Estu hartu boterea

2017ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako Santiagoko Unibertsitateak emakumearen inguruan plazaraturiko ikerketa bazterrak ari da nahasten sarean. Lanak Emakumearen egoeraren normalizazioa du izenburu eta inkesta bidez jasotako datu kuantitatiboen interpretazioan oinarritzen da. Adituen arabera, emakumearen diskriminazioa gainditzeko paradigma berri baten aurrean egon gaitezke.

Ikerketaren lehenengo atalak gogor kritikatzen ditu orain arte emakumearen alde egin diren aldarrikapenak. Emakumea gizonarekin parekatu nahi duten diskurtsoek, errealitatetik abiatu beharrean, idealismo antzutik edaten dutela diote. Adibidez, bi generoen arteko berdintasuna lortzea utopikotzat jotzen da ikerketan. Errealitatea itsusia izan arren, den bezalakoa da; berau onartzea, edozein aldaketarako premisa.

Diskurtsoa osatu baino lehen, beraz, errealitateaz jabetzeko emakumearen egoeraren diagnosia egin beharko litzatekeela dio ikerketak. Behin datuak jasota, diskurtsoaren eta praktika politikoaren oinarriak eztabaidatu eta adostea proposatzen dute.

Bigarren atalean, ikerlariek, emakumearen aldeko edozein neurri hartu baino lehen, jendartearen iritzia kontuan hartzea gomendatzen dute. Hauxe adibidea: emakumezkoen ehuneko handi batek, %88ra irits daitekeena hainbat ingurutan, emakumearen aldeko neurriak eta politikak babesten ditu. Gizonezkoen kasuan, ordea, halako neurriak babesten dituztenak erdira ere ez dira iristen. Errealitatea horixe bada, lege edo dekretu bidez inposaturiko neurriak gizonezkoak aztoratzea besterik ez luke ekarriko.

Santiagoko Unibertsitatekoen datu gehiago. Badirudi emakumeek eskubideetan zentratutako diskurtso politiko erradikala erabiltzen dutenean gizonezkoak uxatu egiten dituztela. Gizonezkoek emakumezkoak euren kontra jotzen ari direla uste dute eta beldurrez erreakzionatzen dute. Lehentasuntzat jotzen dute, beraz, mota horietako diskurtsoak baztertzea.

Ikerketaren beste datu harrigarri bat: soilik emakumeek uste dute urratzen direla euren eskubideak. Gizonezkoen gehiengoak uste du gaur egun ez direla urratzen emakumeen eskubideak. Kontzientziazio maila horrekin, alferrikakoa litzateke emakumearen aldeko neurriak sustatzen dituzten mezuak eskubideetan oinarritzea.

Datu esanguratsu gehiago. Emakume zein gizonezko gehienek uste dute emakumezkoek ulertu behar dutela gizonezkoek ezin dutela beste modu batean jokatzen ikasi. Txikitan, familian, eskolan zein lagunartean izan duten hezkuntza eredua dela eta, gizonezkoek ezin omen dute bestelako eredurik bereganatu. Ezin dute emakume izaten ikasi.

Hori horrela izanik, kontzeptu berri bat plazaratu dute ikerlariek: bizikidetzarena. Balio klabea, emakume zein gizonezkoen arteko errespetuak iraun dezan eta elkarrekiko enpatia gara dadin.

Ez dira datuak ematera mugatzen Emakumearen egoeraren normalizazioa ikerketaren egileak. Hiru erronka proposatzen dituzte:

Lehenengoa. Emakumeek berekiko mesfidati direnak bereganatu behar dituzte. Gizonezkoak emakumearen unibertsora erakarri nahi badituzte, mezu atseginen bidez izan beharko du. Gizonezkoek emakumea politikarekin eta mezu erasokorrekin erlazionatzen jarraitzen badute, jai daukate. Aldiz, gizonek, emakumeekin bat eginez gero, denek irabaziko dutela ulertzera iritsi behar dute.

Emakumeek eta emakumearen aldekoek gizonei sentiarazi behar diete alboan duten kultura oso bat, munduaren ikuspegi diferentea eskainiko diena, desberdina, aberasgarria galtzen ari direla. Galera sumatzen badute, mesfidantza gainditzea askoz errazagoa izango da.

Bigarrena. Gizonen interesa piztea. Gizonek emakumeen munduarekiko duten interesa txikia da. Interes urria ekoizpen literario, artistiko eta ohiturekiko, mezu positiboak igorriz soilik pitz daitekeena, ikerketaren egileen iritziz. Emakumeen unibertso kulturala gizonei hurbiltzeak bigarren erronka hori gainditzen lagunduko luke.

Hirugarrena. Eguneroko erronka deitu dutena. Kontzeptua emakumeek berez duten botere eta potentzialtasunean oinarritzen da. Emakumeen egunerokoan badaude legea eta administrazioa iristen ez diren hainbat esparru. Lau identifikatu dituzte: bikotea, lagunartea, lantokia eta aisialdia. Planteatzen dutena erraza da ulertzeko: emakumeak gizonen ohiturak aldatzera irits daitezke egunerokoan determinazio handiagoz jokatzen badute.

Lantokian, adibidez, emakumeek eskatuko balute errespetatuak izatea, gizonen erreakzio positiboa eragingo lukete eta ohiturak aldatzeko konbentzitu. Edo lagunartean, nahikoa litzateke emakumeak irmoago mantentzea egoera deserosoetan, gizonek atzera egiteko euren jarrera diskriminatzaileetan.

Honaino ikerlari taldearen iritzia, soziologo, ekonomista, unibertsitateko irakasle, idazle eta kazetariez osaturikoa. Haietako asko, emakumeak edo emakumearen alde urteetan aritutakoak.

Artikulua honaino irakurtzen jarraitzeko adorea izan duzuenok zur eta lur egongo zarete, edo sutan agian, hainbat pentsamendurekin aztoratuta: emakumeek jasaten duten zapalkuntzari premisa horiekin erantzutea matxismoaren aurrean amore ematea dela pentsatuko duzue; edo feminismoak hamarkadetan eraman duen borrokari bizkar ematea dela; edo printzipio horietan oinarrituriko diskurtso zein praktika politikoak gizonezkoen pribilegioak iraunaraztea ekarriko duela; edo diskriminazio egoera jasaten duena, emakumea alegia, iraintzea dela; edo emakumea egiten duela bizi duen egoeraren erantzule; edo emakumearen bizkar jartzen duela bere egoeraren erantzukizuna; edo egoera injustua gainditzeko ahalegin handiena egin duena, emakumea alegia, errudun egiten duela; edo orain arte eroso bizi den gizonak ez duela inolako beharrik sumatuko bere jarrera aldatzeko; edo pribilegioei eusten dieten bitartean biktimismo erosoan uzten dituela gizonak; edo...

Nik asmaturiko Santiagoko Unibertsitateko taldearekin eta nik sortutako ikerketarekin ariketatxo bat egitea proposatuko dizuet orain. Irakurri berriro, mesedez, artikulua, eta emakume hitza euskara-rekin, emakumeakeuskaldunak hitzarekin, gizona espainola hitzarekin eta gizonakespainoldun hitzarekin ordezkatu.

Zergatik emakumeentzat (edo zapaldurik bizi den edozeinentzat) onartezina litzatekeena baliogarria ez ezik eredugarria, berritzailea, aitzindaria, zientifikoa eta kosmopolita iruditzen zaie euskal instituzioei, euskalgintzari eta euskaldunei oro har?

Injustiziak zuzentzea botere publikoei dagokie. Injustizia jasaten dutenei elkartasuna eman behar zaie. Euskaldunok, ordea, epel jokatzen ari gara euskararen etorkizuna bermatzeko boterea dutenekin eta estu hartzen ditugu, oso estu (ezinezkoa dena eskatzeraino, hots, Euskal Herrian euskaraz bizitzea), egoera iraultzeko ahalmen txikiena duten norbanakoak. Boteredunekin uso eta ahulenekin otso. Hemen zerbaitek huts egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.