Hori izan zen pasa den azaroaren 7an jaso nuen mezu errepikakorra mugikorrean. Euskal Herriko lagunek ezin baitzuten sinetsi Trumpek irabazi izana. Nik ere ezin nuen garaipen hura sinistu, bigarrenez suertatutakoa.
Trumpek irabazi duen bi aldietan, bere kontra bozkatu duten hirietan bizi izan naiz. Eta bietan ere, hurrengo egunean, hileta kutsua zuten bi lekuek: isiltasun astuna tren geltokian, lankideak malkotan, ikasleak izututa…
Ia bi hilabete pasatu dira, iritsi da Trumpek boterea hartu duen eguna. Hasi dira gizontxoak beraien izendapenak onartzen, eta oraindik ere ezin du inork Trumpen garaipena azaltzen laguntzen duen arrazoi nagusia identifikatu.
Batzuek diote, Kamala Harris emakume beltza izaki, arrazakeria eta sexismo kontua izan zela. Beste batzuentzat, partidu demokratak Gazako hilketak irmoki ez kondenatu izana omen da arrazoia. Berni Sandersek, Alderdi Demokratako senatari famatuak, bere alderdiak langileak alde batera utzi dituelako izan dela dio. Dena dela, azken hauteskundeetan, Trumpek 77.303.573 bozka lortu zituzten, eta Harrisek, 75.019.257. 2016an baino 15 miloi boto gehiago lortu zituen lehenak, eta demokratak Hillary Clintonek baino 10 milioi gehiago. Zergatik? Baliteke aurreko arrazoi horietako batengatik izatea, guztiak batera izatea, edo bat ere ez.
Goiko galderara bueltatuaz, nola izan liteke? Ez dakit ba. Gizon zuriek beraien bozka Trumpi eman izana uler nezakeen, baina latinoek?, emakumeek?, emakume latinoek? Halaber, badira beste hainbat hauteskunde ulergaitzak direnak ere. Nola liteke Ayusok, behin baino gehiagotan bere aberaste sena eta agintzeko ganora falta erakutsi dituenak, Madrilen irabaztea? Nolatan Irunen, hain ongi ezagutzen dudan herrian, mila lagun baino gehiagok beren bozka eman izana Voxi azken hauteskundeetan? Haruntzago begiratuta, nola liteke Mileik, Melonik eta halakoek irabazi izana?
Ez al dakigu zertan ari garen? Ez al dakigu botereak zer egin dezakeen? Bozketa sistema aldatu behar al genuke? Agian pendulua kontrako bazterrera doa orain, eta hori onartu beharra dugun egia mingarria da.
Nire inguruan batzuek jarrera nihilista hartu zuten hasiera-hasieratik: «Ezker edo eskuin, ez du inporta. Denak dira antzekoak. Betiere sistema kapitalistan jarraituko dugu». Beste batzuek ostrukarena egitea erabaki dute, alegia, ez dute ez telebistarik ikusten eta ez egunkaririk irakurtzen Trumpi buruz ari badira. Gutxi batzuek protesta egitea erabaki dute, manifestazioetara joan eta eskutitzak idazten dituzte. Eta beste batzuek ordea, momentuz, pentsamolde zen bat hartzea erabaki dugu: hau ere pasatuko da.