Orainaldiaren arazoa da geroa ez dela lehen uste genuena», halaxe zioen frantziar pentsalari ospetsu batek. Kontua da ez dagoela geroa orainetik zehazterik, are gutxiago iraganetik, gerora begira izan litezkeen eszenario batzuk irudikatu behar ditugun arren, eta ibilbidearen erreferente hartu ere. Hots, etorkizunaren osoa ez dago gure esku, nahiz eta funtsezko hainbat kontu gure esku egon; zehaztu, partekatu eta gauzatu ditzagun hauek, beraz.
Euskal Herriko lurraldeetan geroan izango dena, bertoko biztanleen apustu antolatuek ez ezik, kanpoko eta bertoko bestelako faktoreek ere baldintzatua izango da, espazioan eta denboran mugarik ez duen mundu batean ez baita burbuila izaterik, are gutxiago on line-ko gaurkoan. Eta faktoreetan batzuk zein besteak aldakorrak dira, zalantzaz beteriko denbora honetan. Are gehiago, kasik esan liteke gaur ziurgabetasunak gehiago direla ziurtasunak baino. Horren haritik, konplexutasuna egoki kudeatzen asmatzea dute gaurko gizarteek erronka nagusia, gizarteak berak poliedrikoak direla, barne eta kanpoko faktore koiunturalek eta estrukturalek eraginda.
Hortaz, XXI. mendean etorkizun diferenteak dira posible euskal gizartean, eta gainerakoetan ere, jakina, klima-proiekzioetan bezala, gaur egindako aurreikuspenek kontuan hartzen ez dituzten eszenario batzuk ere izan daitezkeela; azken batez, aurreikuspen guztiek dituzte atzean aurreiritzia duten aurre-ikusleak. Hori horrela, euskaldunok gaur posible ikusten ditugun eszenarioen artean, denak ez dira posible, jakin behar dugu mugitzen, eta hautua eginez joan, hautu zabala, helburuak marra nagusitan markatuz, norabideak zabalduz, helbideak sozializatuz, «pertsonak helburu» bai, baina batez ere pertsonak helbide hartuz, tarteko helmugak gozatuz, esanak eta eginak ibilbide-mapa eraginkor batera uztartuz... Ikasketa bidaia ere bada gaur egiten ari garen gerorakoarena, hamaika ikasteko dugu eta!
Izan litezkeen eszenarioei begiratzeko ikuspegi honetan, eta ibilbide-mapan ere, badira kontuan hartu beharrekoak. Malgu jokatzearena, kasu baterako, betiere maniobrarako tartea utzita, hanka sartu eta ateratzea ikasketaren partea baita. Zurruna dena hauskorra da, malgua dena moldakorra. Malgutasuna, malgutasun sendoaz ari naiz, ez edozelakoaz, ezinbesteko baldintza da erresilientziarako. Eta gizarte batek geroan irauteko, are gehiago Estatu duinaren bidean ari bada, erresiliente behar du izan, hau da, etorri dakizkiokeen eszenario onartezinak saihestu eta onargarri dituenei eusteko gaitasuna izan.
Maniobrarako aukera derrigorrezkoa daukagu, norabidean goazela hamaika ezusteko, on edo txar, ageri baitaitezke. Hots, batzuetan faktore bat edo beste dela medio, apustuak ez dira aurretik pentsatu legez gertatzen, txarrago baizik; usteak ustel! Beste batzuetan, ostera, pentsatu baino hobeto ateratzen dira, usteak motz! Eta baliatu egiten dugu lortu dena ordura arteko eskema, ibilbidea bera, baldintza berrietara egokitu eta apustuan sakontzeko... finean, hauxe izan daiteke berrikuntzak egiteko modu egokia!
Azpiegituretan dauka, kasurako, pentsaera honek aplikazio zuzena, aproposa eta beharrezkoa. Gipuzkoako errauste-planta datorkit burura, baina izan liteke Araban urtegia. Indarrean diren instituzioek apustu irmoa egin dute horren alde, nonbait zaborren arazoak konponduko dituelakoan. Malgutasunik ez duen azpiegitura zurruna, urte askotarako hipoteka dena, adinez gaurko erabakietan parte hartzerik izan ez dutenentzat ere, etengabe elikatu beharrekoa... zaborrez, eta diruz. Maniobrarako tarterik ez dauka. Herrialdean zaborren inguruko politika integral ausartek bestelako emaitzak ekarriko balituzte ere, plantak, eta plantadunek, segituko dute zaborren gose luzaro. Kolpea gero! Zaborren kudeaketak baldintzatutako azpiegitura izan beharrean, azpiegiturak berak baldintzatuko du zaborren kudeaketa, luzaroan. Berrikuntza hau ere, bikaintasunaren kontrako norabidean! Epe motz-ertainean bestelako kudeaketa baterako trantsizio moduko azpiegituratzat hartu izan balute planta, hortxe dute Bizkaikoa zabor gose... baina helburu hartu dute, ez helbide; eta baldintzatzaile.
Gaurko azpiegitura-politikan ohikoa den harrokeriaren seinale, non premisek ebidentziek baino pisu gehiago hartzen duten erabakietan. Gauzak horrela, gaitzen balizko botika izatetik gaitz berrien egiazko minburu izatera pasatzen dira azpiegitura batzuk, etorkizun jasangarria, eta ekonomia zirkularra bera, luze atzeratuz. Batek pentsatuko luke iraganetiko inertziak bultzatzen dituela batzuk apustu zurrunetara; baina, beharbada, aurreikusten duten gerotiko inertzia da bultzatzailea. Izan ere, geroa ez dago idatzita, egunero ari gara idazten, geroa gogoan, bertsolarien antzera atzekoz aurrera egiten bidea. Kontua, baina, zera da: zer eszenariotan nahi dugu geroan bizi, zalantzaz zalantza? Bada garaia geroa angelu handiko objektiboaz aztertzeko, eta ondoren, ondoren bakarrik, zooma oraingo erabakietan jartzeko.
Eszenarioen artean, geroa gaur egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu