ETA, GAL, 'nire' eta 'beraien'

2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Estatu Batuetako CIAren paperek GAL taldearen indarkeria berriro euskal politikaren mahai gainean jartzea lortu dute, gaurkotasunean. Eta horretan lekua hartzen duten gainontzeko afera guztiekin gertatzen den bezala, lider politikoak eta alderdiak gaiaren inguruan posizioa hartzera behartuta egon dira. Orokorrean, hiru jarrera agertu dira: beste alde batera begiratu dutenak, ardurak argitzea eskatu dutenak eta haiengan inoiz ez ikusitako gogoarekin biktimen bandera altxatu dutenak. Hiru jarrera horien artean badira bi zerbait komunean dutenak: biktimen kategorizazioa.

Alde batetik, aspalditik biktimen banderari lantza forma eman eta gainontzekoen kontra erabili izan dutenen isiltasuna dugu. Horiekin batera komunikabideen bidez iritzi publikoa kontrolatzen dutenen isiltasuna eskutik dator. Isiltasun horrek min bikoitza eragiten du biktimetan: batetik, babes faltagatik, eta bestetik, biktimei iritzi publikoari haien mina helarazteko aukera ukatzen dietelako. Horren atzean indarkeriaren gaitzespen hipokrita bat ezkutatzen da, pentsatzen dutelako biktima horiek sufritutako indarkeriaren salaketak eurentzat hartzen duten proiektu politikoaren zenbait zutabe astinduko dituela. Eta arrisku horren aurrean, nahiago dute isiltasuna. Biktimen nire eta beraien, lehenengo kategorizazio mota.

Beste alde batetik, hamarkada luzeak indarkeria justifikatzen egon direnen aldarria entzun dugu. Horiek dira oraindik ere biktimen sufrimendua eragin dutenei omenaldiak antolatzen dizkieten berberak. Bat-batean, indarkeriaren biktimen banderadun berriak. Inoiz baino irmoago erantzukizun eske. Horren atzean biktimen gerrazko kontzepzio bat dago. Bakarrik nire bandokoak direnen biktimen defentsan atera. Nire biktimak eta haienak. Berez ekarri beharko lukeen gaitzespen etikoaz aparte, biktimekiko jarrera beliko horrek gizartean dauden zauriak sendatu ez eta sakonagoak egiten ditu, ezberdinen arteko konfrontazioa elikatuz. Nire eta beraien, bigarren kategorizazio mota.

Aurreko bi jarreren artean, badira biktimetan koloreak, bandoak edo izaerak ikusten ez dituztenak, kategorizazioak alde batera utzita biktima guztiak betaurreko berdinekin begiratu eta horientzat memoria, justizia eta erreparazioa eskatzen dutenak. Nola? Behar denari erantzukizunak eskatuz. Biktima guztiak haien sufrimenduan lagunduz, joera politikoei erreparatu gabe. Biktima horiek esan behar dutena entzunez, berez adostasuna inplikatu gabe. Eta autokritika egiteko gai direnak.

Azken talde horretan beraien boterearen jardunean indarkeriaren biktimen kategorizaziorik gabe elkarbizitza eraikitzeko gogor saiatu diren kargudun politikoak identifikatu daitezke. Ez dago aipatu beharrik, erraz identifikagarriak direlako.

Datozen aste hauetan hauteskunde epean sartuko gara. Garrantzitsua da nire eta beraien kategorietan biktimak sailkatzen dituzten horiek gizarte osoarenak diren instituzioetatik urrun mantentzea. Eta komenigarria da ere kategoriarik gabe biktima guztiak aitortu, oroitu eta erreparatu nahi dituztenak horien buruan jartzea. Jarduera etiko hori saritzeko modu apropos bat izateaz aparte, indarkeriaren biktimekin batera gizarte osoa esku onenetan utzi dela esan nahiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.