Gerrarik Ez plataforma

Estatuaren Aurrekontu Orokorra gardentasunik gabea: engainua eta gezurra

Jose Angel Murua Ruiz de Gauna eta Teo Llorens
2023ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Urtearen amaiera iristean, Espainiako Gobernuak Estatuaren Aurrekontu Orokorra aurkeztu behar du Gorteetan, horiek onartzeko edo aurrekontuak luzatzeko.

Aurrekontuak diru-sarrerak eta gastuak nolakoak izango diren definitzen duenez, gardena eta ulergarria izan behar du. Gainera, baliagarria izan behar du herritarrek jakin dezaten zein diren gobernuak ezartzen dituen gastu-lehentasunak, ez baitago nahikoa diru ministerio guztien beharrak asetzeko. Hori jakin ezean, herritarrek ezin dute beren adostasuna ala desadostasuna adierazi. Aurtengo, 2023ko, aurrekontua aztertuta, agerikoa da ez dela gardena eta ez argia; eta, beraz, eskatzen duguna da datorren urtean alderdiek har dezatela tranpak ezabatzeko konpromisoa eta argi eta garbi erakuts dezatela arlo militarrera bideratutako aurrekontua.

Gobernuaren baieztapenen arabera, 2023rako defentsa-aurrekontua 12.827 milioi eurokoa izan da, eta %26ko igoera izan du aurreko urtearekin alderatuta; zeinak ere igoera handia izan zuen aurreko urtearekin alderatuta. Igoera izugarria da, batez ere, Osasungintzan izandako igoerarekin konparatzen badugu (%6,5 soilik igo da), Gizarte Eskubideetan izandakoarekin (%17,4), Gizarte Segurantzan izandakoarekin (%13) eta Kulturan izandakoarekin (%16). Defentsa Ministerioaren aurrekontua itzela da, eta igoera izugarria.

Baina datu hori, oraindik ere, eskandalagarriagoa da Centre Delas Gizarte Ikasketen Zentroak (urtero defentsa-aurrekontuen jarraipena egiten du) baieztatzen duena kontuan hartzen badugu: gobernuak aurrekontua egiterako orduan diru-partida asko ezkutatzen ditu beste ministerio batzuetan. NATOk defentsa-partidak esleitzeko ematen dituen jarraibideei ere ez die jarraitzen. Centre Delasek azaldu duenez, NATOk zabaldutako irizpide horri jarraiki, gastua bikoiztu egiten da 26.616 milioi eurora iritsita (BPGren 2,17 milioi), eta NATOk eskatzen duen %2tik gora legoke. Pedro Sanchezek sei urte lehenago bete du 2029rako hartutako konpromisoa.

Iruzur iraunkor bat da, eta, are mingarriagoa da jendartean azaltzeko, gobernu honek bere burua agertzen baitu historiako aurrerakoienaren itxuran. Baina are larriagoa da. Ezkutatzetik gezurrera igarotzen dira. Aurrekontu-aldaketen jarraipena egitean, agerian geratzen da «kontingentzia-funtsak» iruzurrez erabiltzen direla gastu militarra ezkutatzeko. Egiazki, urtero, gobernu guztiek funts horien zati bat bideratu dute (funts horiek ezustekoetarako helburua dute: hondamendi naturalak eta abar, baita aurrekontu-doikuntza txikiak ere) nahita eta behar beste zehaztu gabe aurrekontuan sartutako gastuak osatzeko (adibidez, kanpoko misioen gastuak) edo zuzenean aurreikusitako baina kontabilizatu gabeko gastuak baimentzeko.

J. Carlos Roigek eta gastu militarrari buruzko ikerketa-taldeak agerian utzi dutenez, urriaren 10erako 22.360 milioi euroko agindua emana zen aparteko gastu militarraren eta hainbat urtetan ordaindu beharreko kreditu-konpromisoen artean, eta, alegia, horiek aurrekontuetan jaso gabe zeuden. Beraz, J. Carlos Roigek urtearen hasieran egindako kalkulua motz gera daiteke. Roigek benetako aurrekontua 48.800 milioi eurokoa izan daitekeela aurreikusi zuen, eta hori gaindituko da. Urte amaieran, litekeen egoera da Defentsa Ministerioarentzat egindako gastuaren totala aurreikusitakoa baino lau aldiz handiagoa izatea.

Aurrekontuak eratzeko eta aurrekontu-aldaketak egiteko modu hori, Estatuko Aurrekontu Orokorretan nagusi izan behar duten gardentasunaren, argitasunaren eta ulergarritasunaren printzipioen aurkakoa da. Gorteetan ordezkaritza duten alderdi politikoek ezin dute onartu gobernuak errealitatera egokitzen ez diren aurrekontuak aurkeztea, benetako gastu militarra ezagutzea zailtzen dutenak, harik eta ezinezkoa izan arte. Gastu militarra NATOn erabiltzen diren irizpide berberei jarraituz aurkezteko konpromisoa hartu behar dute, gutxienez. Egokiena «kontabilitate-ingeniaritza» ez ahalbidetzea da, herritarrei benetako gastu militarra ezin ezkutatzeko.

Herritarrok gastu militarraren guztizko kopurua ezagutzeko eskubidea dugu; gastu militarra egokia den edo oso handia den baloratu ahal izateko, populazioaren bizi-baldintzak benetan hobetzen dituzten beste gastuekin alderatuz.

Alderdi politikoei bi gauza eskatzen dizkiegu: lehenik eta behin, herritarrei benetako gastu militarraren berri eman diezagutela, eta, bigarrenik, herrialde baten defentsa bere gaitasun militarrean eta arma-industrian soilik oinarritzen dela dion falaziari aurre egitea. Hau da, arlo militarrerako egiten duten diru-eralgiketaren ordez, funtsak zuzendu ditzatela gizarte-gastuak handitzeko eta nazioarteko gatazkei aurre-hartzeko, hau da, gatazkak gerrara jo gabe kudeatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.