Duela aste gutxi nire semearen tutorea ezagutu dut. Aurretik, beste bi aldiz hitz egin dugu telefonoz, baina ez genuen pertsonalki elkar ezagutzen.
Aurreko telefono-deietan notei buruz hitz egin genuen, baita beste gairen bat aipatu ere, ikasleek beraien artean ez zutela euskaraz ezer egiten, kasurako. Azkenengo deian, ordea, tonu lasai eta hurbilean, eta apur bat umoretsu, ia txantxetan bezala, nire semea jada ez zegoela «Heriotzaren Taldean» adierazi zidan, «El Grupo de la Muerte», hain zuzen ere. Aurretik talde horretan egonda zegoela, baina orain jada ez zegoela. Eta ni, harrituta: «Barkatu, nola diozu?».
Tutoreak, lasaitasunez, azaldu nahi izan zidan Txapeldunen Ligan, multzoak osatzeko ekipoen zozketa egiten dutenean, multzo batean, esate baterako, Real Madril, Liverpool edota Manchester United bezalako talde onei elkarrekin tokatzen zaienean, horrelako multzoari Heriotzaren taldea esaten omen zaiola.
Grupo de la Muerte-ko iruzkin horrek errezeloa piztu zidan. Edonola ere, ikasturtearen erdia pasa denez, nire semearen tutorea aurrez aurre ezagutu nahi nuen; beraz, bilera egiteko eguna eta ordua jarri genituen.
Bileraren hasieran nire semea ere egon zen. Kurtsoa aztertzen aritu ginen, eta taldeko proiektuetan gehiago parte hartu behar zuela komentatu zion, eta lan gehiago egin, labur esanda. Nik eskatuta, bilera bi zatitan banatu genuen. Hasieran, hirurok, eta, bigarren zatian, tutorea eta biok.
Luze aritu ginen hizketan bileran, batez ere bigarren zatian. Aurreko telefono-deian, semeari egundoko kritika suntsitzailea egin ziola iruditzen zitzaidala esan nion. Banekiela semeak hobera egin zuela klaseko jarreran, eta, euskaraz ez hitz egitearen kontuan, nire semeak behintzat arazoa zuzendu zuela jakinda, ez zitzaidala bidezkoa iruditu irakasleak deskribatutako ikuspegi hain negatiboa.
Nik kontu pixka bat eta kritika konstruktiboagoaren falta sumatu nuen, berak lanean lantzen duen materiala osagai sentikorra baita. Nerabeak eta gurasoak, izan ere, pertsonak gara, ez makinak.
Ondoren, Grupo de la Muerte-ren kontua mahaigaineratu nion. Ez nuela ondo ulertzen honen jatorria eta arraroa iruditzen zitzaidala irakasle batek termino horiek erabili izatea pertsona jakin batzuei buruz hitz egiteko.
Jarraian, heriotzarekin zerikusirik ez zuela argitu nahi izan zidan. Horrela ulertzen nuela argitu nahi izan nion, heriotzarekin zerikusirik ez zuela. Hala eta guztiz ere, Real Madril eta Liverpool bezalako taldeak onak dira, eta ulertzen dut Heriotzaren Multzoan dauden gazteak bikaintasunetik urrun ibil daitezkeela. «Jakina, noski! Ironikoa da», argitu zidan irakasleak. Gutxika, nire harridura handitzen zihoan. Argudiatzeko hoztasunak eta bere jokabidea justifikatzeko moduak harrituta utzi ninduen. Zer esan ez nekiela begiratu nion tutoreari, ikaragarri txundituta.
Azaltzen saiatu nintzen taldeari deitzeko moduak ez zuela tankera onik, ez zitzaidala batere ondo iruditzen. Baina alferrik zen. Gelako pertsona talde jakin bat estigmatizatzeko, seinalatzeko, markatzeko eta etorkizunean baztertzeko modua iruditzen zitzaidala aitortu nion. Azkenean, bere baitan zeozer mugiarazi nuen, antza, eta bat-batean esan zidan, norbait minduta sentitu izan balitz edo ados ez balego horren erabilerarekin, berarekin hitz egitera joateko, eta ez ziola horrela deituko taldeari. Baina, nahi eta nahi ez, berarengana joan beharko lukeela ikasleak.
Ordu eta erdiko bileraren ondoren, bukatutzat eman genuen eta adeitasunez agurtu genuen elkar.
Une egokia topatu nuenean, semeari galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion aipatutako Heriotzaren taldea eta graziarik egiten al zion. Erantzuna garbia izan zen: ez zitzaion batere gustatzen horrela deitzea. «Agian grazia egingo dio norbaiti, klasean oso ondo doazenei batez ere, baina niri ez dit batere graziarik egiten», esan zidan argi eta garbi.
Hurrengo astean, tutoreari telefonoz deitu, eta azaldu nion zer iruditzen zitzaion nire semeari ezizen hori. Honek, ordea, semeak berari esan beharko ziola erantzun zidan. «Ni esaten ari natzaizu», adierazi nion. Baina alferrik. Semeak berari esan beharko ziola errepikatu zidan. Ezin nuen sinetsi…
Edukazioa ez galtzen saiatuz, nire iritzia azaltzen jarraitu nuen, niri bullying moduko bat iruditzen zitzaidala esan nion arte, eta bat-batean dena aldatu zen. Tutoreak: «Mesedez eta faborez! Horiek hitz potoloak dira!».
Nik neure iritziari eutsi nion, eta iruditzen zitzaidana esaten ari nintzaiola, bullying moduko bat zela, eta jokabide hori ez zitzaidala zuzena iruditzen. Eta hor bai, hor diskurtsoa aldatu, eta esan zidan ikasleekin hitz egingo zuela klasean, eta esango ziela, norbait iraindu balu, barkamena eskatzen ziola. Hau entzutean, aproposa iruditzen zitzaidala esan nion, eta horrela egingo zuela adostu genuen.
Hurrengo egunean, semeak kontatu zidan tutoreak eurekin hitz egin zuela eta hortik aurrera Grupo de la Muerte ezizena ez zuela berriz erabiliko, eta norbait irainduta sentitu balitz, barkamena eskatzen ziola.
Hau guztia gertatu eta gero, gauza bera datorkit burura: irakaskuntzan beharrezkoa al da pertsonak horrela markatzea, seinalatzea eta etiketa ezkor horiek jartzea? Nola liteke guraso batek tutorearengana joan behar izatea jokabide hori zuzena ez dela azaltzeko? Zergatik ez zidan tutoreak jaramonik egiten eta, aldiz, bullying hitza aipatzean segituan erreakzionatu zuen? Eta bullying hitza aipatu ez banu, kasurik ez?
Ez al dira baliabide pedagogiko batzuk apur bat zaharkituak geratu?
Gogoeta sakona egiteko gaia da, bai gurasook bai irakasleek, gure seme-alabak etorkizuna baitira. Gaztetxoek heziketa hori jasotzen badute...