Galdera erraza; erantzunak baditu bere zailtasunak. Ekonomia fikzioa dakart gaur.
Teoria: herrialdeak, arrazionalak badira, euroan jarraituko dute urtez urte eta betiko, baldin eta soilik ikusten badute etorkizun hobea dutela oro har Euroguneko kide gisa, eurotik aterata baino (aldaketak dakartzan kostu guztiak kontuan hartuta). Eta arrazonamendu horrek, noski, berdin balio du periferiako Grezia nahiz erdiguneko Alemaniarentzat.
Ezintasun legala: egungo legeek ez dute aurreikusten Euroguneko herrialde batek euroa uzteko modurik. Horrek ez du esan nahi gertaera ezinezkoa denik, noski, legeak egin eta moldatu egin daitezkeelako. Baina, printzipioz, eurotik irteteko planak bide zaila luke ikuspuntu juridikotik. Akaso Alemania batek errazago egingo luke hori, periferiako herri batek baino. Betiere, moneta berri bat jaulki beharko litzatekeelako eta Drakma berriak (DB), a priori, ez dirudiDeutsche Mark (DMB) berriaren itzalik izango lukeenik. DB diot baina, Eurogunea azpitik uzteko, libera berriak, pezeta berriak edo lira berriak berdintsu balioko lukete. Kontrara, Eurogunea gainetik uzteko moduan, DMB soilik legokeela iruditzen zait. Inor egotekotan.
Zailtasun logistikoa: txanpon eta billete berriak jaulkitzea, bere horretan, ez da lan makala.
Milaka behar dira eta hainbat lekutara iritsi behar dute (moneta gune berri osora). Eta, hortaz, nekez egin liteke ezkutuan. Diruaren definizioa hagitz sinplea da: onarpen orokorra duen ordainbidea. Onarpen hori lortzea, ordea, ez da hain erraza.
Ezjakintasun totala: dirua baino beldurtiagorik ez dela esaten da. Kasu honetan, inork inoiz abiatu gabeko bidean sartuko litzateke DBaren jaulkitzailea. Ziurgabetasunaren eta egongaiztasunaren erditzea litzateke, esperimentu itxura baina ondorio errealeko bidean.
Banka zailtasuna: familia eta enpresek euroa eskutan dutela, gobernuak txanpon berri bat izango dutela jakinaraziko balie, txanponaren balio erlatiboaz kezka eragingo luke horrek.
Egongaiztasuna. Euro bat, gaur, bat eta berbera da Eurogune osoan. Milaka kilometro egin litezke txanpon hori patrikan hartuta eta onarpena, balioa, ziurtatua dauka.
Txanpon berri batek, nekez izango luke bihurgarritasunik lehen unean (lan horretan hasi den gobernuaren asmoez nor fida daiteke?) eta, hortaz, DBra baino gehiago, euro zaharrera (edo DMBra) joko lukete familia eta enpresek euren aurrezkiekin. Flight to quality edo «kalitatera jauzi» moduko bat espero liteke.
Zor zailtasuna: Euroguneko herrialde batek euroa utzi eta txanpon berri bat jaulkitzeko izango lukeen pizgarria garbia da. Txanpona debaluatzeko aukera berreskuratuta, lehiakortasuna irabaziko luke, banku zentral burujabe bat berreskuratuko luke eta, akaso, gerora hazkundea eta enplegua sortzeko aukera izanen. Baina, kontuz, oso litekeena da herrialde hori, estatua, enpresak nahiz familiak eurotan (edo jada atzerrikoa zen beste txanpon batean) zorpetuta egotea. Ez euren artean bakarrik, noski, baizik eta hirugarren hartzekodunekin.
Hala, euren zorrak txanpon berriaren balio galerarekin biderkatuko lirateke. Alegia, de facto, ordainezin bihurtuko lirateke eta nazioarteko merkataritza harremanetarako porrot egingo lukete, nahaste-borraste juridiko eta ekonomiko galanta eragiteaz batera.
Bestalde, atzerriko inbertsioa erakartzeko aukera oso urriekin (epe laburrean bederen) eta estatuan bertan ekoitziak ez diren ondasunak lortzeko zailtasunekin (lehengai eta energia urritasuna kontuan izanda). Panorama, bistan da, hirugarren mundu gerraren parekoa ez dakit, baina gerra nuklearraren antzekoa begitantzen zait. Zehar kalteak eta kutsatzeak jorratzera iritsi gabe.
Zenbateko BPGaren jaitsiera edo langabezia eragingo lukeen horrek? Ez dakit, baina itzela.
Atzeraezineko kalterik eragingo luke? Europaren eraikuntzan bai, nire ustez. 60 urte atzera egitea baino okerragoa baita 60 urtez eraikitakoa suntsitzea. Eta euskal herritar guztiek txanpon bera izan dugun aldia ere amaituko luke, besteak beste, barne muga sendotuz.
Mariano Raxoik azaroaren 18an esan omen zuen (eta kontrakorik bederen ez diot beste inongo hautagairi entzun, ezta M-15 edo bestelako mugimenduetako kideri ere), Espainiako ekonomiak euroan jarraitu nahi duela. Txanpon bakarra egitasmo politikoa dela eta atzeraezin izan behar duela (letra etzana neurea da); eta zalantzabakoa dela gaiaz bere alderdiak duen jarrera. Hexagonoan ere, antzera. Frantziarentzat eurotik irteteko plana egin duen Jacques Sapir ekonomialariak ere, erakunde eta makroekonomiako aldaketa itzelak jartzen ditu planaren helburu. Baina ezkerretik Michel Husson eta konpainiak ere erantzun diote, betiere aldaketa horiek izan beharko liratekeela lehenago, gerora eurotik irtetekotan ere.
Europa moldatzen errazagoa izango da, euroa baztertzen baino. Europaren etsaiek (komertzial nahiz politikoek) irabaziko lukete gehien euroa lehertuko balitz. Nolanahi den eta, amaitze aldera, gogorarazi ditzagun moneta gune bateratu baten egokitasunerako euroa jaulki aurretik ere ezagutzen genituen baldintzak: 1) integrazio komertzial handiko ekonomien artekoa izatea, ekonomia irekiak izatea; 2) shock ekonomikoen eragina simetrikoa izatea oro har, hau da, gutxi izatea estatu bati kalte eta besteari mesede egiten dioten shock edo gertaerak.
Horretarako, merkataritza intrasektoriala izan behar dute nagusiki (zuk Adidas arropa saltzendidazu niri eta nik zuri Astore; edo zuk niri Alstom trenak eta nik zuri CAF trenak), intersektoriala baino (zuk makinak saltzen dizkidazu eta nik zuri turismoa, frutak edo ardoa).
3) Lanaren mugikortasuna moneta batasuneko lurraldean (Andaluzian %31ko langabezia dute, Alemanian inoizko enplegatu maila altuena lortu dutenean…); 4) federalismo fiskala.
Ez dadila lehertu.
Eta euroa lehertzen bada, zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu