Estatu (totalitario) baten azken notak

2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abesti ezagunarekin oroitu naiz, berriro, aurtengo urrian. Abestiak baduelako batetik tristezia eta goibel ukitu nabarmen bat, baina, era berean, baita indar eta energia dosi handia ere. Horrexegatik, Katalunian aurtengo urrian (beste behin) gertatu denaren soinu banda izan daitekeela iruditzen zait...

Oso larriak eta gogorrak baitira Espainiako estatuak Katalunian erakutsi duen jarrera zein egin dituen gehiegikeriak. Edozein beldurtzeko modukoa eta muga denak gainditzen dituena, batzuk jada holako gauzetara ohitu direla edo estatuaren erantzuna justifikatu nahi dutela ematen duen arren. Eta izugarri asaldatzen nau azken horrek. Inolaz ere ezin baita normaltzat hartu espainiako indar desberdinek (polizialak, judizialak...) egindakoa.

Hasteko, urte luzetan zehar estatuak hainbestetan errepikatutako gezurra ebidentzian geratu da. Hamaika aldiz esaten zuten indarkeriarik gabe denari buruz hitz egin eta erabaki ahalko zela... Errealitateak justu alderantzizkoa erakutsi du: Espainiaren baitan, iritzia eman eta erabaki nahi izateagatik ordaindu beharreko prezioa errepresioa, kartzela edota exilioa direla, hain zuzen. Eskozian edo Quebecen normaltasunez, errespetuz, posible dena, hots, galdeketa bat antolatzea eta herritarrek erabakitzea, Espainian delitu larria, arazo nazionala, da...

Zergatik ordea? Zer dela-etahainbesterainoko beldurra oinarrizko eskubide demokratiko bati? Azken hilabeteotan asko aipatu da komunikabideetan diktadorearen hezurren lekualdatzea. Baina, pertsonalki ez zait iruditzen gakoa iraganeko hezurren lurperatze lekua denik, baizik eta iragan frankistaren ADNak Espainiako estatuan eta agintean indartsu jarraitzen duela. Hezurrak tokiz mugituta ez da ezertan aurrera egiten, praktikan diktadorearen ondorengoek jarraitzen badute gobernuan, justizia egituretan, polizia-etxeetan edota enpresa nagusietan.

Izan ere, arazoa ez da Katalunia, ezta antolatu zuten erreferenduma ere. Arazoa ez da Puigdemont, ezta Junqueras ere, ezta ANC, Omnium, CDRak edota Tsunamia ere... Kataluniar herriak egin duen delitu bakarra bere etorkizunari buruz modu baketsuan eta demokratikoan erabaki nahi izatea izan da. Benetan arazoa duena Espainiako estatua da, bertako demokrazia gabezia eta iraganarekin eten ezina. Estatutik guztioi bidaltzen zaigun mezua argia da: kontuz estatu interesak ikutzen dituenarekin, horren ondorioak latzak izango baitira...

Beste aldean, Kataluniako gizarteak argi erakutsi du alderdi politikoen gainetik eta aurretik dagoela, alderdiei ere mezu garbia helaraziz: herriaren interesak alderdienaren gainetik jartzeko garaia dela. Bere etorkizuna erabaki nahi duen herri bat dagoela, eta horretarako eseri eta hitz egin behar dela. Zein izan da horren aurrean estatuaren erantzuna, eskaintza? Poliziaren indarkeria basatia manifestari baketsuen aurka, epaiketa politikoak, kartzela zigorrak, exilioa, 155 artikulua...

Baina horixe da Espainiako estatua, non bere burua ezkerrekotzat duen alderdi bateko buruak ere egoera horren aurrean erreferendumak debekatzea planteatzen duen konponbide gisa... Horixe da errealitatea. Eta espainiako estatua ez da aldatuko: banderak, nortasun agiriak eta hizkuntzak inposatzen dituen estatu bat, militarren desfileak indar erakusle gisa dituena, printzipio demokratikoak urratzen dituena, eta horretaz harro agertzen dena, gainera...

Eurei agian indar, sendotasun erakusle iruditzen zaie hori guztia. Baina errealitatean, ahultasun sakon baten zantzuak besterik ez dira. Oinarri sendorik eta etorkizun jasangarririk ez duen estatu baten isla. Demokratatzat hartzea kosta egiten dena, edozein arazoren aurrean erakusten duen jarrera totalitarioa, autoritarioa, medio. Gatazka politikoak konpontzeko poliziaren indarkeriaz eta epaitegi partzialez gain beste errezetarik ez duena. Indarkeria hori dena, azken finean, estatu (totalitario) baten azken noten erakusle da. Mina ematen duten notak, burrunba askokoak, agian horrexegatik, baina azken notak...

Hori bai, Mikel Laboaren lagun Lluis Llach-ek oraindik abesten duen bezala, denok tiraz soilik eroriko da estatu totalitario hori. Ezin gara Kataluniara begiratzera soilik mugatu. Euskal Herrian ere gure etorkizuna erabakitzeko prozesuak martxan jartzeko eta mugitzeko ordua da. Herritarron ordua, eta baita alderdiek behingoz konpromisoak hartu eta euren hitza betetzekoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.