (30.000 kilometro errepide, 10.000 zubi), unibertsitate matrikulak doan eskaini, immigrazio erreforma martxan jarri edo arrazakeria sistemikoaren aurkako neurriak justizia sistemara eraman.

Alderdi Demokrataren ezker hegaletik, Alexandria Ocasio-Cortez kongresukideak aitortu du Bidenek «aurreikuspen guztiak garaitu» dituela. Alberto Fernandez Argentinako presidenteak «Juan Domingo Biden» deitu du, peronismoaren aitarekin alderatuz. Irudi luke Bernie Sanders sozialista dagoela Etxe Zurian Joe Biden zentristaren ordez. Eta hein batean, egon badago. Bidenen kargu-hartze ekitaldian protagonismoa hartu zuen Vermonteko senatari ezkertiarrak bere artilezko eskularru handiei esker. Baina sare sozialetako memeez haratago, Sanders Senatuko Aurrekontuen batzordeko buru da —giltzarri, Bidenen politika sozialak gauzatu ahal izateko—. Gainera, Biden-Harris bikotearen hauteskunde programaren zati handi batek Sanders beraren sinadura du azpian.

Estatu Batuak sakonen eraldatudituen azken presidenteak, Ronald Reagan eskuindarrak, esaldi bat utzi zuen errepublikanoen imajinarioan: «Gobernua da arazoa». Bill Clintonek hamabost urte beranduago dogmareagandarra demokraten artean zabaldu zuen: «Amaitu da gobernu handien aroa». Gaur, trumpismoaren merituei esker, AEBetako gizartea bitan zatitua dago: gobernua etsaia dela uste dutenak batetik, eta gobernuarengan konfiantza apur bat dutenak bestetik, arrakalaren ertz banatan. Polarizazio politiko horren aurrean, Bidenek bi aldeen arteko zubiak eraiki nahi ditu, Trumpen boto-emaileei azalduz Washingtoneko erakundeak ez direla etsaia, aldiz haien zerbitzura daudela. Trump, Clinton eta Reagan presidenteei erantzun nahian bezala, Bidenek: «Gizarteari erakutsi behar diogu demokraziak oraindik funtzionatzen duela, Gobernuak oraindik zerbaiterako balio duela».

Errepublikano gehienek Estatuaren sendotze hori ez dute begi onez ikusten. Apustu arrikutsua dela diote, Obama saiatu baitzen horretan eta Tea Party mugimenduaren erreakzioak ezinbestean Trump ekarri zuen.Bidenek Europako eredu sozialdemokratari begiratzen omen dio, aditu kontserbadoreen esanetan, eta hori ez dator bat estatubatuarren idiosinkrasiarekin.

Eta orduan patenteak askatzearen alde zegoela esan zuen. Berehala, Europako Batasuna bere atzean lerratu da. Portoko goi bileraren gai-zerrenda aldatu eta buruzagi europarrek txertoen patenteak jarri dituzte mahai gainean. Europako arrakala, Hegoaldea eta Iparraldea banatzen dituena, berriz ere ireki da. Eta Bidenek agerian utzi ditu bere aliatuen ahuldadeak: «Ez naiz FDR, baina...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.