Otsailaren 3an hasiko da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurrematrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez «askori idazki hau ezaguna egingo zaizue, urteak daramagulako lelo berarekin», eta, zoritxarrez, aurten ere berdin hasi behar dugu, gauzak ez baitira batere aldatu. Eta, are okerrago, iaz Hezkuntzaren Euskal Lege berria onartu zen. Lege horrek, hirugarren artikuluan, Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipioei buruzkoan, hitzez hitz hau jasotzen du: «Gizarte-kohesioa, pluraltasunarekiko errespetua, eta pentsamendu- eta sinesmen-askatasuna, bai eta giza eskubideen eta aniztasunaren defentsaren bermea ere, laikotasun-printzipioaren esparruan». Laikotasun-printzipio hori jaso arren, Erlijioa irakasgaiaren tratamendua aurreko ikasturteetako bera da. Horregatik, betiko argudio berberak errepikatzen jarraitu behar dugu.
Hasteko, gogoratu erlijioa eskola publikoan derrigorrez eskaini izan beharra Franco eta Suarezen herentzia dugula, batak 1953an izenpetu eta besteak 1979an berretsi zuten konkordatuaren puntuetako bat delako (estatuak eliza katolikoa mantentzea bezala, baina hori beste baterako utziko dugu). Egia da hauteskunde kanpaina gehienetan ezkerreko indarrek, PSOE barne, agindu digutela gobernua lortu bezain pronto ezabatuko dutela, baina aldaketa bakarra da 1992az geroztik erlijio gehiago direla guztiok ordaintzen ditugun irakasleak izendatzeko aukera dutenak.
Legez onartuta dagoenez, askok eskubide hitza erabiltzen dute egoera honetaz hitz egiteko. Baina soilik batzuen interesak babesten dituen legea eskubidea da ala pribilegioa? Zeren momentu honetan 42.000 erlijio inguru omen daude munduan, eta horietatik soilik katoliko erromatarrak, hebrearrak, islama eta ebanjeliko hitzaren menpean hartzen den multzoa dira eskubide hori aurrera eraman dezaketenak; beraz, orduan eta ugariago ditugun ortodoxo, budista, neopagano edo katoliko maronitak (bai, Siriako gerra zibiletik ihes iritsitakoak) eskubide bako pertsonak dira? Horri lotuta, azken denboran ezkerretik entzun ditugu aldarrikapenak beste erlijioetako irakasleak kontratatzeko. Ez gaude ados, estatu laikoa lortzeko bide txarra da eskola publikoa erlijioko irakaslez betetzea.
1959an onartutako Haurren Eskubideen Aldarrikapenaren 14. artikuluak «umearen pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna bermatuko da» dio. Guraso askok garbi daukate bere eskubidea dela bere umeen ideologia aukeratzea. Bi eskubide horiek talka egiten dute. Guk proposatuko genuke umeak bere kabuz pentsatzen hasten diren arte itxoitea, eta horretarako pazientziarik ez duenak hor ditu sakristiak, medersak, sinagogak eta abarrak. Guk ez dugu umeen doktrinamendua ordaindu nahi.
Horri lotuta, Erlijioa da aukerazko gai bakarra haur eta lehen hezkuntzan, oraindik gazteegiak direnean inolako aburu propiorik izateko. Hortaz, erlijioa ikasten duten gaztetxo horiek ikasturte bakoitzean 40 ordu inguru pasatzen dituzte bere gelatik kanpo, eta hori talde kohesiorako eta harremanak sendotzeko ez da biderik onena.
Eskola guztiek ikastordu kopuru bera dute; beraz, Erlijioa sartzeko beste nonbaitik kendu beharra dago. Erlijioko ikasleak ez zitezen okerrago prestatuak izan erabaki zen edozein mailatan eskola osoan ikasle batek bakarrak erlijioa aukeratzen bazuen besteek gai paralelo bat landuko zutela, erlijiokoa galeran ez atzeratzeko. Hau da, batek beste guztiak baldintzatzen ditu. Inork ez balu Erlijioa aukeratuko, eskolan gaitegi arrunta lantzeko erabili zitekeen ordu hori; baina horrek eskola arteko desberdintasunak sortu zituen. Zein izan zen administrazioaren irtenbidea? Ikasle orok eskola guztietan gai paraleloa landu behar du, Biologiaren kaltean.
Eta orok esaten dugunean, orok esan nahi dugu, ez bakarrik haur eta lehen hezkuntzan, baita DBHn eta batxilergoan ere. Aurten gure gazteek lehen aldiz USaP azterketa egingo dute (ulertzeko selektibitate berria), aurrekoek hainbeste ordu institutuan emanda baino 37 ordu gutxiago prestatuak.
Behin eta berriro entzundako argudioa da baita ere ikasleen heziketa etikoa. Etika Filosofiaren adarra da, eta beraz Filosofiako irakasleari dagokio irakaskuntza teorikoa. Zenbait gairen aurrean umeen eta gazteen jarrerak lantzea guztion lana da, irakasle guztiena eta gizarte osoarena. Gainera, Erlijioak ez du etika irakasten baizik eta morala. Hau da, etika hartu eta bere egokitzapena egiten dute: etikak guztion berdintasuna aldarrikatzen badu, moralak guztiak berdinak garela onartzen du, baina «batzuk besteak baino berdinagoak» direla garbi utziz. Adibiderik errazena oraindik gizon/emakume berdintasuna da. Zenbat emakume apaiz, imam edo errabino ezagutzen dituzue?
Kontuan hartu behar da baita ere erlijioen oinarria diren liburu sakratu guztiak zientziaren aurkakoak direla, eta eskola publikoak beti zientziaren alde jokatu behar du. Gure pozerako, gero eta ume gutxiago matrikulatzen dira. Ondorioz, irakasle hauek ordutegiak osatzeko arazoak dituzte; baina irakasle finkoak dira. Beraz, soldata zuritzeko, administrazioaren erabakia izan da hauek beste gaietako eskolak ematea. Baina kontuan hartu behar finkoak direla gotzainen onespena duten bitartean, beraz zer irakatsiko du Geografia irakastea egokitu zaion Erlijiokoak, mendiak diren bezalakoak direla Jainkoak horrela diseinatu zituelako edo higadura, garraioa eta jalkitze moduak?
Erlijioko irakasleak mantentzea urtean 700 milioi euro kostatzen zaigu. 700 miloi gu guztion zergetatik, zeren kontratatuak izateko gotzainen onespena behar badute ere soldata tokian tokiko gobernuko Hezkuntza Sailak ordaintzen du. Ziur badaudela premia larriagoak umeak doktrinatzea baino.
Eta urteetan barrenak jaten ari zaigun zalantza bat adierazi nahi dugu. Katoliko-erromatarrek gotzainen onespena behar dute, eta bere web-orrian idatziak dituzte bete behar diren baldintzak, baina zeinek erabakitzen du nor izango den irakasle beste erlijioetan?
Gustatuko litzaiguke «agur» eta «ondo izan» esanez amaitzea, baina errealistak izango gara: «datorren urtera arte» esanez amaituko dugu.
Euskal Eskola Publikoa laikoa, orain!