Estaturik gabeko nazioa

2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Nazio hitzari buruzko eztabaida behin eta berriz agertzen da estaturik gabeko nazioetan. Eztabaida absurdoa da, noski, duela urte asko definitua baitute nazioa pertsonen arteko komunitate natural gisa, zeinaren kontzientzia harrarazten baitio historia, kultura, hizkuntza eta lurralde komunak izateak. Normala da, halako kontzientzia bat existitzen denean, nazio horrek erakunde politiko propioz hornitzea bere burua eta, ondorioz, estatu bihurtzea. Kontua da hori beti ez dela posible; batik bat, erakunde horiek, hala Kataluniari nola Euskal Herriari gertatzen zaienez, beste nazio baten gogoaren mendeko badira. Hain zuzen ere, horixe da gizateriaren gatazkarik gehienen sustraia. Aspaldiko historia bat da, eta ez dirudi erremediorik daukanik. Mendeak joanagatik, gizakiok ezin ganditu dugu menderakuntza gogoa. Formetan datza alde bakarra. Orain, askoz ere atseginagoak eta zibilizatuagoak dira, baina baita askoz maltzurragoak eta makurragoak ere. Orain, ez dira Jainkoaren izenean menderatzen herriak; orain, demokraziaren izenean menderatzen dira. Askoz ere eraginkorragoa da, eta, gainera, ez dirudi hain absolutista.

Bi osagai bereizgarri ditu halako estrategiak: negazionismoa eta destaina. Alegia, herri menderatuaren historiaren negazionismoa eta haren nortasun ezaugarri direnekiko erdeinua. Hori abiaburu izanda, herri horrek esaten edo egiten duen guztia eldarnio nazionalista huts gisa hartuko da. Komunitate baten eldarniotzat, zeinak asmatu beharra baitauka herrialde bat, bandera bat, ereserki bat, kultura bat eta, are, izen bat, nazio baten existentziaren zurigarri, nahiz eta haren irudimeneko zerbait begitandu munduari. Horregatik dira hainbeste katalan eta euskal naziotasuna ukatzen duten espainolak. Txarrena, hala ere, ez da esaten duten faltsukeria mordo hori, baizik eta, juridikoki, arrazoi dutela hau esatean, Espainiako Kongresuko presidente Jose Bonok ere adierazi duenez: «Katalunia izan daiteke nazio bat harekiko halako sentimendu bat duenaren baitan; baina kontu bat da sentimendua, eta beste bat legea. Legea eskuetan, Katalunia ez da nazioa». Bonok ez dio, baina, haren kideek egiten dutela legea. Arrazoi horrexegatik dauka arrazoi. Izan ere, nahikoa izanagatik talde sentimendua nazio kontzientzia hartzeko, halako kontzientziaren aitorpen juridikoak egiaztatzen du benetan haren existentzia. Beraz, desadostasun bat baldin badago herri baten nazio kontzientziaren eta haren aitorpen juridikorik ezaren artean, osasungarriena izango da herri horrek oinarri batzuk ezartzea erabakitzea, sentimendu izateari utz diezaion eta nazio aitortu bat izan dadin. Ez du ezer txarrik sentimendu horrek, edozein naziok bai baitu, baina ez du askorik balio legean ispilatu ezean. Katalunia eta Euskal Herria antzeko prozesu batean daude, eta, horren arabera, behartuta daude katalantasun eta euskalduntasun emozionala alde batera uztera eta katalantasun eta euskalduntasun juridikoarekin ordeztera. Geltoki horretarantz ez doan edozein bide, berriz, bide itsua da. Baita federalista ere, zeina espainolismo moderatuaren amarru bat baino ez baita, estatu ereduaren balizko aldaketa bat egingo dutelakoarekin denbora irabaztearren eta guri arreta galaraztearren, nahiz eta egiaz bururatu ere ez zaien egin halakorik burutan ateratzea.

Horregatik, onartzea, Kataluniako Estatutuaren atarikoan esaten denez, «herritar katalan batzuek nazio gisa sentitzen dute Katalunia», ergelkeria bat ez ezik, amore emate historiko bat ere bada. Ergelkeria, nazio nagi batek baino ez dezakeelako defini bere burua emozio gisa. Eta amore ematea, ez dakarrelako inolako aurrerabiderik ikuspegi juridikotik. Espainiak darabiltzan arrazoietako bat da, esate baterako, katalan guztiek ez dutela uste Katalunia nazio bat denik. Egia. Baina, orduan, zergatik ez darabilte irizpide berbera Espainiako Konstituzioan? Azken batean, Katalunia eta Euskal Herria Espainia «baldin badira», agerikoa da zenbait «espainolek» ez dutela uste Espainia nazio bat denik. Bere burua halakotzat daukan nazio baten aburuz, estatutua ez da sekula helburu bat berez. Estatutu bat beti da konstituzio biren arteko trantsizioa, menderatua izan aurretik nazio horrek zuenaren eta lehengo subiranotasuna eskuratzean berriro izango duenaren artekoa.

Bada beste amarru bat ere: historia. Horixe darabil Espainiak, behin eta berriro, eztabaida sorturik beste alderdia bakarrik higatzen baita. Espainiak bere estatu izaera du berme propio; Katalunia eta Euskal Herria, berriz, behartuta daude beren iraganean bilatzera frogak. Nolabait, badirudi gizaki baten askatasun eskubidea haren zuhaitz genealogikoaren mende dagoela. Ez da gomendagarria eremu horretan sartzea, ez bada hainbat egoera akademiko pasiorik gabekotan; halako eztabaida batek, desberdinen artekoa izaki —estatu bat eta estaturik gabeko nazio bat aurrez aurre—, indarrak alferrik galtzea baitakarkio alderdirik ahulenari, eta ez baitarama inora ere.

Kataluniak eta Euskal Herriak ez dute zertan frogatu beren naziotasuna, nazio baitira. Eta egia hori ez da bakarrik haien iraganean oinarritzen, baizik eta haien izateko gogo irmoan. Alegia, hau esan nahi dut: herrialde horiek biak sekula estatu izan ez balira ere —estatuak bere garaian ziren modukoak—, Nafarroako Estatua —esate baterako— existitu izan ez balitz ere, eta euskal herriak —munduko zaharrenetariko bat izan ordez— ehun urteko historia bakarrik izan balu ere, autogobernurako haien gogoa nahikoa izango litzateke beste edozein herrik ezin kontra egin izateko haien autodeterminazioari. Izan ere, gauza berbera gertatzen da nazioekin eta pertsonekin: ez die jatorriak ematen beren kabuz erabakitzeko eskubidea, baizik eta beren existentzia hutsak.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.