Herriberatik Atharratzeko gaztelura, Orbaizetatik Itzaltzura, Baldorbatik Bizkaia maitera, Euskal Herri osoa ekarri digu bere kantuetara. Gure historia ere irakatsi digu, Orreagako garaipenetik Beotibarrera, Matalazen jazarpenetik Euskal Pizkundera eta handik gure bide galduetara... Benito Lertxundik 60 urteko kantari ibilbidea uztea iragarri izanak emozio nahasketa bat utzi digu haren zaleoi. Biziaren legea da, bistan da, eta merezi duen atsedena hartuko du. Baina irakatsi digu, «uraren joanari» begira, «bizitza pasa egiten dela, eta eskuak ez ditugula lotuta».
Horiek horrela, haren kantaldirik ez dugula berriz biziko ohartzeak halako tristura bat ere eragiten digu, bistan da. Hala ere, horiei guztiei nagusitzen zaie guztion esker ona. Sei hamarkadaz lortu badu aretoak betetzea eta diskoak saltzea, ez da izan hastapeneko ospearengatik eta orduko kantu arrakastatsuengatik bakarrik. Kantaldietan unean uneko disko berrieneko kantu gehienak ematen zituen, aitzineko diskoko batzuk, aitzinagoko bakarren bat eta kantu «klasiko» gutxi batzuk. Garaian garaiko kantaria izan baita beti. Hargatik, agurtu gaituen Benito Lertxundi ez da Zenbat gera kantatu zuen hura (bakarrik). 1960ko kantaria izan da, baina baita 1980koa, 1990koa, 2010ekoa edo 2023koa ere. Funtsean, disko bihurtu duen kantaldia bera da horren lekuko. Hainbeste denboraz jarraitu ahal izan du, beti ekarri dituelako kantu berriak, kantaera moldatu duelako denborarekin, hobetzen jarraitu duelako, gogoetak piztu dituelako...
Ez nabil ezeren bila kantu berri zoragarriarekin itxi du diskoa. «Ez nabil ezeren bila, ikasi bainuen ilun garaietan asmatutako jainkoak gainetik kentzen» eta «berezkotasuna ikusten, sentitzen». Hitz hauetan islatzen den bezala, Benito Lertxundik, kantuetan eta eskaintzen dituen elkarrizketetan, aditzera ematen du begirada berezi eta zorrotzarekin aztertzen dituela bizitza bera, gure herriaren egoera eta askatasunaren funtsa.
Benito Lertxundi pertsona askea da, pentsamendu askea garatu duena eta pentsamendu aske hori garatzen irakatsi diguna: «Pentsamendu otzanduan egi bila dabilenak arrazoia errausten du. Pentsamolde kokatuaren lohipean begiratzen duenak, agian, ziurtasunarekin bat egingo du». Nahasgarria izan daiteke pentsamendu prefabrikatuetara ohituta dagoen eta bi multzo nagusiren arteko dikotomian kateatuta dagoen herriarentzat. Erosoa izan liteke bi aldeetako bat hautatzea, gehiegi gogoetatzeko lanik ez hartzeagatik, leialtasunagatik, diziplinagatik... Diziplina hori, nolabait errateko, gure iragan fededunaren praktika garaikide gisa uler genezake.
Hark bezala, denok askatasunez pentsatzea ariketa sano bat litzateke herri honentzako, ahots eta iritzi askoz gehiago agertuko liratekeelako. Itxurazko kohesio gutiago litzateke, baina elkarrizketa aberatsagoa eta gogoeta kolektibo emankorragoa; bestela, demagogiaren aztaparren mehatxupean geundeke. Egia da lana eskatzen duela norbere kabuz pentsatzeak, denbora eskatzen duela gogoetatzeko, entzuteko, irakurtzeko, isilik egoteko, gure barnea entzuteko eta sintesia egiteko... Hain zuzen ere, horrela dio oriotarrak: «besteen bideetan ibiltzea da ezagutza» eta «berjabe gogoaren kontzientzia, jakintza». Lana eskatzen du, bai; batzuek pentsa lezakete ausardia ere eskatzen duela, baina ausardia litzateke talde politiko nagusien diskurtsotik bazterrean dagoen gogoeta bat eraikitzea onartzen ez den herri batean, zeinetan ezin den kritikatu alderdi baten edo bestearen ildoa. Eta hori ez da sanoa herri batentzat («Gurpen beharrik ez duen izadia, une oroz berriki loratzen denean, erdizka bizitzera behartzen duen sineste-ariketak, zer balio du, zer balio du?»). Sanoa da libreki mintzatzea, horrela aitzinatzen baita herri bat, eta ez talde baten erabakiak baldintzarik gabe onartu behar badira. Pentsamenduak bereak izan arren, Benito Lertxundik lortu duena da, egin duen ekarpenagatik eta bere pentsamendua zintzoa delako, denen errespetua, nahiz eta alderdi politiko nagusien posizionamenduetatik aparte ibili.
Bere lasaitasunarekin, ahoan bilorik gabe baieztatzen du hauteskunde bidez osatzen diren erakundeak Frantziaren eta Espainiaren menpekoak direla, eta menpekoak badira, ez daitekeela erran Euskal Herrian demokrazia badenik. Ildo horretan, argi uzten du zein den bortizkeria handienarekin eraso egin eta egiten duena herri honetan («Munduak ez du bakerik, ez du inoiz horren berririk, garaileen nahietara beharturik, gatazka bideetan dabil lohiturik»), eta edozeinek nahi duela askatasuna edo independentzia, bere buruarena eta bere herriarena. Hargatik, Lertxundik dio demokrazia askatasunetik baizik ez letorkeela («Baketsu izateko arrazoirik ez denean bakarrik da izanen bakea, askatasunaren bakea»), eta herriak egin behar duena dela askatasuna lortzea, eta ez zapaltzailearen joko-zelaian aritzea.
Horrela dio Otzandu herria kantuan: «Otzandu herrian asmamena urria: eta kalaka nahasian diote menperatu hizkuntza ahulegia omen eta ez dadila politikaz kutsa; ba ote kutsadura horretatik libre den hizkuntzarik...? [...] Zatiaz arduratuz ez da inoiz zatia salbatzen bai oroa hiltzen uzten. Oldar askatzailerik ezean, menperatu hizkuntzan ere menperatzen ahal da menperatu herriaren hizkuntza». Hain zuzen, argi aipatzen digu edozein askapen mugimendutan gertatzen den auzia, zapalduak zapaltzailearekin kolaboratzen duenean. Zapalkuntzatik atera nahi bada, «kita ezazu, kita ezazu, erregeren zerbitzua, eta maita herria, ukan dezadan plazera».